Espetxeetarako Eusko Jaurlaritzaren aholkularia

Jaime Tapia: «Euskara birgizarteratzeko beste erreminta bat izan daiteke»

Tapiak dio kartzeletan euskara ikasketak egiteko aukera preso guztientzat izango dela, eta azterketa ofizialak egiteko modua ere izango dute.

Jaime Tapia
ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Presoei euskara irakasten aritzen ziren irakasle boluntarioek eskaera historiko bat lortu dute: apiriletik, euskara ikasketak ofizialak dira Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeetan, eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen esku daude. Jaime Tapia espetxe gaietarako Eusko Jaurlaritzaren aholkulariak (Bilbo, 1965) azaldu du hilabete batzuk hartuko dituztela beharrak aztertzeko, eta datorren ikasturterako eskaintza finduko dutela.

Orain arte, irakasle talde boluntario bat aritzen zen presoei euskara eskolak ematen; orain, administrazio publikoaren esku geratuko da. Nola egingo duzue?

Hasieran, irakasle boluntario batzuek parte hartzen zuten euskararen irakaskuntzan. Horri gehitu behar zaio Hezkuntza Sailak ere zenbait ikastaro ematen zituela, baina maila baxuagoetan. Goragoko mailei dagokienez, eskuduntza jaso bezain pronto irakasle boluntario horiek proposatu ziguten beraiek parte hartzea euskararen irakaskuntzan, eta pentsatzen genuen trantsizio moduan-edo hala egin zezaketela. Gero, Hezkuntza Sailarekin eta HABEko arduradunekin hitz egin genuen, eta, azkenean, HABEk onartu du euskararen irakaskuntza espetxeetan.

Nolakoa izango da ikasketa prozesua? Zer baldintzatan emango dituzte eskolak?

Apirilean hasi ginen, baina datorren ikasturterako aztertu egin beharko dugu hiru edo lau hilabete hauetan zer gertatzen den: zer arazo dauden, zer mailatako ikasleak egon diren... Ea zer-nolako eskaera dagoen askatasunaz gabetutako pertsonen artean, eta eskaera horien arabera erabakiko dugu zer maila eskainiko diren. Ziur aski, datorren ikasturterako hobeto prestatuko dugu; orain, pixka bat presaka hasi gara, baina hasi gara, apirilaren 8an. HABEk lizitazio bat egin du hiru lurraldeetan, eta euskaltegietako zenbait irakasle joaten dira espetxeetara euskara irakastera. Normalean, eskolak arratsaldez ematen dira, eta uste dut ikastaro gehienak bi ordukoak direla, astean bi aldiz.

Maila guztietako ikasleentzat emango dituzue eskolak?

Gu, printzipioz, eskaera batekin hasi gara. Kontuan hartzekoa da espetxeetako populazioa oso berezia dela. Ez da zu eta ni euskaltegi batera joango bagina bezala; azkenean, populazioa aldatu egiten da, baimenak dituzte, hirugarren graduak lortzen dituzte, lekualdatzeak daude... Oso berezia da, ze, azkenean, ez zara egoera arrunt batean bizi. Baina, adibidez, Zaballan uste dut maila guztiak daudela. Aztertuko dugu datorren ikasturterako zer gertatuko den.

Azterketetara-eta aurkezteko aukerarik izango dute?

Bai, hori da beste onuretako bat: HABEk bere azterketak egingo ditu, eta aukera izango dute titulu bat edo ziurtagiri bat lortzeko. HABEk azterketak egingo ditu espetxe bakoitzean, bere teknikariekin edo euskaltegietako irakasleekin, beste edozein ikasle izango balira bezala. Guk, kasu hauetan, ez dugu preso bati buruz hitz egiten, baizik eta ikasle bati buruz.

Zer ezaugarri dituzten ikasleak daude izena emanda?

Eskaintza pertsona guztientzat da; euskara ikasi nahi duenak aukera dauka ikasteko, ez dago inolako bereizketarik. Bazirudien eskaera bat bazegoela presoen artean, eta beste zerbitzu bat eskaintzen ari gara. Nik ez dakit zehatz-mehatz zein diren ikasleen profilak, baina denetarik egongo da; azkenean, denentzat da. Egongo dira pertsonak hemen bizi direnak eta gehiago hitz egiten dakitenak; beste batzuek, agian, gutxiago. Gure asmoa da denentzat izatea, inolako bereizketarik gabe.

Zer ematen die presoei kartzelan euskara ikasi ahal izateak?

Euskal Autonomia Erkidegoan gaude, euskara hizkuntza koofiziala da, eta uste dut birgizarteratzeko beste erreminta bat izan daitekeela. Gu gizarte elebidun batean bizi gara, eta, hortik abiatuta, pertsona batek pentsa dezake benetan mesedegarria izan daitekeela bere birgizarteratzeko prozesuan, eta, dudarik gabe, balio dezake lan bat aurkitzeko edo bere bizitzan hobeto murgiltzeko auzokideekin edo beste herritarrekin. Ziur aski, birgizarteratzeko prozesu hori sakonagoa izan daiteke, bereziki zure bizitokia eremu euskaldunean baldin badago.

2021eko urrian geratu zen Eusko Jaurlaritzaren esku espetxeetako eskumena. Zergatik ez duzue orain arte egin euskara eskolak zuek emateko urratsa?

Eskuduntza hau onartu genuenean, gure lehentasunak ikusten genituen. Hezkuntzarekin harremanetan egon ginen, gero HABErekin, baina gauzak poliki-poliki egiten dira. Nik behin aipatu nuen eskuduntza hau oso zaila zela; guk jaso genuen oinordetza ez zen onena, eta gauzak martxan jartzen ari gara, poliki-poliki. Agian onena izango litzateke lehen edo bigarren urtean egitea, baina bueno... Ez nuke esango euskara ez zela lehentasuna, baina beste jarduera batzuk martxan jarri ditugu; nik beti ikusten ditut gauzak modu baikorrean: azkenean, eskuduntza lortu ez balitz, inork inoiz ez lituzke euskara ikastaroak martxan jarriko; orain, bai. Norbaitek pentsa dezake: «Asko atzeratu da». Baina, aldi berean, eskuduntza lortu izan ez balitz, igual inoiz ez zen egingo. Beste pertsona batek pentsa dezake: «Zergatik eskuduntza baino lehen Espainiako Gobernuak-edo ez zuen halakorik egin?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.