Euskara eremu digitalean sustatzeko bide orria aurkeztu du Jaurlaritzak

Euskararen Aholku Batzordeak ondu du 2021-2024 aldirako plana. Lau lan lerro estrategiko, hamar gomendio eta 24 ekintza jaso dituzte agirian

Bingen Zupiria, Maite Goñi eta bide orriaren gainerako sustatzaileak, atzo, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Hedabide digitaletan, sare sozialetan, sakelakorako aplikazioetan eta bestelako euskarrietan euskararen erabilera sustatzeko xedez, hiru urterako bide orria prest du Eusko Jaurlaritzak. Euskararen Aholku Batzordeak ondu du Euskararen Ingurune Digitala: gomendioak 2021-2024 izeneko txostena, eta, bertan, lau ildo estrategiko, hamar gomendio eta 24 ekintza proposamen bildu dituzte, hainbat adituren, erakunderen eta elkarteren laguntzarekin.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde bereziko buru Maite Goñik aurkeztu zuten agiria, atzo, Donostiako San Telmo museoan.

Aurkezpenean azaldu zutenez, lan lerro estrategikoetako bat izanen da «euskarazko eduki digitalak sustatzea», eta, horren barruan, «aisialdirako ikus-entzunezkoak, arlo akademikorako eduki digitalak eta euskarazko hedabide digitalak» bultzatuko dituzte, besteak beste.

Bigarren ardatza izanen da «euskarazko tresna, aplikazio eta baliabide digitalak sustatzea»; helburu horrekin, euskarazko hizkuntza teknologien eta sakelakoetarako euskarazko aplikazioen garapena sustatuko dute. Euskararen presentzia bermatu nahi dute «erabilera handiko plataformetan» ere.

Hirugarren lan ildoa izanen da «euskarari eta euskarazko baliabideei ikusgaitasuna ematea»; besteak beste, «informazio eta komunikazio teknologiak euskaraz eginez» eta «euskarazko baliabide digitalen zabalkundea bermatuz».

Azkenik, «zaintza teknologikoa» ziurtatu nahi du Jaurlaritzak, euskararen kontsumoari buruzko datuak aztertuz. Bestelako helburuen artean, egitasmoko arduradunek hauek nabarmendu dituzte: Wikipedia eta Txikipedia sustatzea, Hizkuntza Teknologien Plana idaztea eta Interneteko enpresa handiekin «etengabeko harremana bermatzea».

EHHE hiztegia, sarean

Gainera, Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa lanaren bigarren bertsioa aurkeztu zuen atzo. Hitzen sorrera aztertzen eta azaltzen duen hiztegia da. 2019an paperean argitaratu zuen akademiak, eta orain sarean jarri dute, web bidez kontsultatu ahal izateko. Hiztegiaren zuzendari Joseba Lakarrak azaldu zuenez, «asko izan dira testuan bertan eginiko aldaketak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.