Andres Urrutia. Euskaltzainburua

«Euskaltzaindiak, zerbitzua ematen ez badu, jai dauka»

Aldi gorabeheratsuak dituzte Euskaltzaindian. Desadostasunak «bide instituzionaletik» bideratu behar direla ohartarazi du Urrutiak. Gizarteratu beharraz mintzo da behin eta berriz, gizarteari egin behar diotela zerbitzu.

ARGAZKIAK: JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2014ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Irmo mintzo da, nahiz eta garai erosoenean ez den bizi Euskaltzaindiko buru gisa. Gogoeta garaia hasi dute euskaltzainek, eta hortik zer aterako den ikusi arte, Abenduaren 20an Baionan aho batez adostu zuten adierazpenari lotu zaio Andres Urrutia (Bilbo, 1954). Horren gainetik, Euskaltzaindiak martxan segitzen duela nabarmendu du, lanean ari dela.

Lasaitu al da giroa Euskaltzaindian?

Baionako bileran aho batez onartu zen testuak laburbiltzen ditu azkeneko esamesak eta tirabirak. Batetik, gogoeta aldia zabaldu da. Bestetik, azpimarratu genuen gauza garrantzitsu bat: osoko bilkuraren kide guztiak eta han egiten den lana berdinak direla. Azkenik, konturatzen gara esames eta tirabira horiek ez direla oso onuragarriak, ez bakarrik Euskaltzaindiarentzat, ez bada euskararentzat eta euskalgintza osoarentzat. Gure asmoa da ahal den neurrian adostasunaren bidetik bideratzea, eta beti bide instituzionaletik. Bide horiek erabili behar dira artezteko eta zuzentzeko.

Kezkatzen zaitu emandako irudiak?

Kezkagarri da esanahi batean. Argi dago euskalgintzaren barruan iritzi ezberdinak ditugula eta iritzi ezberdinak izan daitezkeela. Zergatik ez? Hori da demokrazia. Beste gauza bat da iritzi desberdinen gainetik bide instituzionalak badirela. Horiek erabili behar dira iritziak bideratzeko. Hori egiten jakin behar dugu. Ez badugu egiten, desbideratuko eta zapuztuko genuke iritzi aniztasuna. Iritzi ezberdinak egon behar dira, hor dago bizitasuna, baina jakin behar dugu bideratzen, batez ere bide instituzionaletatik.

Bi talde daude Euskaltzaindian?

Ez. 29 talde. 29 kide.

Egia da, hala ere, elkar hartutako euskaltzain batzuk daudela. Dimisioa elkarrekin eman dute batzuek.

Hor ez daude soilik euskaltzain osoak; badaude urgazleak eta ez urgazle ez oso ez direnak. Euskaltzaindia errealitate konplexua da. 29 kide, eta bakoitza mundu bat da. Kide bakoitzak oso esanahi zabala dauka euskalgintzan, alor desberdinetako jendea daukagulako, eta alor horietan jende horiek erreferentzialak eta esanguratsuak direlako. Esfortzua egin behar dugu adostasunetara iristeko. Puntu batzuetan euskaltzain batzuk egongo dira adostuagoak, eta beste batzuetan, beste batzuk. Sinesten dut aniztasun horretan. 29 pertsona, eta iritzi esanguratsuak dituzte euskalgintzan. Ez dira edonor. Batzuetan gaitza gertatzen da. Erraztasun handirik ez du ematen, esate baterako, horrelako pertsona esanguratsuak biltzeak hilero eta puntu batzuen gainean adostasuna lortzeak.

Gogoeta aldia noiz artekoa da?

Ironia puntu bat erabilita, esango nuke Euskaltzaindiaren timing-a oso berezkoa dela. Noiz arte? Behar den arte. Behar dugun denbora hartu behar dugu, berresteko Euskaltzaindia aurrera doala. Pertsonok igaro egiten gara. Karguak ez dira hemen biziartekoak. Baina erakundeak merezi du.

