Euskara eskakizuna udaltzain berrien erdiei soilik ezarriko die Getxok

EAJk, PSEk eta PPk adostu dute hamar udaltzain kontratatzea, eta udalak soilik bosti ezarriko die euskara eskakizuna, EAEko Auzitegi Nagusiaren jurisprudentziara egokitzeko.

Bi udaltzain kalean, Lekeition. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Bi udaltzain kalean, Lekeition. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 23a
12:20
Entzun

Getxoko Udalaren aurrekontuak onartzeko ituna adostu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk, eta horri lotuta hitzartu dute hamar udaltzain lanpostu sortzea. Udalak erabaki du, ordea, soilik bosti ezarriko diela euskara eskakizuna. EAEko Auzitegi Nagusiak joan den irailean emandako ebazpena aintzat hartuta erabaki du hala, ebatzi baitzuen udaltzain guztiek ez dutela derrigorrez euskaraz jakin behar. El Correo egunkariak zabaldu du berria.

Albistearen arabera, hamar udaltzain berrietatik soilik bostek egiaztatu beharko dute euskarazko B2 maila; haatik, denek jakin beharko dute gazteleraz. Epaitegietan euskararen aurka hasitako oldarraldiaren beste ondorio bat da erabaki hori, EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi baitzuen «neurrigabea» dela postu guztietarako euskara maila jakin bat eskatzea. Bada, irizpide aldaketak mugarri bat ezarri du udaltzainen kontratazio politikan, Getxok Udalaren erabakiak erakusten duenez.

Albistea zabaldu duen egunkariak jasotako adierazpenen arabera, Inaxio Uriarte Getxoko Udaleko Langileria eta Antolaketa zinegotziak esan du udaleko «euskara zerbitzuek» hartu dutela irizpidea aldatzeko erabakia, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailaren oniritzia daukala. Uriarteren hitzetan, Jaurlaritzak ontzat jo du euskara eskakizuna lanpostu berrien erdiei soilik ezartzea. «Jurisprudentzia aldatu egin da, eta errespetatu egin behar da».

Berriaren arabera, halaber, Amaia Agirre Getxoko alkateak ere erabakia babestu du, herriaren «errealitate» linguistikoari erantzuten diolakoan: «Herritar guztiek euskaraz hitz egitea desio bat izan daiteke, baina errealitatea oso bestelakoa da; epai asko daude, eta dena kontuan hartu behar da». EH Bilduk, aldiz, gogor kritikatu du erabakia, eta euskararen normalizaziorako «atzerapausoa» dela ohartarazi du.

EH Bilduren salaketa

Euskararen biziberritzearen aldeko neurriak eragozte aldera urteotan ebatzi diren epaiak hizpide izan ditu gaur Espainiako Kongresuan EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak. Epaileek hizkuntza eskakizunek euskararik ez dakitenenen «diskriminazioa» dakartela ebazten dutenean erabiltzen duten argudioa «berdintasunarena» dela gogoratu du, baina «desberdintasun egoera bat betikotzea» bilatzen dutela modu horretan, euskaldunen hizkuntza eskubideen kaltetan.

Jurisprudentzia horrek guztiak arloan ezarrita dauden nazioarteko araudiak urratu egiten dituela esan du Aizpuruak. Gogora ekarri du, esaterako, berriki Europako Kontseiluak arloan ikusten dituen urraketez ohartarazteko asmoz plazaratu berri duen txostena. Besteak beste, Estatuari eskatu dio neurriak har ditzala epaiketak euskaraz egin ahal izateko.

Bost urtean behin egiten duen balorazioa da Europako Kontseiluaren hori. Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzen ditu; besteak beste, Nafarroako zonifikazioa bertan behera uzteko ere eskatu du, eta euskara sustatzeko beste hainbat neurri hartzeko.

«Arazoa benetako da, eta zure betebeharra, zure gobernuarena, herritar guztien hizkuntza eskubideak ziurtatzea da», gogora ekarri dio Aizpuruak gaur egin duen agerraldian Espainiako Justizia ministro Felix Bolañosi. Justiziaren arlora begira Europako Kontseilua egindako ohartarazpenek aparteko oihartzuna izan dute, eta zinetan zaila da eremu horretan euskaraz aritzea. Datuak horren erakusgarri dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere, hizkuntza politikak aurreratuen dauden eremu geografikoan: justizian administrazioan, adibidez, %45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak. Epaile, fiskal eta letraduek, berriz, ez dute inolako hizkuntza eskakizunik, eta horien artean oso apala da ezagutza.

Bolaños ministroak hitza hartu du Aizpuruari erantzuteko: justizia administrazioak hizkuntza ofizialak «babesten» dituela esan du, eta «eleaniztasunerako» bidean ari direla urratsak egiten. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, bere aldetik, berriki jakinarazi du bi hilabetean prest izango duela epaiketak euskaraz egiten hasteko plan pilotu bat. Auzitegiko presidente Iñaki Subijanak 2021ean aurreratu zuen plan hori abiarazteko asmoa, kargua hartu berritan. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.