Euskalduna zen Ramon Labaien (Tolosa, 1928— Donostia, 2013). Peto-petoa. Euskalduna eta euskaltzalea. Eta harro zegoen. Euskal estatua nahi zuen, eta eginahalak eta bi egin zituen hura sortzeko. Dena egiteko zegoenean sartu zen frankismoaren ondorengo Eusko Jaurlaritzan, eta dena egiten saiatu zen. «Fede handia zegoen egiten ari ginen horretan, eta ausardia zegoen. Han ez zegoen bromarik». Nahastu zituen bazterrak, eta arauak guztiz errespetatu gabe ere aritu zen, berak aitortu zuenez. «Oso argi genuen gauza bat Espainiako legeria zela eta beste bat Euskal Herriaren zilegitasuna». Ez zen alferrik aritu: euskarazko telebista eta irrati publikoa, HABE, Euskadiko Orkesta Sinfonikoa, Antzerti eta Euskararen Legea bere agintaldiko fruitu dira. Lan sutsuaren emaitza.
Nolanahi ere, egiteko zegoen guztia egin gabe joan da Ramon Labaien. Eta horretarako lanean etsi gabe. Azken urteetan, esate baterako, Independentistak sarean ari zen. Izan ere, EAJkoa bazen ere, jeltzale askorik gabeko tokietan ere azaldu zen Labaien, inolako konplexurik gabe, bere ideiei jarraituz. Azken urteetan euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldietan parte hartu zuen, esate baterako. Bateragune auzian zigortutakoak aske uzteko eskatuz egindako beste hainbatetan ere parte hartu zuen; Logroñoko espetxeko atariraino ere joan zen. Eta Egunkaria auziaren kontra ere aritu zen sutsu lanean; besteak beste, diru bilketan.
Arlo askotako jakituria zuen, eta guztiak baliatu zituen ibilbide oparoan. Kimikan lizentziatua, euskaltzale porrokatua eta historia asko bere larruan bizi izandakoa. 1928ko abuztuaren 31n jaio zen, Tolosan (Gipuzkoa). Antonio Maria Labaien idazlea zuen aita. Tolosako alkatea zen aita (EAJ) 1936ko gerra piztu zenean, eta Lapurdin babestu zen familia osoa. 1944an itzuli zen Gipuzkoara. Donostiara joan zen batxilergoa bukatzera. Madrilera egin zuen gero, eta han lizentziatu zen kimikan. Familiak San Adrianen (Nafarroa) ireki berri zuen izotz fabrikan hasi zen, kimikari, baina ez zuen askorik iraun. 1958an Hotel Londresera joan zen, Donostiara, eta hango zuzendari izatera iritsi zen denbora gutxian. 1980an, lan horretan ari zela, deitu ziotenEusko Jaurlaritzara joateko.
Ordurako sartua zen politikan. Donostiako alkateorde zen, Jesus Maria Alkainen bigarrena, 1979ko hauteskundeak irabazi baitzituen EAJk, Donostian. Urtebete lehenago behin-behineko udal taldearen presidenteorde ere izan zen, Ramon Jauregi sozialista presidente zela.
Jaurlaritzara joateko utzi zuen Donostiako Udala, eta Donostiako Udalera itzultzeko utzi zuen Jaurlaritza. Alderdiak hala eskatuta, Donostiako alkatetzara aurkeztu zen, eta kargu horretan aritu zen 1983tik 1987ra. «Burgesiaren alkate» definitzen zuen bere burua. Beste lau urtez alkatetzan egoteko saioa ere egin zuen, baina EAJren eta EAren arteko banaketak kaltea besterik ez zion ekarri Labaieni: EAJ seigarren indarra izatera pasatu zen Donostiako Udalean, bi zinegotzirekin. Labaienek dimititu egin zuen orduan, eta enpresa pribatura itzuli zen, SAPA arma fabrikara. Gai militarrean aholkulari izan zen ordudanik, 2010. urtean erretiroa hartu zuen arte.
Kultura, «alarguna ez uzteko»
Carlos Garaikoetxearen gobernuan izan zen Kultura sailburu, baina Garaikoetxeak Herrizaingo sailburu izatea ere proposatu zion. Gauzak konplikatu zitezkeela aurreikusten zuen, ordea. Aurtengo maiatz-ekainean Jakin aldizkariaren 196. atalean Imanol Murua Uria kazetariak egin zion elkarrizketan kontatzen du: «Hala esan nion: 'Nahiago dut Kultura, Herrizaingoa? Alarguna uzteko?' Galdera bat zegoen orduan: zer egingo du Ertzaintzak ETAk ekintzak edo erailketak egiten dituenean? Harrapatzen ditugu ETAkoak? Gerra bat sortzen dugu? Konpromiso handia. Nik pentsatzen dut pentsatzen dudan bezala, eta Kulturan, trankil».
