Nafarroako Gobernuak onartzeko bidean jarri du merezimenduen dekretuaren proiektua, eta «presazko irizpena» eskatu dio Nafarroako Kontseiluari, arauaren «segurtasun juridikoa» bermatze aldera. Gaur goizeko gobernu bilkuraren ostean eman du erabakiaren berri.
Merezimenduen dekretuak zehaztuko du zenbat puntu emanen zaizkion euskarari, hizkuntza meritu den lan deialdi publikoetan (funtsean, Osasunbidearen oposizio-lehiaketetan). Izan ere, Nafarroako Justizia Auzitegiak 2017ko Euskararen Dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu zituenetik, zulo juridiko-administratibo handia berdindu ezinik ibili da gobernua: dozenaka lan deialdi atera dira eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, eta horietan guztietan, euskara jakiteak ez die hautagaiei puntu bakar bat ere eman. Hasieran, arazo hori konpontzeko adabaki gisa aurkeztu zuten merezimenduen dekretu berria, baina araua «atzerapauso handia» dela salatu dute euskalgintzako eragileek behin baino gehiagotan, eta Euskararen Nafar Kontseiluak ere uko egin dio proiektua onartzeari. Izan ere, dekretuak eremu mistoko lan deialdietan soilik izanen du eragina; eremu ez-euskaldunean, euskara ez da meritu izanen, orain arte bezala. Ingelesa, frantsesa eta alemana jakiteak, ordea, puntuak eman ditzake, kasuan-kasuan, herrialde osoko deialdietan.
Txosten juridiko berria
Prozedura luze baten ostean, Nafarroako Gobernuak iazko abenduan onetsi zuen dekretua, baina, araua indarrean sartu aurretik, txosten juridikoa eskatu zion Nafarroako Kontseiluari. Erakunde aholku-emaileak, ordea, ez zuen ontzat jo dekretua, eta euskara puntuatzeko irizpideak are gehiago murriztea galdegin zuen. Izan ere, argudiatu zuen ez dela legezkoa euskarari meritu izaera aitortzea «era orokortuan», eta puntuazio hori «lanpostu bakoitzaren araberakoa» izan behar dela ebatzi zuen. Nafarroako Gobernuak zenbait aldaketa egin dizkio proiektuari, Nafarroako Kontseiluaren irizpenari men eginez, eta aurrerantzean, deialdi bakoitzean justifikatu beharko da euskarari eta beste hizkuntzei eman beharreko puntuazioa. Kontseiluak hamabost egunen buruan eman beharko dio oniritzia proiektu berriari.