Euskara «eremu ez-formaletan» sustatzeko eskatu dute erakundeek

Jaurlaritzak, diputazioek, hiriburuetako udalek, Eudelek eta Uemak adierazpen instituzional bat adostu dute Euskararen Egunaren harira

Adierazpen instituzionala irakurri zuten, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Euskara lanabes, aro berrirantz. Erabilera eremu berri eta ez-formaletan ere, euskarak arnasa berri. Hori da aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunari begira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek egindako adierazpenaren izenburua. Bihar ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta, egun horren harira, adierazpen instituzional bat irakurri zuten atzo, Gasteizko Oihaneder kulturgunean. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietakoek; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletakoek; eta Eudeleko eta Uemakoek irakurri zuten testua. Aldarrikatu zuten «eremu ez-formaletan» ere euskarak lekua irabazi behar duela: «Hizkuntzaren erabilera formalarekin batera, eremu ez-formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gozatu behar du euskaraz bizitzeko aukera».

Bestalde, pandemiaren inguruko gogoeta egin zuten adierazpenaren irakurketan: «Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugu errealitate hori». Uste dute hori dela pandemiaren osteko «aro berriaren» ezaugarrietako bat, eta erakundeek nabarmendu zuten euskarak «dagokion tokia» hartu behar duela: «Eraginkorki. Tinko». Are, euskara lortzen ari dena goraipatu zuten; izan ere, zaila da «hizkuntza ozeano erraldoian» horrelakorik lortzea.

Gainera, garrantzitsutzat jo zuten gazteen artean euskara sustatzea. Adierazi zutenez, «euskararen bizi indarra jokoan» dago. Gazteak aritzen diren esparruetan euskara sustatu eta indartu behar dela nabarmendu dute: federazioetan, klubetan, elkarteetan eta beste hainbat eremutan. «Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera; eguneroko harremanetan». Halere, ez bakarrik gazteena, erantzukizuna euskal gizarte guztiarena ere badela gaineratu dute. «Euskara prest dugu, gure gizartea gogotsu, gure herria erabaki bat hartuta: abia gaitezen!», amaitu dute irakurketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.