'Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari'. Liburu aurkezpena

Euskara akuilu duen biografia

'Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari' Elixabete Garmendiaren liburu aurkezpenean izan dira Uxue Barkos eta Joseba Asiron. Aitortza merezi duela azpimarratu dute. Bideoa albistearen amaieran.

Aurkezpena. Martxelo Otamendi, Carlos Garaikoetxea eta Elixabete Garmendia. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Lotsa» sentitu zuen Carlos Garaikoetxeak, Martxelo Otamendik BERRIAko zuzendari eta Aleka bildumako koordinatzaileak hari buruzko biografia egiteko aukera proposatu zionean, baina euskaraz izatea akuilu izan zuen baiezkoa emateko. Hartara, zentzu bikoitzean du akuilu euskara Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari biografia liburuak. Izan ere, bere protagonista nagusiaren ahotan, euskarak garrantzi berezia izan baitzuen, lehenik Nafarroako ikastolen hedapenean eta gerora politikan, jauzia egiteko: «Txikitatik, batez ere Nafarroan, euskarak bizi zuen hil ala biziko egoerak eraman ninduen kultura eta politikarantz», azpimarratu zuen Garaikoetxeak.

Elixabete Garmendiak idatziriko elkarrizketa liburua aurkeztu zuten, atzo, Iruñeko Kondestable jauregian. Aretoa jendez lepo zegoen, eta ikusleetako batzuk zutik ikusi behar izan zuten aurkezpena. Bertan izan ziren Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea. Horrez gain, Garaikoetxearen alderdikide ugari, bere senide eta lagunak, eta, gainera, politikagintzako zein gizarte arloko hainbat aurpegi ezagun izan ziren: hala nola, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusi ohia eta 1973an Garaikoetxearen eta bere emazte Sagrario Minaren irakasle gau eskolan; Miren Larrion, EH Bilduko zinegotzia Gasteizko Udalean; Miren Aranoa, Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak; Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta Garaikoetxearen lehen Jaurlaritza hartako Hezkuntza eta Kultura sailburu izandakoa, Geroa Baiko Unai Hualde...

Lehen lerroan ziren Aleka bildumaren hiru erakunde bultzatzaileetako ordezkariak: Iban Arregi Berria Taldeko kontseilari ordezkaria, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria eta Joxe Maria Sors Elkar fundazioko presidentea. Aleka bildumaren zazpigarren liburua da Garaikoetxearen biografia, eta Martxelo Otamendik eskerrak eman zizkion Elixabete Garmendia egileari eta Carlos Garaikoetxea berari, «bere oroimenaren ateak irekitzeagatik». Otamendik nabarmendu zuen euskal politikagintzan figura nabarmena izateaz gain, aitortza ere merezi duela Jaurlaritzako lehendakari ohiak, eta horregatik bururatu zitzaiela liburua egitea.

Garmendiari berari egokitu zaio liburua lantzea, eta hark argi izan zuen Garaikoetxearen motibazio pertsonalei erreparatu nahi ziela: «Zein girotan hazi zen, zer bizimodu izan zuen, edo politika utzitakoan nola berregin duen bere bizitza». Hainbat politikarik masterrak kopiatzen edo asmatzen dituzten garaiotan, Garaikoetxea «maila intelektual handiko» politikaria dela uste du, «analisirako ahalmen handia duena». Liburuko solasaldi gehienak urtarrilean eta otsailean egin zituzten, baina horiez gain, hainbat aldiz elkartu da Garaikoetxea, Garmendia eta Otamendi berarekin: «Hainbat off the record eman dizkigu, eta Martxelori hortzak zorroztu dizkio», onartu zuen Garmendiak. Alta, bere hitzetan, hark gehiago estimatu du «pertsonaren izaera, bere joera eta kezken aitorpena».

Harritu duen zertzeladen artean dago Garaikoetxeak gaztetan psikiatria ikasi nahi izan zuela «pertsonen barrunbeetan» murgiltzeko. Liburua egiterakoan, hainbat aldiz egin du negar eta barre. Amaiera iristerakoan, oraindik ere tira egiteko hainbat hari solte sortu zaizkio. Politikaren lehen lerroa utziagatik «pasioz» bizi baitu aktualitatea oraindik ere Garaikoetxeak, eta hartara, nahiago izan du Garmendiak liburua azken punturik gabe uztea, «zabalik».

Garaikoetxeak bere hitzaldiaren hasieran euskarak bizitzan izan duen garrantzia azpimarratu zuen. Nafarroako hainbat tokitan «hilzorian» ikusten baitzuen. Gogoan du Jose Maria Makirriain, Olaizko azken euskalduna, 96 urterekin. «Ia-ia ezin zuen hitz egin eta kantatzen zituen abesti bitxi batzuk». Edo, Erronkarin azken emakume euskalduna hil zenean sentitutako galera sentsazioa: «Behean taberna zegoen, eta gogoan dut bertako emakumea, ziurrenik bere alaba, guri esanez 'hau igandeetan euskaldunez betetzen da'». Edo Erro ibarrean, mendian zebilela, Ameriketan 50 urte egin ondoren, oraindik ere euskara gordetzen zuen pertsonarekin topo egin zuenekoa: «Senideak 6.000 kilometrora bidali behar hizkuntza gordetzeko», aipatu zuen Garaikoetxeak.

Galera sentipen hori akuilu izan zuen hasieratik, eta jarraian betidanik estimuan izan duen Miguel de Unamunoren aipu ezagunaz egin zuen gogoeta. Izan ere, idazle bilbotarrak euskarari ohorezko hileta elizkizuna egin beharraz hitz egin zuen. «Miresten nuen Unamuno, baina haserretu ninduen aipu horrek eta gerora pentsatu dut Joan Mari Torrealdairen liburua irakurtzeko aukerarik ez zuela izan». Izan ere, Garaikoetxearen arabera, 300 urteko jazarpen etengabea jasan du euskarak: «Eta ez dago 300 urtez halako jazarpena jasan dezakeen hizkuntzarik, ezta William Shakespearenak ere». Garaikoetxearen ustez, ordea, euskara hila legoke «patu horren aurka borrokatu duen gizartea ez balego».

Bere kasuan, indar horrek bultzatu zuen Nafarroako lehen ikastolen zabaltzean lan egitera. «Ezin diegu nahikoa ordaindu garai hartan euren seme-alabak legezkotasunik gabeko eta ziurgabetasunez betetako ikastola haietara bidaltzen zituzten guraso haiei».

Diktadura amaiera aldera, jauzi egin zuen politikara, Juan Ajuriagerrak, Manuel Irujok eta Pello Irujok bultzatuta, eta irakaspen argi batekin: «Botere politikorik gabe, ez dago hizkuntzarik, ez dago erantzun aurrerakoirik ematerik eta ez dago eraginkor jarduterik», nabarmendu zuen.

«Garaikoetxearen dimisioa gertakizun traumatikoa izan zen»

[youtube]https://youtu.be/CQx05868E-U[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.