Araba Euskaraz festa ari dira ospatzen Gasteizen. Armentia ikastolak egitarau zabala prestatu du egun osorako, eta eguraldia lagun izango dute Arabako hiriburuan. Armentia ikastolak Gertu leloa aukeratu du aurtengo jairako. Gasteizko herritarren egunerokoan hurbil egoteko asmoa adierazi dute antolatzaileek, eta hiriko gizarte eragileekin elkarlanean aritzekoa.
Ohi bezala, Araba Euskarazen bildutako dirua antolatzaile izan den ikastolan hobekuntzak egitera bideratuko da. Armentia ikastolak adierazi du garatzen ari den hezkuntza metodologia berriak aldaketak eskatzen dituela eta beharrezko moldaketa horiek egitera bideratuko dutela dirua. Horrez gain, beka-sistema bat sortuko dute zailtasun ekonomiko gehien duten ikasleei kuota ordainketa errazteko. Ikastolako arduradunen esanetan, Gasteizko familia guztiek izan behar aukera beren seme-alabak ikastolara bidaltzeko, beren egoera ekonomikoa edozein dela ere.
Atea irekita jada etorkizunari, eta #euskaraz dator!#Gertu#ArabaEuskaraz19#ArabaEuskaraz#arabaeuskaraz2019pic.twitter.com/Bnr0X1fatj
— Araba Euskaraz (@arabaeuskaraz) 16 de junio de 2019
Hasiera ekitaldian erakundeetako eta alderdi politikoetako hainbat ordezkari izan dira. Horien artean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Eva Blanco Eusko Legebiltzarreko presidenteordea eta Miren Larrion EH Bilduko legebiltzarkidea. Euskalgintzako hainbat elkarteetako ordezkari ugari ere izan da.
Hezkuntza sailburu @c_uriartetoledo, @gorka__urtaran alkatea, @ramirogonza ahaldun nagusia, Legebiltzarreko presidenteorde @evaehbildu eta @mirenlarrion Ikastolen Elkarteko lehendakari @KoldoTellitu-rekin, Arabako Batzar Nagusietako presidente @pedroelosegi... #ArabaEuskaraz19pic.twitter.com/c2CnIoOBVJ
— Araba Euskaraz (@arabaeuskaraz) 16 de junio de 2019
Giro paregabea Gasteizen. @arabaeuskaraz Euskalgintzako ordezkaritza zabala izan gara bertan. pic.twitter.com/RhNsXOQ0mm
— Paul Bilbao Sarria (@paulbilbao) 16 de junio de 2019
Egun osoko egitarau zabala izango da gaur Gasteizen. Lau gune prestatu dituzte: Prado parkea, Mineral ingurua, Armentia Ikastola eta Armentiako zelaia.
Musikari dagokionez, Joselu Anaiak, Skabidean eta Ze esatek! taldeen kontzertuak izango dira, besteren artean. Kolonbia, Bolivia eta Saharako doinuekin gozatzeko aukera ere izango da Armentiako zelaietan.
Armentia Ikastolan bertan, Erronka lehiaketa, Imanol Iturriño magoaren ikuskizuna eta herri bazkaria antolatu dituzte.
Potx eta Lotx pailazoak ariko dira Prado gunean, Kittu txarangak ingurua alaituko du eta Osakidetzak lehen sorospenenei buruzko ikastaroetan parte hartzeko aukera izango da.