Askotan esan duzu Euskaltzaindiak gizarteratu beharra duela. Ez duzu ikusten behar adina gizarteratua?

Adibide bat. 2009an, Euskaltzaindiaren 90. urteurrenean, inkesta bat egin zen, ea zer-nolako harrera zuen gizartean. Emaitzak oso adierazgarriak dira. Jendeak ikusten du Euskaltzaindia beharrezko dela, zientifikotasunaren eta prestigioaren ikuspegitik ondo dagoela. Aldiz, galdetzean errealitate soziolinguistikotik hurbil dagoen, nota nabarmen jaisten da. Euskaltzaindia gizartetik hurbil dago? Nota nabarmen jaisten da.

Sarri askotan, guk geronek ez dugu kontuan hartzen gure lana gizarteratu beharra dagoela. Alferreko lana litzateke Euskaltzaindiarena, gizarteratzen ez bada. Ondo ulertu. Gizarteratze lana izan daiteke ikusgarritasuna ematea. «Euskaltzaindia hor dago, lanak egiten ditu... Zer-nolako jakintsuak diren horiek!». Ez. Jakituria horrek ekarri behar du onuragarritasuna gizartearentzat. Esaterako, Nafarroara edo Iparraldera joatean, hango euskalgintzak ikus dezala han dagoela Euskaltzaindia, laguntzen, presentzia ematen, foroa sortzen.

Euskaltzaindiak jakin behar du errealitate berriak ditugula. Errealitate berri hori egunero ari da lanean. Egunerokotasun hori ere errekuperatu behar du Euskaltzaindiak lan linguistikoak egitean. Esaterako, BERRIAn egunero hizkuntzarekin lanean ari zaretenok arazoak dituzue, eta gauza zarete detektatzeko. Esperientzia hori galdu egin behar dugu? Esperientzia hori ez dugu barneratu behar? Nire ustez, hori ere esan nahi du gizarteratze lanak.

Orain arte egin du lan hori?

Euskaltzaindiak oso baldintza zailetan lan egin du, batez ere gerra ostean. Errealitate berria dugu azken 25 urteetan. Egokitzen ari da Euskaltzaindia. Kontuan hartzen ez baditu komunikabideak, administrazioa, irakaskuntza, idazleak, itzultzaileak, bitartekaritza linguistiko eta kulturala, euskaraz egunero ari direnak, hori baliatzen ez badugu, jai daukagu. Azken urteetan ari gara Euskaltzaindiak egindako emaitza kultural eta zientifikoa gizarteratzen. Batzuek esango dute horrek ez duela inolako eraginik. Berezilari edo espezialista batzuentzat, seguru asko. Baina, oro har, publiko zabalarentzat, zergatik ez?

Jagon eta Iker adarrak ditu Euskaltzaindiak. Iker bultzatu da gehiago?

Logikoa da, neurri batean. Batez ere azken urteetan. Jagon sailean, Euskaltzaindiaren babesean egin ziren EGA titulua, bertsolarien lehiaketak, alfabetatze prozesua, hainbat ikastolaren legeztatzea... Gaur egun, zorionez, baditugu beste instantzia batzuk: foru aldundiak, Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, EEP... Hizkuntza politikaren arduradun dira. Jagon-etik Euskaltzaindiak zer egin beharko luke eta egiten du? Besteak beste, foroa eskaini, kezka erakutsi: lurraldez lurralde zer egiten ari den, esaterako, eskubide linguistikoen ikuspegitik. Jardunaldien , material batzuen argitalpenaren bidez... Hori da gaur egun Jagon sailaren lana sustapenean. Corpus batzordea arduratzen da estilistikaz: gauza batzuk eskatzen ditu poesiak, beste batzuk narratibak, beste batzuk kimikak eta fisikak... Euskaltzaindiak laguntza eman beharko luke horretarako, eta oztopo ez izan.

