Euskara

Euskaltzaindiak eta Lizarrako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute lehen aldiz

Lau urterako ituna izanagatik, «lankidetza egonkorra finkatzeko» xedea dute aldeek. Ikastaroak, hitzaldiak eta gazteen artean euskara sustatzeko egitasmoak antolatuko dituzte, besteak beste

Sagrario Aleman, Euskaltzaindiko ordezkaria, eta Koldo Leoz, Lizarrako alkatea, gaur, hitzarmena sinatzen. BERRIA
2023ko martxoaren 16a
17:18
Entzun

Euskaltzaindiak eta Lizarrako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute lehen aldiz. Itunak lau urteko iraupena du, baina «lankidetza egonkorra finkatzeko helburua» nabarmendu dute bi aldeek, eta elkarlan horren bidez adostuko dira «euskararen sustapenaren esparruan» antolatuko diren egitasmoak eta jarduerak. Lizarrako alkate Koldo Leozek eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkari Sagrario Alemanek sinatu dute hitzarmena, udaletxean eginiko ekitaldian. «Euskaltzaindian euskalgintzako eta administrazioko hainbat eragilerekin zubiak eraikitzeko gogoz eta asmoz ari gara lanean, eta horren adibide dugu honako hitzarmen hau. Elkarlan honek etorkizunean euskararen zabalkundean fruituak emanen dituelakoan gaude, bai Lizarran, bai Nafarroa osoan ere», azaldu du Alemanek.

Gaur sinatutakoa arnasa luzeko ituna da, baina bi erakundeek konpromisoa hartu dute 2023an zenbait jarduera antolatzeko: Euskara Batuaren Eskuliburuaren eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren erabileraren inguruko prestakuntza saio bat; euskal izen-deiturei, tokiko toponimoei eta etxe izenei buruzko hitzaldi bat; eta, azkenik, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmo bat. Horrez gain, Lizarrako Udalak euskarari buruzko kontsultak egiten ahalko dizkio Euskaltzaindiari.

«Hitzarmen honen bidez, bi erakundeen arteko elkarlan iraunkorrerako lehenengo pausoa eman du Lizarrako Udalak. Hori horrela izanik ere, akordioa sinadura hutsa baino gehiago dela nabarmendu nahiko nuke; izan ere, helburua euskara herritarron artean zabaltzea bada ere, erakundeak jendartearen zerbitzura jartzeko saiakera ere bada», esan du Leozek. Aurrerantzean, euskarari lotutako gaiei dagokienez, Euskaltzaindia izanen da Lizarrako Udalaren erakunde aholku-emaile ofiziala. Udalak euskararen alorrean eginiko lana goraipatu du akademiak, «bereziki, hizkuntzaren sustapenaren, sentiberatzearen eta erabileraren eremuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.