EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, Hizkuntza gutxituen aldeko aktibazio soziala: egoera eta etorkizunerako gakoak ikastaroa egin dute azken bi egunotan, Donostian, udako ikastaroen egitarauaren barruan.Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren arabera, aktibazioaren ikuspegi «zabala» eskaini nahi izan dute. Hainbat helburu izan ditu: besteak beste, euskararen aldeko egungo aktibazio sozialaren egoera aztertzea; herritarrak hizkuntzaren alde aktibatzeko dituen aukerak, indarguneak eta zailtasunak identifikatzea; eta etorkizunerako baliagarriak izango diren gakoak ezagutzea. Ikastaroa amaitzeko, mahai inguru bat osatu zuten Ibai Sueskun Errigorako langileak eta Xan Aire Seaskako hizkuntza proiektuaren koordinatzaileak, eta Nafarroan eta Iparraldean izandako aktibazio sozialerako esperientzia jakin batzuk kontatu zituzten.
Sueskunek Errigora proiektutik sortutako mugimendu baten berri eman zuen: Agerraldia. Hori nondik datorren azaldu zuen, eta atzera egin zuen jauzi, 2013ra, Errigora sortu zenera. Gogorarazi zuen esperientzia batetik abiatu zela, eta ikusi zutela bazuela ibilbidea. Gero, euskalgintzako eragileekin elkartzen hasi ziren, eta hainbat hitzarmen adostu zituzten. «Aztertu genuen zer egin genezakeen euskarari bultzada bat emateko». Elikadura eta euskara lotu zituen, eta adierazi horren bidez joan zirela sarea ehunduz.
Sueskunek dio euskalgintzari ekarpen ekonomikoa egin ahal izan diotela proiektu horrekin, baina «beharrak handiak» direla. Eta, horrez gain, beste zerbait egiteko premia ere sumatu zuten: «Ondo dago behar ekonomiko horiek arintzea, baina gizartea ere inplikatu behar genuela uste genuen».
Errigoratik, Agerraldia
Hasi ziren hausnartzen, zer eta nola egin, eta gogoeta horietatik sortu zen Agerraldia proiektua. Oinarriak zehaztu zituzten: ezagutza, erabilera eta aldekotasuna: «Hiru zutabe horiek oinarri hartuta, zer egin pentsatzen hasi ginen, bertatik eta bertakoekin».
Agerraldia proiektuaren ideia herritarrekin partekatzen hasi ziren orduan, eta aitortu du jendeak begi onez hartu zuela. Bertako errealitatea hartzen zuten oinarri: «Hori zen klabea: ea zer egin dezakegun euskara ardatz harturik euskaraz bizi ahal izateko edo hauspoa emateko». Ideia ugari sortu zirela dio, askotarikoak, eta agenda bat sortzea deliberatu zutela: «Askotariko egitasmoak, jarduerak, ekintzak antolatzea erabaki genuen».
Eta ideia horiekin sortu zuten azkenean Agerraldia: «Saretxo bat antolatu genuen, eta agenda bat sortu. Teoriatik praktikara pasatu nahi genuen, ibilian-ibilian». Sueskunek azaldu zuenez,iaz 25-30 ekitaldi antolatu zituzten, jarduera ezberdinekin: besteak beste, 11 ludoteka. «Horrek ahalbidetu du, batetik, gurasoek beren artean harremantzeko aukera hori izatea, eta, bestetik, herri ezberdinak elkartzea».
Esan zuen Agerraldiak bide eman duela komunitatea indartzeko, hedatuz doana. «Erakutsi digu ez dugula zalantzarik izan behar praktikotasunera pasatzeko». Gakoa komunitate horri indarra ematea dela dio, eta agenda transbertsala dela: lasterketak, euskararen eguna, feminismoarekin lotutako egitasmoak... Esperientzia «oso positibotzat» jo du. «Guztia eraikitzeko dago, eta horrelakoetan dena da positiboa». Jakinarazi du administrazioarekin izan duten harremana ona izan dela.
Herri kultura
Iparraldean zentratu zen Aire, eta hala hasi zuen hitzartzea: «Ez dakit azken asteetan Iparraldetik zer iristen zaizuen, albiste onik ez: aspaldiko dinamika bortitzak heldu dira Paristik, baina horrek ere badu eragina gure aktibazioan». Argitu du azkenaldian egin diren mobilizazioak arrakastatsuak izan direla: «Eskertzen da horrelako erreakzio indartsua».
Hizketaldia «plazan» ardaztu zuen: «Iparraldea eta aktibazio sozial euskaltzalea lotzen dituen arlo bat bada, herri kulturarena da». Eta hala jarri zion izenburua mintzaldiari: Herri kulturatik hizkuntza komunitatera. «Herri kulturak plazak betetzen ditu Iparraldean, eta euskaraz». Euskaldunen adierazpen artistiko propio gisa definitu zuen herri kultura: bertsoa, dantza, horien eskolak eta bestak. Aire: «Eta, adierazpen propioaz gain, bizitzen eta biziarazten dugun hori da; ez gara sekula osoki ikusle».
Libertimenduan jarri zuen begirada: musika, dantza, antzerkia eta bertsoa uztartzen ditu. «Gazteak dira horren muina». Eta galdera bota zuen: «Gazteei zergatik gustatzen zaie?». Hainbat «pista» eman zituen. Bata, espazioa, «komunitate baten mundu gisa» ulertuta. Eta gehitu zuen: «Libertimenduetan parte hartzen duten gazteek euskaraz ulertzen dute hori; jendeak ez du zalantzan jartzen euskaraz egingo dela. Eta hori, Iparraldeko testuinguruan, ez da batere erraza». Hori herri kulturaren «abantaila» bat dela dio. Gazteen identitatea ere aipatu zuen.
«Libertimendua festa bat da, puntuala, udaberrian egiten dena, baina gazteek negu osoa pasatzen dute hori prestatzen. Eta, oro har, euskaraz prestatzen dute». Libertimendu batek «toki anitzak» eskaintzen dituela ere adierazi zuen: «Lortzen du hizkuntza komunitatea trinkotzea, bere aniztasunean». Azkenik, gazteek transgresiorako gunea dutela esan zuen, eta asko duela «umoretik». Lekukotasun baten berri ere eman zuen, libertimenduan parte hartu duen zirtzil batena, eta honela dio: «Niretzat, izugarri eraginkorra izan da euskaraz aritzeko gero». Seaskakoak azaldu zuen esan daitekeela herri kulturan «hizkuntzak zeharkatzen eta garraiatzen gaituela».
Antzerkiak egiten duen ekarpena azpimarratu zuen Airek: «Hizkuntza dentsitatea aberasten du. Estetika berezi bat sor daiteke, hizkuntza bizia bilakatzeko». Hizkuntza ez formalaren lanketa ere garrantzitsua dela adierazi zuen.
Gainera, aipatu zuen libertimenduan topatzen dutela toki bat euskaraz «lasai aritzeko», baina gune horretatik kanpo zilegitasun eskasa duela. 2020ko Euskaraldiko lantalde teknikoan parte hartu du, eta hor sumatu dute hori. «Badago polarizatze arriskua». Horiek horrela, euskaldunek dituzten «bost behar» zerrendatu zituen: hizkuntza usaien aldaketak sustatzea, erdaldunak euskarara hurbilaraztea, erantzun eta erabaki estrategikoak bultzatzea, hiztegia aberastea, eta arnasgune funtzionalen beharra. Dinamika batzuen premia ere badagoela gaineratu zuen, «sektorialak eta lokalak».
Euskara aktibatzeko praktikak
Hizkuntza gutxituen aldeko aktibazio soziala aztertu dute EHUk antolatutako udako ikastaroetan, eta, besteak beste, esperientzia jakin batzuk kontatu dituzte, Nafarroan eta Iparraldean zentratuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu