Euskara, berriz ere ahari-buru parlamentuan

Kontuak eskatu dizkiote oposizioko alderdiek Nafarroako Gobernuari, mendialdeko euskara zerbitzuek ikasleei eginiko inkesta baten harira

PSNko Maria Txibite legebiltzarrean, entzungailuak jarrita, euskarazko hitzaldiak ulertu ahal izateko. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2015eko abenduaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako hauteskundeetarako bederatzi egun eskasera, euskara arma politiko gisa erabili dute berriz ere Nafarroako oposizioko alderdiek. Aitzakia: mendialdeko euskara zerbitzuek gazteen artean eginiko ikerketa soziolinguistikoa. «12 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean euskarak duen egoera aztertzea eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreei buruzko diagnostikoa egitea» da ikerketa horren helburua, baina PSNk eta UPNk «arbuiagarritzat» jo dute egitasmoa, eta kontuak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari. Zehazki, PSNren talde parlamentarioak proposamena aurkeztu du legebiltzarrean, «gobernuak ikerketa zorrotza egin, erantzukizunak identifikatu eta neurriak proposatu ditzan».

Polemikaren oinarrian, egiazki, Diario de Navarra egunkariak atzo argitaratutako informazio bat dago. Horren arabera, «Bilduk gobernatzen duen Sakanako Mankomunitatea» dago ikerketa soziolinguistikoaren atzean, eta galdetegia «ikasleen familien baimenik gabe» banatu zela dio kazetariak. Horri helduta, PSNko Maria Txibitek adierazi du Hezkuntza Departamentuak «utzikeriaz» jokatu duela auzi horretan: «Inkestaren berri bazuen, gaizki; eta ezer ez bazekien, are okerrago».

Uxue Barkos lehendakariak, berriz, erantzukizun oro ukatu du: «Tokiko entitateek eskuduntzak dituzte alor horretan; ez da Nafarroako Gobernuak eginiko inkesta bat, inondik inora». Hala ere, gertatutakoa aztertuko dutela gaineratu du. «Hezkuntza komunitatearen oniritziarekin eginiko ikerketa den ala ez ikusi nahi dugu; analisi zorrotz bat egin gabe, gobernuak ezin baitu iritzi ofizialik plazaratu».

Polemikaren tamaina ikusita, Sakanako Mankomunitateak agiria kaleratu behar izan du, ikerketari buruzko xehetasunak eman eta orain arte argitaratutako informazio faltsuak gezurtatzeko.

Erakundeko lehendakari Aitor Karasatorreren esanetan, ikerketa ez du Sakanako Mankomunitateak soilik sustatu, Nafarroako ipar-mendebaldeko euskara zerbitzu guztiek baizik. «Kudeaketa administratiboaz Sakanako Mankomunitatea arduratzen da, horretarako eskumena eman baitiote Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Baztango Udalak eta Malerrekako Mankomunitateak».

UPNren diru laguntza

Mankomunitateko buruak gaineratu duenez, ikastetxe guztiei helarazi zitzaien inkestari buruzko informazioa. «Galdetegiari dagokionez, ikerketa soziolinguistikoetan erabiltzen den ohikoa da, eta euskara teknikari guztien onespena du». Gainera, UPNren agintaldian, ikerketak Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jaso zuen, «euskara erabiltzeko eta sustatzeko diru laguntzen deialdiaren barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.