Euskarak Gasteizko erdigunea hartu du gaur; zentzu «metaforiko eta praktikoan», Nefer Olaizola Geu elkarteko kidearen hitzetan. Gasteiz, euskararen hiria ekitaldia egiten ari dira 10:00etatik, eta, hamabi orduz, Andre Maria Zuriaren plaza arnasgune izango da.
Olaizolak esan du euskarak plazak eta kaleak hartzea dela egunaren helburuetako bat. Kontatu du Arabako hiriburuan gero eta jende gehiagok dakiela euskaraz azken urteetan, eta herritarren ia heren batek hizkuntza menderatzen duela, baina erabili gutxiago erabiltzen dela. Azken kale neurketen arabera, %5 ingurukoa da euskararen erabilera etxetik kanpo. Hala, euskaraz hitz egiteko espazio bat eratu dute hiriaren bihotzean, adin, gustu eta trebezia guztietarako modukoa.
«Aniztasuna» ere aipatu du Olaizolak. Euskaldun mota «asko» dagoela esan du, eta gaurko eguna baliatu nahi dutela estereotipo askotarikoak ikusarazteko. Hala, goizean haurrei eta familiei bideratutako ekintzak izan dira: Tor eta Txoborro magoen ikuskizuna, eskulanak eta jolasak Kimuak elkartearen eskutik, herri kirolak probatzeko aukera Badaiotz sokatira taldearekin, zumba, bertsoak... Arratsaldean, berriz, helduagoetan jarri dute arreta. Patata minak antzezlana izango da, jolasak, bakarrizketak, Pasadena eta Annekdotas taldeen kontzertuak... Eguerdi partean, eguraldia lagun, bete egin da Andre Maria Zuriaren plazan kokatutako karpa, eta Plaza Berrian ilarak izan dira herri kirolak probatzeko.
«Euskara eragile nahikotxo gaude, eta gasteiztarrei erakutsi nahi diegu zenbat garen eta zer lan egiten dugun»
NEFER OLAIZOLAGeu euskara elkarteko kidea
Lopez Oraa familia izan da zain egon behar izan dutenetako bat. Kontatu dute etxean ez dutela euskaraz hitz egiteko aukera askorik, baina, aitonaren bikotekideak bultzatuta, egitasmoan parte hartzera animatu dira, familiako hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Saez Bera familiarentzat, berriz, «beharrezkoak» dira halako ekintzak. «Salburuan, adibidez, geroz eta gehiago entzuten da euskara. Baina beti da lagungarri euskaraz hitz egiteko eremuak eta erraztasunak izatea», esan du Asier Saezek. Kontatu dute etxean euskaraz hitz egiten dutela baina kalean zailagoa suertatzen zaiela.
Euskararen artxipelagoa
Udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordiotik ernaldutako ideia da gaurkoa. Geu Gasteiz Euskalduna elkarteak hartu du antolatzeko ardura, baina alboan izan dituzte hiriko beste hainbat euskara eragile: Bai Euskarari, Alea, AEK, IKA, Hegoalde euskaltegia... Eta gaur are gehiago batu dira: Arabako Sagardoa, Garogart, Arabako Taloak... «Gasteiz, euskararen hiria egitasmoak erakusleiho moduko bat ere izan nahi du. Euskara eragile nahikotxo gaude, eta gasteiztarrei erakutsi nahi diegu zenbat garen eta zer lan egiten dugun», azaldu du Olaizolak. Hainbat postu eta panel jarri dituzte horretarako. Egitasmoaren aurkezpenean esan zuten «ospatzeko» eta «egunez egun hizkuntza honen erabilera sustatzen, indartzen eta hauspotzen dutenei eskerrak emateko eguna» izango zela gaurkoa.
Bide batez, euskaltzaleen sarea ere indartu nahi dute. «Artxipelago moduko bat gara, irla txiki asko dituena. Batera aritu gara gaurko eguna antolatzen, eta ea jarraipena emateko aukera dugun», opa du.