Askotariko bertsioak egiten dituzten arren, Izpiz izpi izan da Skapaie Elektrotxarangako kideek idatzi duten lehenengo abestia: hitzak ez ezik, «ska erritmo alai eta dantzagarrian» oinarritutako akordeak ere sortu dituzte. Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaiaren harira egin dute kanta, eta gaur aukeztu dute, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin —Kilometroak antolatzeko ardura du aurten—, horri dagokion bideokliparekin batera. Azaldu dutenez, «gustura» geratu dira egindako lanarekin, jaia eta sakoneko balioak uztartzen dituen abesti «bizi eta mamitsua» sortzea lortu dutelako. 2024ko edizioaren leloa jarri diote izenburu.
Edukiari dagokionez, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik aurtengo jaia antolatzeko kontuan hartu dituen irizpideak izan ditu inspirazio iturri Skapaie Elektrotxarangak; euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza, esaterako. Horrez gain, auzolanarekin, berdintasunarekin eta hezkuntzarekin lotutako ideiak nabarmendu ditu abestian. Hala dio, zehazki, errepikak: «Izpiz izpi piztu elkarrekin/ ikastola, auzo, herri/ etorkizuneko kimuen buru/ gure hizkuntzaren aberri». Eta segidan: «Kultur aniztasuna/ egunerokoaren oreka/ berdintasunez heziz, biharko okina, maisua, artzaina eta poeta/ eskainiz merezi dutenei arreta».
Kantari forma emateko doinuak sortzeari ekin zioten lehenengo Skapaieko kideek. Alde horretatik, garrantzi berezia hartu zuten Lantz Unanue taldeko abeslari eta tronboia jolearen ideiek. «Lantzek hainbat proposamen ekarri zituen eta, instrumentuekin froga batzuk egin ostean, apurka-apurka forma eman genion musikari, kantaren egitura zehaztuta utzi arte, gutxi gorabehera», adierazi dute abeslariaren taldekideek. Aitortu dute, gainera, haientzat «erronka polita» izan dela Kilometroak-eko abestia egitea: «Taldekide batzuk lehendik estudioan grabatzen ibiliak baziren ere, gutariko askorentzat horrelako zerbait egiten genuen lehen aldia zen».
«[Skapaie Elektrotxarangako kideak] Gazte alai eta jatorrak dira, euskaldunak, talentudunak, konprometituak, eta ikastolan eta herrian ezagunak. Baldintza guztiak betetzen zituzten, eta, zorionez, baiezkoa eman ziguten».
OLATZ PRATKilometroak-eko antolakuntza batzordeko kidea
Hala ere, Kilometroak-eko antolatzaileek hasieratik izan dute argi Skapaie eltrotxarangari emango ziotela jairako kantua sortzeko ardura. Olatz Prat antolakuntza batzordeko kidearen hitzak: «Gazte alai eta jatorrak dira, euskaldunak, talentudunak, konprometituak, eta ikastolan eta herrian ezagunak. Baldintza guztiak betetzen zituzten, eta, zorionez, baiezkoa eman ziguten». Are gehiago, Kilometroak-eko horretako koordinatzaile Gorka Artola haiekin harremanetan jarri zen urtarrilean, eta abestia maiatzaren 10ean grabatzea adostu zuten, Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean.
«Eguzkilorearen erdigunea»
Azpeitian bertan grabatu dute abestia osatzen duen bideoklipa ere. Abestiko hitzek azpimarratzen dutenez, herrigintza bereziki garrantzitsua da Gipuzkoako ikastolen festako koordinatzaileentzat eta, oro har, herriarentzat. Hala, ikastolako komunitateak, herriko hainbat eragilek eta hainbat pertsona ezagunek bat egin dute aurtengo bideoklipean. «Azpeitia herri saretua da oso, eta urteetan landu den saretze hori agerian jarri nahi genuen gure bideoan ere», azaldu du Pratek. «Kasu honetan, guri [Ikastolari] egokitu zaigu beste eragile batzuk erakartzea eta horien bilgune izatea».
Izarraitzko Atea parkean grabatu dituzte irudi gehienak, maiatza eta ekaina bitarte, eta, Skapaie Elektrotxarangako kideek adierazi dutenez, «emozioz betetako egunak» izan dira. Hori bai, ziurtatu dute guztia «ederki» joan dela. Ikastolako kideek ere bat egin dute baieztapen horrekin, eta aitortu dute Skapaieko taldekideak bertan izateak izugarri lagundu ziela bideo ikusgarri bat egiten: «Taldea da, nolabait, gure eguzkilorearen erdigunea, eta haien bueltan bildu diren pertsonek irudikatzen dituzte hostoak, globo gorri, urdin eta berdeak astinduz». Horiek dira, hain zuzen, Ikasberri Ikastolako logoaren hiru koloreak.
Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak ziurtatu du gaur aurkeztutako kantak eta bideoklipak lagungarriak izango direla antolatzaileei indarrak emateko. «Eta urriaren 6an, doinu alaiekin eta dantzagarriekin [Ikasberri] Ikastola eta [Azpeitiko] herria Izpiz izpi argituko dira!».