Euskara ardatzean jar dadin, 'Geroa euskaratik' kanpaina hasi dute

Kontseiluak abiatu du etorkizuna euskaratik eta elkarrekin eraikitzeko kanpaina hori, eta herritar guztien ahotsa entzutea da helburuetako bat. Sare sozialetan bideoak zabaltzera deitu dute

Euskararen aldeko protesta bat, Iruñeko Udaletxe plazan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Kontseiluak azaldu du etorkizunera begira erabakiak hartzeko ordua dela. Haren arabera, COVID-19ak sortu duen krisiak agerian utzi ditu gizartean eta, ondorioz, baita euskararen esparruan ere zeuden hainbat hutsune. «Begi bistakoa izan da herritarren arteko desberdintasuna eta zaurgarrienen bazterketa, normaltasuna deitu duten hori ez baita izan denona; hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori». Azaldu dutenez, «normaltasun berri baterantz» jotzeko aukera dago orain, eta elkartasuna izango da oinarri nagusietako bat. Bide horretan, euskara jarri dute ardatz, eta kanpaina bat abiatu dute, Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz lelopean.

Euskararen normalizazioak «bestelako gizarte normalizazio bat» bultza dezakeela uste du Kontseiluak, hala nola eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa eta konpromiso kolektiboa oinarri dituena. Nabarmendu dute Kontseiluko bazkideak bat datozela mezu hau helarazterako orduan: «Euskara ardatz duen gizarte bat izango da, berdinzaleagoa eta demokratikoagoa, eta inoiz baino beharrezkoago duguna». Herritarrak eta eragileak ere deitu dituzte euskara erdigunean izango duen kanpaina horretan parte hartzera. Antolatzaileen arabera, haietako bakoitzak aukera edukiko du azaltzeko geroa zergatik eraiki behar den euskaratik, «norbere esparrutik eta esperientziatik».

Euskara, elkarrekin aritzeko

Kontseiluak ohartarazi duenez, etorkizuna euskaran ardaztu behar dela esaten dutenean, gizarte osoaren onurak ari dira azpimarratzen. Haien arabera, hainbat dira euskalgintzan elkarrekin jarduteko eta euskararen aldeko jarrera izateko arrazoiak: «Euskarak herritarrak elkartzen eta saretzen ditu, eta euskaldunak bezala gutxituta dauden talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna izan daiteke». Hain zuzen, gaineratu du euskarak elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen duela, gertutasuna eta elkartasuna oinarri izanda. Horregatik, Kontseiluaren nahia da euskara izatea herritarren eskubide guztiak bermatzeko zutabea, eta hizkuntza izatea «gizarte berdinzale eta demokratiko» baterako oinarri. «Inoiz baino zilegiagoa eta beharrezkoagoa da euskararen normalizazioaren alde egitea, denok elkar hartuz eta zainduz, gaurdanik geroa jada jokoan dugulako».

Kanpainaren helburua da herritar guztiei lekua egitea, guztien ahotsa entzutea, eta, horregatik, galdera bati erantzuteko gonbita egin die Kontseiluak: «Zergatik geroa euskaratik?». Erantzuten lehenak Kontseiluko bazkideak izango dira, eta bideo laburrak egingo dituzten sarean plazaratzeko. Ekainaren 4an mahai inguru bat egingo dutela jakinarazi dute, Euskara ere normalitaterantz? izenburupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.