Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeak dimisioa eman du

Gramatika «erabilgarriago» bat proposatu du euskaltzain batek, eta batzordeak baino boto gehiago jaso ditu osoko bilkuranPello Salaburuk adierazi du zuzendaritzak batzordearekiko konfiantza galdu duela

Euskaltzaindiko hainbat euskaltzain Bilbon; tartean, Gramatika Batzordeko kideetako batzuk, artxiko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2013ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko hamabost kideek dimisioa aurkeztu dute, joan den ostiralean osoko bilkuran gertatutakoaren ostean. Batzorde horrek egindako azkeneko proposamenari ohar batzuk egin zizkion euskaltzain batek, gramatika «erabilgarriago bat» egitea proposatuz. Beste erakunde batek egingo lukeen gramatika, batzordeko kideen arabera. Bi proposamenak eztabaidatu eta bozkatu eta gero, euskaltzainarenak batzordearenak baino boto gehiago jaso zituen. Eta, ondorioz, batzordeko kide guztiek dimisioa eman zuten astelehenean. Euskaltzain izaten jarraituko dute, dena den.

Miren Azkarate Gramatika Batzordeko kide izan da 1980ko hamarkadatik. Batzorde bakoitzak bere jardunaldiak egiten ditu egitasmoak azaltzeko, eta aurtengo martxokoak gogoratu ditu Azkaratek: «Euskaltzainek beren oharrak egin ditzakete, eta gure batzordean euskaltzain batena jaso genuen, ekarpen gisa har daitekeena. Beste modu bateko gramatika bat proposatu zuen, arau emaileagoa izango zena». Batzordeak onartu zuen Euskaltzaindiak bere gramatika propioa plazaratu behar duela. «Kontua da ea noiz gauden kondiziotan horrelako lan bat egiteko, eta, bestetik, nork egin beharko lukeen», azaldu du Azkaratek. «Batzordeari iruditzen zitzaion ez zegoela nahiko berme une honetan horrelako lan bati ekiteko, badugulako aldez aurretiko lana». 1980an sortu zen batzordea, eta 1984tik hona batzorde horrek gramatikako zazpi liburuki egin ditu —Jean Haritxelar zenak egiten zituen fitxak hasierako liburukietan—. «Lan horren bilduma egiten denean egin daiteke berme nahikoarekin euskararen gramatika preskriptiboa. Une honetan ez genuen ikusten beste talde bat horrelako lan bat egiteko moduan».

Ildo berean mintzatu da Pello Salaburu batzordeko arduradun ohia: «Beste moduko gramatika labur bat egitearen proposamena ikuspuntu akademikotik ez zitzaigun egokia iruditu». Hilabeteak ziren batzordea lanean ari zena, urteotako liburukien laburpena nola egin zehazten. Euskaltzainak proposatutako gramatika laburraren lanketan batzordea kanpoan uztea ez zuten ondo ikusi. «Gainera, iruditzen zitzaigun gramatika labur hori guk proposatutako laburbilduma baino lehenago ezin zitekeela egin; gehienez, parean. 32 urteko lanaren ostean, ikusten genuen gauza batzuk gramatika preskriptiboetan beste modu batean azaltzen ari direla munduan eta hori ondo aztertu behar genuela». Beste hizkuntzetan gramatika laburra lan luzea egin ostean egiten dela gogorarazi du Salaburuk. «Gainera, Euskaltzaindiak ez badu ikusten gramatika hori Gramatika Batzordeak egin behar duela, zalantzan jartzen du batzordeko kideen gaitasun akademikoa. Eta gramatika kontuetan, Gramatika Batzordean dago jenderik prestatuena», gaineratu du EHUko irakasleak.

Osoko bilkura egin aurretik, batzordeko kide guztiak ados gelditu ziren dimisioa emateko ez bazen haien proposamena aurrera ateratzen. «Baina erabaki genuen bilkuran ez ematea dimisio horren berri, ez genuelako inor presionatu nahi», azaldu du Salaburuk. «Batzordeko kide guztien artean alde horretatik ez zen zalantzarik izan».

Ostiraleko osoko bilkuran gertatutakoaren ostean, Salaburu gogor mintzatu da: «Gure lana ez da aintzat hartu. Eta Euskaltzaindiak konfiantza galdu du gugan». Azkarateri iruditzen zaio osoko bilkurak ez diola behar besteko konfiantza erakutsi batzordeari: «Horregatik, ez dugu behar besteko girorik ikusten horrelako lanean jarraitzeko». Salaburuk nabarmendu du batzordeko kide askok ardura karguak izan dituztela erakundeetan, eta ondo dakitela egoera zein den. «Hau ez da beroaldi baten ondorioa. Asko kosta zaigu urrats hau egitea».

Urteotan Gramatika Batzordeak egindako lanak «oso errespetatuak» izan direla gogorarazi dute Salaburuk eta Azkaratek. 80ko hamarkadatik egin den ikerketaren pareko lan bat egin nahi bada, Azkarateri iruditzen zaio «beste buelta sakon bat» egin behar dela. «Horrek ez du esan nahi egiten denak ulertzeko zaila izan behar duenik, baizik eta ikertu den hori jendeak ulertzeko moduko hizkera batera ekartzea».

Osoko bilkura, hilaren 20an

Euskaltzaindiko zuzendaritzak atzo arratsaldean jaso zuen Gramatika Batzordeko kideen dimisioa, idatziz. Eta osoko bilkurara bidaliko du. Bilera ere izan zuen atzo zuzendaritzak, baina ez zuen aztertu Gramatika Batzordearen dimisioa. Hilaren 20ko osoko bilkuran aztertuko dituzte euskaltzainek kargu uzteak. 29 euskaltzain daude deituta bilkurara, ohiko moduan.

Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak, berriz, honakoa esan dio BERRIAri: «Inor ez dago Euskaltzaindian jarraitzera behartuta». Horrez gain, Euskaltzaindiak «egoera zailagoak» bideratu dituela azaldu du. «Konfiantza osoa daukate batzorde guztiek». Erabakiak, hala ere, osoko bilkurak hartzen dituela nabarmendu du.

Salaburuk aitortu du ez dagoela batere gustura dimisioaren erabakia Euskararen Nazioarteko Egunean zabaldu delako. «Hori ez genuen baloratu; damutzen naiz. Ez genuen inolako asmorik Euskararen Egunean horrelakoekin hasteko».

Etorkizunari begira, Salaburuk adierazi du batzordeko kide ohiak prest daudela lanean segitzeko haiekiko errespetua erakusten bada. Azkaratek nahiko luke egoera honetatik «irtenbide bat» aurkitzea. «Gauzak oraindik molda daitezkeela uste izateari ez diot uko egin. Batzuetan horrelako egoeretatik ere hausnarketak eta irtenbideak ateratzen dira». Salaburuk, dena den, zail ikusten du Euskaltzaindiak hartutako erabaki bat atzera botatzea. «Hori oso konplikatua da», esan zuen euskaltzainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.