Euskara Denontzat plataforma aurkeztu dute Bilbon, eta euskararen aldeko hizkuntza politika aldatzeko eskatu dute. Plataformako kideen hitzetan, «gehiegizkoa» da euskararen ezagutza mailaren eskakizuna, eta oztopo bat da administrazio publikoan lanpostuak lortzeko orduan; haien iritziz, horrek hizkuntzaren arbuioa eragiten du biztanleriaren zati batean.
Fabien Laespada da plataformako bozeramailea, eta Joseba Erkizia HABEko zuzendari ohiak eta Lourdes Oñederra euskaltzainak ere parte hartu dute aurkezpenean. Plataformaren arabera, hizkuntzaeskakizunak eremu bakoitzeko errealitate soziolinguistikora egokitzea beharrezkoa da. Laespadaren hitzetan, ezin dira eskakizun berberak izan Azpeitian bezala biztanleria osoak egunerokoan euskara erabiltzen duen herri batean, Gasteizko osasun etxe batean edota Karrantzan bezala euskara herritarren %2k hitz egiten duen herri batean.
Era berean, soilik ahozkoa den hizkuntza eskakizuna sortzeko ere eskatu dute, zenbait lanbidetarako egokituagoa delakoan. Polizia edo autobus gidariak eman dituzte adibide gisa. Laespadaren hitzetan, C1 eskakizuna «euskarazko tesi baten 300 orri idazteko» da beharrezkoa, eta gehiegizkoa iruditzen zaio herritarrei hizkuntza maila hori lortzeko eskatzen zaien ahalegina. Euskara ikastea doakoa izatea eta langileentzat liberazio gehiago izatea eskatu dute. Sinadura bilketa bat abiatzeko asmoa erakutsi dute, Eusko Legebiltzarrean HEL herri ekinbide legegile bat bultzatzeko.