Euskara alemanaren azpitik jartzen duen dekretuari ezezkoa eman dio Euskararen Nafar Kontseiluak

Merezimenduen dekretuaren inguruko irizpena eman du organo aholku-emaileak: 15 kontrako boto, sei abstentzio eta aldeko botorik ez.

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, maiatzean kalera atera ziren milaka herritar, dekretuaren aurka. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 16a
14:34
Entzun

Indarrean sartu aurretik, bide administratiboa egiten ari da Nafarroako merezimenduen dekretua. Gaur, Euskararen Nafar Kontseilura iritsi da araua, tramiteetako bat baita organo aholku-emaile horren irizpena jasotzea. Euskararen Nafar Kontseiluak, baina, ez dio oniritzia eman. Gaurko bozketan, 15 kontrako boto eta sei abstentzio jaso ditu Nafarroako Gobernuaren zirriborroak. Aldekorik ez.

Kontseiluaren kontrako jarrerak, ordea, ez ditu aldaraziko Maria Txibiteren gobernuaren asmoak. Izan ere, nahiz eta administrazioak aintzat hartu ohi dituen Euskararen Nafar Kontseiluaren aholkuak, organo horrek emaniko irizpenak ez dira lotesleak. Hortaz, litekeena da gobernuak hasierako asmoari eustea eta merezimenduen dekretuari bidea ematea.

Dekretuaren helburua da administrazioaren oposizio lehiaketetan eta beste lan deialdi batzuetan merezimendu gisa aintzat hartuko diren ezagutzak zehaztea. Euskara, besteak beste. Hori da, hain zuzen, dekretuaren berritasunetako bat. Izan ere, eremu ez-euskaldunean, euskara jakiteak ez du punturik emanen, eta eremu mistoan, berriz, jendaurreko lanpostu bakan batzuetan soilik hartuko da aintzat —euskara derrigorrezko baldintza ez den prozesuetan, betiere—. Frantsesa, ingelesa eta alemana menperatzea, aldiz, merezimendutzat hartuko da Nafarroa osoko lan deialdietan; hortaz, eremu ez-euskaldunean eta eremu mistoko zenbait deialditan, aleman hizkuntzako titulu bat izateak puntu gehigarriak emanen ditu, baina euskarazkoa izateak ez.

Iragan maiatzean, euskalgintzak kalean salatu zuen merezimenduen dekretu berria «atzerapauso onartezina» dela, 2017ko Euskararen Dekretuarekin alderatuta eskubide gutxiago aitortzen baitzaizkie euskaldunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.