Euskaltzainburu kargua hartzean, esan zenuen funtzionamendua aldatu behar zela. Non zegoen akatsa?

Ez da akatsa. Historia batetik gatoz, eta eguneratu beharra dago, on guztiak gordeta. Hiru puntu planteatu nituen, eta uste dut aurrerabideak eman dituela Euskaltzaindiak. Lehena izan zen euskaltzain oso berriak ekartzea. Gazteagoak. Ez gazteagoak izatearren, ez bada adinaren kopurua oso altu zegoelako, eta, gainera, estatutuek ez zuten ahalbidetzen jende berria sartzea. 2000tik, Euskaltzaindiko kideen erdiak baino gehiago berriak dira. Horrek, esperientziaren ikuspegitik, baditu alde onak eta ez hain onak.

Bigarrenik, barne kudeaketan, kudeaketa profesionaltzea eta gaur egun egiten den moduan egitea; kontu arrazoiak eman behar dira administrazioaren aurrean. Euskaltzaindiak erabiltzen duen dirua publikoa da gehien bat.

Eta hirugarrena, proiektuak muntatzea. Zoritxarrez, ekonomiaren ikuspegitik, ez dugu izan egitasmo guztiei eusteko aukera, baina batzuk muntatu dira. Non dago desberdintasuna? Batzordeak biltzen dira noizetik noizera; egitasmoetan, aldiz, teknikariek egunero lan egiten dute, eta gero zuzendari dago euskaltzain oso, urgazle edo ohorezko bat. Emaitza konkretuak ekartzen dituzte.

Kontrol gehiago dago, beraz?

Ez. Koordinazio gehiago. Koordinazioa beharrezkoa da diru publikoaren kontu arrazoiak emateko. Ez horretarako bakarrik, ez bada proiektu, egitasmo eta ekimenak epe batzuen barruan egiteko. Kontrola izan liteke ideologikoa, politikoa edo administratiboa... Ez. Bat da kontrola, eta beste bat, koordinazioa. Autonomia osoa du batzorde bakoitzak. Zerbitzuak eta lan kontratuak daude zuzendaritzaren ikuskaritzapean. Goi mailako agintaritza ez du zuzendaritzak, osoko bilkurak baino.

Batzordeetan ari dira euskaltzain urgazleak eta euskaltzain ez direnak. Badute behar adinako zeresanik?

Ez. Argi esan behar dut. Beti sentitu dut faltan. Urgazleei esku gehiago eman beharko litzaieke. Hori bideratzen, hor dago mentsa.

Soluziorik badaukazu?

Zaila da. Besteak beste, osoko bilkuraren goren mailako izate horrek ez duelako ematen biderik urgazleei erantzukizun gehiago emateko. Hala ere, esango nuke gero eta urgazle gehiago hurreratu dela. Baina argi esan dezadan nire ustez hor mentsa badugula, eta konpontzea ez dela erraza. 2005ean esan nuen, gerokoan ere bai, gaur esaten dizut, eta ez nuke nahi hemendik bi-hiru urtera esatea. Baina, seguru asko, ez dizut esango konpondu dugula.

«Goren mailako» bilkura. Elite bat?

Elitearen kontzeptua ez dut ulertzen, baldin eta hitz egiten badugu talde baten inguruan, bere burua elikatzen duela, eta beste inor kontuan hartzen ez duela. Elitea ulertzen badugu honetara: prestakuntzaren eta esperientziaren ikuspegitik, euskara eta euskal kulturarako sentsibilitate handiko jendea, prest dagoena lan egiteko eta fruituak eskaintzeko gizarteari, orduan elite deitzen badiozu, konforme. Deitzen bazaio lehenengoari, bere buruaren inguruan biraka dabilen talde aukeratu bati, nik ez dut ulertzen. Ez dut neure burua hor ikusten.

Euskaltzain berri gehiago behar dira? Beste gaztetu bat behar da?

