Euskara

Euskaltzaindiak liburu batean jaso du euskararen normatibizazioan egindako lana

Euskara batuaren 50. urteurrenean Arantzazun izandako hainbat adituren gogoetak bidu ditu akademiak, besteak beste. Euskara batuaren corpusean eta estatusean «jauzi kualitatibo ikaragarria» egin du, Andres Urrutia euskaltzainburuaren esanetan.

Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria, liburua aurkezteko egin duten agerraldian. EUSKALTZAINDIA
Julen Aperribai.
2022ko urtarrilaren 20a
12:34
Entzun

Azken 50 urteetan euskararen normatibizazioaren eta estandarizazioaren arloan eginiko lana gidaliburu batera eraman du Euskaltzaindiak: Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018. Duela lau urte, euskara batuaren 50. urteurrenaren harira, akademiak biltzarra egin zuen Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa), euskara batuaren oinarriak jarri ziren leku berean. Biltzar hartan izan ziren 49 adituk hausnartutakoak eta esandakoak jaso dituzte liburuan. Horien artean dira, besteak beste, Manuel Gonzalez, Miren Azkarate, Asier Larrinaga, Irene Arrarats, Xabier Isasi, Elixabete Piñol, Maddi Etxeberria, Joxerra Garzia, Andres Alberdi eta Bernardo Atxagaren gogoetak. Baita nazioarteko beste zenbaitenak ere.

Euskaltzaindiak berak egindako gogoetak ere jaso dituzte liburuan. Andres Urrutia euskaltzainburuak gidaliburua aurkezteko agerraldian zehaztu duenez, «corpusari buruzko gogoeta sakona» egin dute, eta Euskaltzaindiak hainbat alorretan egindako «aurrerapenak» azaldu dituzte, hala nola hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan eta ahoskeran egindakoak. Hala ere, «corpusak eta estatusak» lotuta behar dutela esan du Urrutiak, eta alde horretatik izandako lorpenak ere aipatzen direla gaineratu: «Argi ikusten da, ildo beretik, gure hizkuntza administrazio publikoan, hezkuntzan edo itzulpengintzan baliatzeko tresna fina izan dela eta badela. Horixe da, izatez, Euskaltzaindiaren zeregin nagusia: tresnak sortu eta gizarteratu, berari dagozkion alorretan».

Euskara batuak «bere funtzioa bete» duela adierazi du Urrutiak, eta «jauzi kualitatibo ikaragarria» egin duela azken 25 urteotan: «Tresna eraginkorra da erabilera jasoaren ikuspuntutik; zentzu horretan, gizarteak eskatzen dituen funtzio guztiak betetzen ditu, eta, gainera, euskararen lurralde guztietara hedatu da». Aurrerapenon tamaina erakusteko, euskara batuaren auzia «hil ala bizikoa» ere izan zela gogoratu du euskaltzainburuak. Hala ere, hizkuntzarena «eten bako prozesua» dela ohartarazi du, eta oraindik badagoela «zer egin». Euskara egungo garaira egokitu beharra dagoela azpimarratu du: «Tokian tokiko errealitate erta moldeak kontuan izan behar ditugu, euskara errealitate berrietara egokitu behar da —digitalizazioa, ikus-entzunezkoen aldaera berriak, adimen artifiziala...—, eta euskalgintzan gabiltzanok baliatu behar dugu batua koordinazio tresna gisa». Ahalegin horrek, euskara garaira eta etorkizunera egokitzekoak, liburuan presentzia handia duela erantsi du.

Euskara batuaren adierazpena-k ixten du liburua, zeinak Euskaltzaindiaren helburu nagusiak berresten baititu. Joan Mari Torrealdaik irakurri zuen adierazpen hori 2018an, Arantzazun egindako mintegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.