Hezkuntza akordioa

«Euskara ardatz duen hezkuntza eredu eleaniztuna» abiapunturako

Eusko Legebiltzarrean hezkuntza akordioa lortzeko sortutako lantaldeko buruak lehen testua aurkeztu du. Jabetza publikoko eta pribatuko eskolek konpromisoa hartu beharko dute segregazioa murrizteko

Hezkuntza akordioa erdiesteko lantaldea bilduta, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2022ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza legea erdiesteko bidean, mugarri bat ezarri zuten atzo: hezkuntza akordiorako Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldearen presidenteak testu bat aurkeztu zuen, orain arte adituek egindako ekarpenak eta Kataluniako bidaian jasotakoak biltzen dituena. Besteak beste, euskararen eta segregazioaren arazoei erantzun asmo die. Dokumentua ez da behin betikoa, eta alderdiek eta eragileek ekarpenak egiteko tartea zabaldu dute orain. Zuzenketekin behin betiko testua adosten dutenean, Eusko Jaurlaritzari bidaliko diote, hark hezkuntza legea egiteko. Honatx atzo aurkeztutako testuaren ildo nagusiak:

EUSKARA

Testuak hau dio: «Eredu eleaniztun baten aldeko apustua egiten dugu, euskara ardatz duena eta bi hizkuntza ofizialetan eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batez egituratzen dena, nahiz eta jatorrizko ikasleen hizkuntzak eta kulturak presente egon». Halere, ez dago argi egungo hizkuntza ereduetan aldaketarik egongo den, aurrerago hau esaten baitu: «Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztuna da, eta bi hizkuntza ofizialen eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza baten bidez egituratzen da, herritarren gizarte kohesioa eta komunikazio gaitasuna bi hizkuntza ofizialetan bermatzeko funtsezkoa baita. Eta horren alde egiten jarraitu behar da». Ez da aipatzen A, B eta D ereduak gainditzea, ezta murgiltzea ere. Asmo bat erakusten du, ordea: «Euskara erreferentzia hizkuntza gisa indartzea eta ikasleen erabilera aktiboa sustatzea». Baita helburu bat jarri ere: ikasleek euskara eta gaztelera «erabat» menperatu behar dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, eta gutxienez atzerriko hizkuntza bat «behar beste» jakin.

Hala izan dadin, hainbat proposamen egiten ditu. Horietako bat Euskararen Ikaskuntzarako Institutua sortzea da. Lan ildotzat izango ditu irakasleak hizkuntzan eta metodologian gaitzea, irakasleei euskal kultura transmititzeko gaitasuna ematea eta euskal curriculumaren lanketa eta eskola materialaren ekoizpena antolatzea, besteak beste. Halaber, diru publikoa jasotzen duten eskolek hezkuntza proiektuaren atal gisa landu beharko dute hizkuntza proiektua.

Emaitzak ebaluatzeko tresnak sortzea ere eskatzen du: «Eusko Jaurlaritzak ebaluazio tresnak jarriko ditu, lortutako mailak balioztatzeko, eta jarraipen sistema eraginkorra ezarriko du, ebaluazioaren emaitzak hobetzeko eta helburuak lortzeko».

SEGREGAZIOA

Eskola publikoek eta pribatuek izango dute lekua hezkuntza sisteman, baina konpromisoak hartu beharko dituzte guztiek. Hain zuzen ere, Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatuko dute «legeak ezarritako printzipioak eta helburuak» betetzen dituzten ikastetxe denek, baina zehaztapen bat egin dute: «Familiek eragile batzuk edo besteak aukeratzea ez da bihurtu behar gizarte bereizketarako faktore». Eskolak segregazioa eta gizarte bazterketa gainditzeko ahaleginean «aktiboki parte hartzea» ezinbestekoa izango da bertako parte izateko.

Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte diren ikastetxe horiek kontratu programa bidez funtzionatuko dute: «Plan batean ezarritako ildo estrategikoak definitu eta adostuko ditu Hezkuntza Sailak ikastetxearekin. Eta zehaztuko dira adostu aldirako esleitutako aurrekontua, ikastetxeantxertatuko diren baliabide teknologikoak eta pertsonalak eta ebaluazioaren emaitzak kudeatzeko adierazleak ere». Horrela, testuaren arabera, «ikastetxeak eskubidez eta betebeharrez parekide» bihurtuko dira. Finantzaketa ere aipatzen du: «Ikasleen oinarrizko hezkuntza beharrak %100ean finantzatuko dira, irizpide ekitatiboen arabera, sozialki baldintza zailagoetan daudenak gehiago lagunduz. Gainontzean, Eusko Jaurlaritzak «doakotasun erreala» bermatu beharko du, kuotak desagerraraziz.

DESZENTRALIZAZIOA

Sistemaren deszentralizaziorantz pausoak ematea nahi dute. Nagusiki bi eragileri protagonismo handiagoa emango diete: udalei eta eskolei.

Udalei dagokienez, jasota dago «bereziki eginkizun sakona» izan dezaketela matrikulazio prozesuan, eskoletan onartzeko protokoloak familiei gerturatzeko, azpiegiturak indartzeko, euskararen erabilera sustatzeko... Proposamen zehatz bat ere egiten dute: Tokiko Hezkuntza Kontseiluak sortzea familien, eskolen eta udalen artean. Horiek hainbat kontsulta egiteko baliagarriak izan daitezkeelakoan daude: hezkuntza premiak identifikatzeko, ikasleak eskolatzeko irizpideak zehazteko, hezkuntza laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleen «eskolatze egokia eta orekatua» bermatzen laguntzeko neurriak hartzeko...

Zuzendaritzen rola ere indartu nahi dute. Erabakitzeko autonomia eta eskumenak izan behar dituztela aipatzen dute: «Bi dira gakoak: autonomia eta eskumenak, hau da, egiteko aukerak eta ebaluatzeko gaitasuna»

IRAKASLEEN PRESTAKUNTZA

Irakasleei prestigio handiagoa eman behar zaiela nabarmendu dute dokumentuan. Haien formakuntzan jartzen du arreta. Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa sortzea proposatzen du, prestakuntzaz, aholkularitzaz, ikerketaz eta berrikuntzaz arduratzeko. Gainera, bereziki hizkuntza arloko formakuntzari begiratu nahi diote: besteak beste, jaso dute plan bana egitea irakasleek curriculumeko hizkuntzetan gaitasuna hobetzeko eta euskararekiko eta curriculumeko beste hizkuntzekiko konpromisoa sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.