Euskara

'Euskara aurrera' egitasmoa aurkeztu dute, eta manifestaziora deitu maiatzaren 21erako

Mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte «euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak». Hainbat pertsona ezagunek babestu dute ekinbidea.

Egitasmoa babestu duten lagunak, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES, FOKU
Oihane Puertas ONA
2022ko apirilaren 5a
11:46
Entzun

Euskara aurrera euskararen aldeko ekinbidea aurkeztu dute gaur Euskal Herriko hainbat euskaltzale ezagunek, Donostian. Iragarri dute manifestazioa egingo dutela maiatzaren 21ean, 17:30ean, Donostiako Antiguako tuneletik abiatuta, eta mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte «euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak».

Euskarak gaur egun duen egoerak «arduratuta» sortu dute egitasmoa. Aurkezpenean nabarmendu dituzte, besteak beste, azken urtean «euskararen aurka» hartu diren erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen presentzia «murritza», eta euskaraz ikasteko eskubidea «behin eta berriz urratzea». Egoera aldatzeko eta euskarak aurrera egiteko, nabarmendu dute garrantzitsua dela gizarte zibilaren eta instituzioen arteko elkarlana: «Herri bultzada berri bat behar du».

Ekinbidearekin, antolatzaileek Euskal Herri euskalduna sortzea dute helburu: euskara normalizatzea, euskaldun gisa bizitzeko «eskubidea eta nahia» betetzea, hizkuntza eskubideak errespetatzea, eta euskara «herri kohesiorako zuntza» izatea.

Hainbat pertsona ezagunek babestu dute egitasmoa, eta aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Oinatz Bengoetxea pilotaria, Yogurinha Borova trabesti eta kultur ekintzailea, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Sua Enparantza aktorea, Joanmari Larrarte euskalgintzako kidea eta Oier Sanjurjo Osasuna futbol taldeko kapitaina.

Egitasmoa «guztiona» izateko, Euskara aurrera Telegram kontu bat jarri dute martxan. Bertatik zabalduko dute egitasmoaren inguruko informazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.