Euskara erabiltzeko aukera egongo da Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordean

Batzordeak baimena eman du aurrerantzean euskara, katalana eta galiziera erabiltzeko osoko bilkuretan. Espainiako Gobernuak ontzat jo du erabakia.

Europako Parlamentua, artxiboko irudi batean. RONALD WITTEK / EFE
Europako Parlamentua, artxiboko irudi batean. RONALD WITTEK / EFE
gotzon hermosilla
2025eko otsailaren 26a
11:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurrerantzean, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeko kideek aukera izango dute euskara, katalana eta galiziera erabiltzeko osoko bilkuretan. Batzordeak atea ireki dio aukera horri, eta Espainiako Gobernuak ontzat jo du erabakia, uste baitu «lehentasuna» dela Europako Batasunean euskararen, katalanaren eta galizieraren erabilera sustatzea.

Kontsultarako erakundea da Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordea, eta haren egitekoa da aholkua ematea Europako Batzordeari, Europako Batasunaren Kontseiluari eta Europako Parlamentuari, ekonomia eta gizarte arloko auzietan. 329 ordezkari ditu, eta sindikatu eta langile erakundeetako kideak, enpresaburuak eta gizarte elkarteetako kideak biltzen ditu. Estatu bakoitzeko gobernuak aukeratzen ditu ordezkariak; hortaz, Euskal Herriko eragileek oso ordezkaritza murritza dute han, baina, esaterako, gaur egun ELA sindikatuak badu ordezkari bat batzorde horretan.

Espainiako Gobernuaren Atzerri Ministerioak «pozik» hartu du albistea, eta erantsi «hizkuntza koofizialak Europako batasunean sustatzea gobernuaren lehentasuna» dela. Haren iritziz, erabakia lagungarria izango da «Europako erakundeak herritarrengana gerturatzeko».

Eskabidea Europari

Espainiako Kongresuko presidente hautatzeko negoziazioen ingurumarian, Espainiako Gobernuak akordioa egin zuen Junts Per Catalunyarekin, euskara, galiziera eta katalana Europako erakundeetara eramateko. Horren ondorioz, Europako Batasunaren Kontseiluari eskabidea egin zion hiru hizkuntzak Europako hizkuntz arautegian sartzeko; Europako Parlamentuari, berriz, osoko bilkuretan hiru hizkuntzak erabiltzeko aukera onar dezala galdegin dio. Oraingoz, bi erakunde horiek ez diote oniritzirik eman eskaerari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.