Euskara ardatz duten politikak eskatu dizkiote Jaurlaritza berriari

Aldatu Gidoia mugimenduak deitutako protestak ehunka lagun batu ditu Gasteizen. Salatu dute euskarak bigarren mailako tokia duela kultur politiketan.

Euskararen aldeko politikak eskatzeko manifestazioa, gaur, Gasteizen. MONIKA DEL VALLE/FOKU
Euskararen aldeko politikak eskatzeko manifestazioa, gaur, Gasteizen. MONIKA DEL VALLE/FOKU
aitor biain
2024ko maiatzaren 18a
21:00
Entzun

Ehunka lagunek kalera jo dute gaur Gasteizen, euskara lehentasun izan dadila eskatzeko. Aldatu Gidoia mugimenduak deitu du protestara, eta dozenaka eragilek bat egin dute mobilizazioarekin. Orobat, euskaran ardazturiko politikak egiteko eskatu diete osatzear den Eusko Jaurlaritza berriari eta EITBri. Izan ere, salatu dute euskarak «bigarren mailako tokia» duela erakundeen kultur eta ikus-entzunezkoen politiketan, eta, ondorioz, bigarren koska horretan daudela euskal hiztunen eskubideak ere. Bada, euskara kultur politiken muinean ezartzea eta euskaran ardaztutako telebista bat hezurmamitzea galdegin dute.

Deialdiarekin bat egin dute kultura, gizarte eta politika arloko hainbat eragilek, hala nola ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, UEMAk, Euskal Herrian Euskaraz-ek, AEK-k, Ikastolen Elkarteak, eta Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak. Baita beste hainbat talde eta eragile euskaltzalek ere. Gasteizko mobilizazioan parte hartu zuten, halaber, pantailetan euskara zabaltzeko lanean ari diren herritar taldeek eta norbanakoek ere.

Manifestazioaren buruan izan dira ordezkari horietako asko, hain zuzen ere, Aldatu gidoia euskararen alde leloa idatzita zeraman pankarta batekin. Beste pankarta bat ere atera dute, Euskal telebista euskaraz leloa idatzita zeramana; hainbat aurpegi ezagunek eraman dute hura ere. Pankarta horien atzean joan da manifestarien multzo nagusia. Bidean, oihuak etengabeak izan dira: «EITBn euskaraz», «Pantailetan euskaraz», «euskal sortzaileak aurrera», eta beste entzun dira protestak iraun duen bitartean.

Ekosistemaren aldarriak

Foru plazan hasi eta amaitu da manifestazioa. Eta han egin dute protesta amaierako ekitaldia ere. Estitxu Fernandez kazetariak eta Maialen Kortabarria gai jartzaileak hartu dute ekitaldia gidatzeko ardura, eta gogorarazi dute Aldatu Gidoia mugimenduaren xedea argia dela: Eusko Jaurlaritzari eskatzea kultura eta ikus-entzunezkoen politikak «errotik» aldatzeko. Izan ere, adierazi dute EITBren telebista kate eta irratietan gaztelerazko edukiei ematen zaiela lehentasuna, eta, euskara, aldiz, «zokoratuta» dagoela.

Euskarazko telebistaren sorrerako helburuak «lausotu» egin direla adierazi dute, hain justu, Elixabete Garmendia kazetariak eta Aritz Ganboa artzain eta Biba zuek! saioko kolaboratzaileak. Eta horiek berreskuratzeko beharra aldarrikatu dute: «Berreskuratu ditzagun euskarazko telebistaren sorrerako anbizio eta asmoak. Berpiztu dezagun euskarazko euskal irrati-telebistaren kontzientzia». Halaber, ohartarazi dute «urgentziazkoa» dela ikusle datuen «morrontza» alboratu eta euskarazko programazio eta eskaintza zabal eta erakargarria osatzea.

Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena «hilzorian» dagoela eta, «kezka» azaldu dute Iraia Elias aktoreak eta Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak. «Hainbat eta hainbat dira euskaraz gehiago lan egin nahi duten kultura arloko profesionalak, baina non daude politikak, non aurrekontuak, baliabideak eta diru laguntzak?». Gogorarazi dute streaming plataformetan, zineman eta EITBn gaztelerazko fikzioa dela nagusi, eta salatu erakundeek «baztertu» egiten dituztela euskarazko fikzioa eta bikoizketa lanak. Bada, egoera irauli eta ikus-entzunezkoetarako baliabideak jartzeko eskaera egin diote Jaurlaritzari. Halaber, bikoizketa arloa suspertzea ere galdegin diote, «erabat hankaz gora eta arautu gabe» dagoela iritzita. 

Bestalde, euskal sortzaileen lanei dagokien hedapena emateko ardura EITBrena ere badela gogorarazi du Miel Anjel Elustondok, Lanartean Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko kideak. Adierazi du agintariek gero eta maizago izaten dutela ahotan belaunaldi berrietan irakurzaletasuna apaldu egin dela, baina euskal idazleen liburuez apenas hitz egiten dela euskal irrati-telebista publikoan. «Zenbat aldiz jo genuen EITBren atea liburu programa behar bezalako bat egin ahal izateko? Liburua osoki eta osorik promozionatu ahal izateko?», itaundu du. «Promozionatzen ez bada, ez da salduko, eta ez da irakurriko. Ez du irakurriko helduak, ez haurrak eta ez gazteak ere». 

Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIA egunkariko zuzendariak, berriz, euskararen ekosistema osoa indartu behar dela azpimarratu du. Ekitaldi amaieran irakurritako agirian, Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren sorrera ekarri ditu gogora. Nabarmendu du herritarren ekimenari esker abiatu zirela, eta horri esker iraun dutela gaur arte. Hala ere, ohartarazi du hurrengo hilabete eta urteetan bidea «oztopo eta erronkaz beteta» egongo dela. Alde horretatik, erakundeen laguntza ezinbestekoa dela adierazi du: «Kulturan eta ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzearen alde egin dezagun bultza, eta agintaritza eta eragile politikoek gara ditzatela hizkuntzaren biziberritzean eragingo duten hizkuntza politika sendo eta eraginkorrak».

Manifestazioan, Gasteiz antzokiaren aldeko aldarriak ere izan dira. Haren aldeko plataformako kideek pankarta bat zabaldu dute, eta eskuorriak ere banatu dituzte mobilizazioak iraun duen bitartean, udalari eskatzeko antzokia bideragarri egiteko pausoak eman ditzala. Aldatu Gidoia mugimenduko kideek babesa adierazi diete, eta udalari eskatu diote berehala zabaltzeko euskal kulturak «erreferentziazko tokia» izan dezan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.