Oso argi zuen zer egin nahi zuen. Euskarazko telebista eta irratia zituen lehentasun goren. Eta gobernuak zenbat iraungo zuen ez zekitenez, presa ere bazuten. «Nik esan nuen Kultura Saila Defentsa Ministerioa zela. Ez geunden ziur telebistarekin euskarak iraungo zuen, baina telebistarik gabe ez zuela iraungo ziurtasun osoa geneukan». Garaikoetxea ados zegoen, eta Jaurlaritza hartan lehendakariak esaten zuena ez zenez eztabaidatzen, isilpean aritu ziren, baliabide ekonomikoak edukiko zituzten ziur.
Eta egin zuten. Baina, ez zegoen erraza. Kazetariak behar zituzten, bikoizketa egingo zutenak, itzultzaileak... Euskarazko telebistak eta irratiak aurrera egin bazuten, ikastolei esker dela esana du behin eta berriz. Hala esan zuen BERRIA-ko Igandeagehigarrian 2010ean egin zioten elkarrizketan: «Euskal Telebista, euskaraz, dudarik gabe ikastolei esker izan da posible». Frekuentzia numeroa lortzea kostatu zitzaien. Jakin-en aitortu zuen sobre bat ere izan zela tartean: «Beti izaten duzu jendea, gutun-azal batekin gauza asko egiten dituen jendea. Hala izan zen». Ez zitzaiela garesti atera gaineratu zuen.
Txiki-txikitatik bizi izan zuen Euskal Estatuaren ideia, alderdiarena baino gehiago. Jakin-eko elkarrizketan dago Labaienen pentsaera ulertzeko gakoetako bat. 1936ko gerran, aitak eta gainerako senitartekoek bananduta egin zuten Lapurdirako bidea. Aita iritsia zela eta Ramon anaia eta amarekin Zarautzen egon zen aurrena, eta Oñatin gero. Batetik bestera bidaia egin zuten egunean Loiolan bazkaldu zuten, eta han, gudarien kuartel nagusia zegoen: «Guk sinesten genuen Euskal Estatu bat zegoela. Guk ikusi genituen gudariak. Loiolan. Han zeuden gudariak. Guretzat ez zegoen alderdirik. (...) Han [Iparraldean] hazi garenok ez gara sekula alderdi bateko pertsonak izan. Sinistu dugu Euskal Estatu batean. Gaur egun falta zaigun estatu zentzua izan dugu».
'Gudariñoen' aita
Labaienek bazuen inoiz utzi ez zuen afizio kurioso bat ere: metal zurizko soldadutxoak egiten zituen, eskuz. Jakin aldizkarian zioen, erretiroa hartu zuenean ere ez zela erretiratu lan horretatik: egunero ordu pare bat egiten zituen etxean horretarako propio prestatutako txokoan. Gudariño deitzen zien; «nik asmatu nuen hitza». Labayen SA enpres ere sortu zuen horretarako, Fermin Galarretarekin 1960ko hasieran, afizioari egin ziotenean.
Pedro Miguel Etxenikek gogoan du Gudariñoekin lotutako pasadizo bat. Madrilera joan ziren biak Arias CañeterekinETBz negoziatzera. Bileraren ondoren, Labaieni gehien gustatzen zitzaiona egin zuten: berunezko soldaduak saltzen zituzten denda batera joan. Hantxe zeuden Labaienek berak egindako lanak ere. Labaien harro zegoen. Esaten zituenak egia ziren baieztatzeko saltzaileari galdetu zion Etxenikek: «Aizu, zer moduzkoak dira Labaienen soldaduak?». Saltzaileak erantzun: «Labaien, dagoen onena». Etxenikeren atzean zegoen Labaien, eta dendatik nor zen esan gabe alde egin zuten. «Horrek erakusten du nolakoa zen Ramon», Etxenikeren hitzetan.
Euskaltzalea, konplexurik gabe
Ramon Labaien hil da, frankismoaren ondorengo lehen Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Donostiako alkate izandakoaEuskal telebista eta irratia sortzeko lehentasuna hartu zuen, eta baita lortu ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu