Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du: Taupa

Izena aldatu du: Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izango da hemendik aurrera. Euskal Herri osoko euskaltzaleak «saretuko» ditu, eta egiteko eta antolatzeko modu berriei emango die bidea, aktibismoaren gaur egungo joerak aintzakotzat hartuta.

Tauparen aurkezpena, gaur, Bilbon. TAUPA
Tauparen aurkezpena, gaur, Bilbon. TAUPA
arantxa iraola
2024ko abenduaren 14a
12:30
Entzun

Bilboko Kafe Antzokian eginiko agerraldi batean aurkeztu dute gaur Taupa. Euskaltzaleen Topaguneak hartuko duen izen berria da: Taupa Euskaltzaleen Mugimendua. Izena ez ezik, «izana» ere eraldatzera doaz. «Ausartu gara garena eta egiten duguna ezbaian jartzera, eta aurrerantzean izan eta egin nahi duguna berrasmatzera», azaldu du Taupako koordinatzaile orokor Jasone Mendizabalek. Euskal Herri osoko euskaltzaleak «saretzeko» asmoz eratu dute mugimendua, eta egiteko eta antolatzeko modu berriei eman nahi diete bidea, aktibismoaren egungo joerak aintzakotzat hartuta.

Mendizabalek gogora ekarri du Topaguneak igaro urteetan egindako gogoeta prozesuaren ondorioa dela aldaketa. Iaz plazaratu zituzten Batera Jauzi izeneko gizarte laborategiaren ondorioak; Euskal Herri osoko ehunka eragileren bizipenak eta iritziak jaso eta aztertu ondoren ondu zituzten. Nafarroako herritarren artean euskararen aldekotasuna indartzeko diskurtso eta praktiken inguruko azterlan bat ere aurkeztu dute aurten. Eta ondorioa argia dela esan du Mendizabalek: «Euskarak eta herri honek jauzi bat behar dute, eta jauzia eragiteko gu geu gauden tokitik mugitu behar dugu». Horrek eraman ditu Taupa martxan jartzera.

Taupako aktibazio arduradun Jon Zapatak aldaketaren gako nagusiak eman ditu. «Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera». Hain justu ere, elkarteen elkarte izan da urte askoan Topagunea. Orain ere herri eta hirietako euskara elkarteek jarraituko dute izaten mugimenduaren «muina», baina elkarteetan antolatuta egon gabe ere mugimenduan parte hartu nahi duten euskaltzaleei horretarako bideak zabaldu nahi dizkiete.

«Honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker iritsi gara. Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira?»

IRATI IZIAR Taupako lehendakaria

Aldaketa horrek izan dezakeen indarra nabarmendu du Taupako lehendakari Irati Iziarrek. «Honaino iritsi bagara, milaka euskaltzaleren kemenari eta bizinahiari esker iritsi gara. Zer gertatuko litzateke euskaltzale horiek guztiak saretuta egongo balira? Elkarren berri izango balute? Elkarrekin ahalduntzeko eta aktibatzeko modu berriak izango balituzte? Eta zer gertatuko litzateke, gainera, herri proiektu ilusionagarri baten eragile izan daitezkeela sinetsiko balute?».

Ez da asmo hutsa. Parte hartzeko bideak ja martxan dira; taupamugimendua.eus webgunean horretarako modu askotarikoak eskainiko zaizkie euskaltzaleei. Bakoitzak «aukeratzen» duen eran parte hartzea da helburua, «nahi duena» ematea mugimendu horri. «Segur aski, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, aktibismoa horrelakoa baita bizitzarekin uztartzen dugunean: aldakorra», azaldu du Zapatak.  Ate gehiago irekitzea da asmoa. «Gure hipotesia da irismen handiagoa lor dezakegula herritarrak aktibatzeko eta saretzeko aukera gehiago eskainiz».

«Gure hipotesia da irismen handiagoa lor dezakegula herritarrak aktibatzeko eta saretzeko aukera gehiago eskainiz»

JON ZAPATATaupako aktibazio arduraduna

Euskaraldia

Mugimendua indartzeko bidean, orain Euskaraldian jarri nahi dute begirada. Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurten. Milaka herritar «aktibatzen» dituen ariketa soziala dela gogoratu dute, eta horixe baliatuta euskaltzaleen arteko saretzea trinkotzeko aparteko ahalegina egin behar dela. «Pentsa, 320.000 herritar baino gehiago dira noizbait ahobizi edo belarriprest gisa parte hartutakoak; hamarretik bat euskaltzaleen mugimendura batzea lortuko bagenu, zertarako gai izango ginateke?».

Bide horretan, Topaguneak aurrez adierazi izan duen xedean sakondu nahi du Taupak ere: euskaltzaletasuna «zabaldu» egin nahi du. Iziarrek nabarmendu du horren garrantzia. «Mugimendu gisa irekidura ariketa bat egin nahi dugu, sustatzen ditugun imajinarioak, diskurtsoak eta jokaerak berrikusi, egiteko modu berriak probatzeko». Bide horretan, «aniztasunak eta gizarte kohesioak» zedarritutako bideetan ibiltzeak duen garrantziaz ohartarazi du Zapatak, eta horretarako baliabideak jarri behar direla esan du. «Hizkuntza harrera komunitarioa antolatzea egiteko estrategikoa da».

Taupak bere jarduna bestelako mugimendu sozialen «intersekzioan» ulertzen duela gogoratu du Iziarrek. «Gurean ez baita prozesu eraldatzailerik izango euskararik gabe, eta euskarak ez baitu etorkizunik izango eraldaketa sozialik gabe».

«Euskaltzale aktibista gehiago behar ditugu, korrontearen kontra ere euskaraz bizitzeko hautua egingo dutenak»

JASONE MENDIZABAL Taupako koordinatzaile orokorra

Erabilerara

Asmo behinena «erabileraren arorako» urratsa egitea da. Jakinda ere bidea ez dela askotan samurra izango. Mendizabalek berak onartu du «eremu ezerosoak» asko direla oraindik euskararen erabilerarako, eta euskaltzaleen inplikazioa ezinbestekoa izango dela hor. «Euskaltzale aktibista gehiago behar ditugu, korrontearen kontra ere euskaraz bizitzeko hautua egingo dutenak, eta eraldaketa gorpuztuko dutenak».

Era berean, «egiturazko baldintzei» ere erreparatu beharko zaiela adierazi dute. «Euskararen auziak agenda publikoan lehentasuna lortu beharko du». Bide horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen inguruan akordio soziopolitiko berri bat hitzartzeko deia egina duela gogoratu dute, eta ezinbestekoa dela bide hori. Euskararen kontrako «erresistentziak» ere antolatzen hasiak direnez, gainera, «ausardiaz» jokatzeko garaia dela adierazi dute. «Atzera ez egiteko bide bakarra aurrera egitea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.