Ez dakit. Segun zer-nolako papera eta egitekoa ematen diozun Euskaltzaindiari. Ematen badiozu paper aktiboa, baina bilatzen baduzu oinarrian esperientziadun jendea, bistan da esperientziarako beharrezko dela urte batzuetan lanean egotea. Ulertzen dut beste batzuek esatea: «Akademia, zertarako? Guk egingo dugu». Hizkuntza nahi badugu izatea komunikaziorako tresna, behar dugu formalizazio bat. Oraintxe, Euskaltzaindiak egiten du. Bere on-gaitz guztiekin, baina aurrera doa. Hortik aurrera, beste batek egiten badu, munduan badira beste eredu batzuk. Hain gaizki ez zaigula joan dirudi, eta jarrai dezakegula. Eskarmentudun jendea behar dugu. Eta hori ez dut lotzen adinarekin.

Beste erakunde batzuk lan horretan Euskaltzaindia baino lehen ari dira?

Beste erakunde batzuk izan daitezke arauemaile direnak. Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila ari da definitzen alor batzuk, testu liburuetarako behar dutelako. Euskaltzaindira jo dute, eta hark irizpenak eman ditu; kasu batzuetan esan du oraindik ez duela erabaki, baina ikusi duela zentzuzkoa dela proposatzen dena. Beste gauza bat da arauemaile izate horrek zer esan nahi duen. Esan nahi du Euskaltzaindiak arau hertsiak, estuak ematen dituela, eta hortik aurrera ez dagoela ezer? Ez dut uste. Euskaltzaindiaren araubidea oso zuhurra izan da. Arauekin batera, gomendioak ere erabili ditu, ikusteko gizartean zer bide egiten duen, gero erabakitzeko. Arau hertsiak, goren mailakoak ematen dituena, eta egunero aldatzen dituena, irudia hori bada, nik bizi izan dudan Euskaltzaindia ez da hori. Euskaltzaindiak, zerbitzua ematen ez badu, jai dauka.

Diru kontuak nola daude?

Ez hain ondo. Ez guk nahi adina, baina badugu eusteko. Finantzabideak herena baino gehiago urritu dira azken bost urteetan. Konturatzen gara aurre egin beharko diogula, bilatu beharko ditugula diru iturriak batetik eta bestetik.

Frantziako Gobernuari gutun bat bidali diozue, Iparraldeko egoeragatik kezka agertuz. Ezohiko keinua da?

Ohiko keinu baten barruan sartzen da. Oso kezkatuta gaude. Saiatu gara harremanak ontzen eragile sozial, linguistiko eta politikoekin Iparraldean. Egoera oso delikatua da. Hala ere, ondo ulertu: Euskaltzaindiak hori erreibindikatzen duenean, nik hala ulertzen dut behintzat, Iparraldekoek egin behar dute lan. Guk lagundu dezakegu, izan gaitezke bidelagun. Baina Euskal Herrian beharrezko da, ez bakarrik Iparraldean, lurralde bakoitzean euskalgintzaren indarrak ahalbidetzea, aurrera egiteko. Laguntza eman behar da, baina errespetatuz lurralde bakoitzeko berezitasunak.

Nafarroan ere egoera ez da onena. Kontuak eskatu gobernu hari ere?

Gutunak bidali dizkiogu. Gutunak, pluralean. Erakunde ofiziala garen neurrian, gobernuarekin harremana dugu; badugu itun bat. Baina Nafarroako euskalgintza aintzat hartzen dugu, harekin lan egiten dugu. Biak uztartzen saiatzen gara. Nafarroako egoera ekonomikoa ez da ona; gobernuak, baita ere, mugak jarri ditu euskararen eta euskalgintzaren ikuspegitik. Gure lana da harreman instituzionalak gordetzea, eta euskalgintzari aukera ematea eta ahal dugun neurrian laguntzea. Ekonomikoa ezin dugu, baina badira bestelakoak ere.

Elkarrizketa bideoan ikusteko, jo BERRIAren webgunera: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.