ELKARRIZKETA PAREA. Miriam Urkia. Euskaltzain oso hautatua

«Euskaltzaindia gerturatzen ari da, beste irudi bat ematen»

Euskaltzain oso izango dira Miriam Urkia eta Roberto Gonzalez de Viñaspre. Joan Mari Torrealdairen eta Patxi Uribarrenen aulkiak hartuko dituzte. Sei emakume eta hemezortzi gizon izango dira aurrerantzean euskaltzain oso; lehen aldiz, ez dago elizgizonik tartean.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Lanean harrapatu du izendapenak. Iruñean zuen osoko bilkura atzo Euskaltzaindiak, eta han zen, hiztegi lantaldeko ordezkari, Miriam Urkia (Donostia, 1965). Arlo horretan ari da urte luzez. Euskal Filologian doktorea da, eta UZEIko Lexikografia Saileko zuzendaria. Euskaltzaindian, 1999tik dago Hiztegi Batuaren lantaldean, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduraduna da 2013tik. Joan Mari Torrealdairen aulkia hartuko du. Eskerrak eman dizkio Urkiak.

Izendapena orain. Hautagai egin zintuztenean nola jaso zenuen?

Hainbat batzorde eta lantaldetan sartua nago aspaldi samar. Osoko bilkura askotara joatea tokatzen zait, hiztegiko kontuak azaltzera. Sustoa hartu nuen, noski, baina batzuek adarra jotzen zidaten lehenagotik: «Hurrengoa zu zara». Ez dakit errekonozimendua izan den, edo azkenean denbora asko neraman hor lanean eta...

Lehen ere hor zabiltzanez, ez duzu uste aldaketa handirik ekarriko dizunik euskaltzain oso izateak?

Ez dut uste. Hiztegian buru-belarri sartuta nago, bai lantaldean, bai egitasmoan. Tokatu zait, gainera, osoko bilkuran gauza horiek defendatzera joatea. IKT batzordean ere sartua nago, eta Gipuzkoako ordezkari ere banaiz. Askoz gehiago ez dut uste tokatuko zaidanik [irribarrez]. Aldatuko da orain arte osoko bilkuretara joaten nintzenean nire partean egoten nintzela, eta hiztegi kontua bukatzean, alde egin. Orain, bilera osoan egon beharko dut. Bestela, espero dut asko ez aldatzea.

Zein izango da zure ekarpen nagusia euskaltzain gisa?

Batez ere hiztegian nabil. Euskaltzaindiaren Hiztegian buru-belarri sartuta gaude. Hobetzen ari gara. Lortu dugu sarean eguneratzea, eta etengabe osatzen ari gara. Hiztegian egin dezaket ekarririk handiena.

Mendeurrena du Euskaltzaindiak datorren urtean. Erakunde gisa, zertan da Euskaltzaindia?

Egia esan, azkenaldi honetan nahiko aktibo bezala ikusten dut. Orain arte beti ikusi izan dugu aparteko erakunde bat bezala; errespetu ikaragarria genion, baina pixka bat mundutik aparte bezala ikusten genuen askotan. Orain, sare sozialetan dezente azaltzen da, leku askotan ikusten dugu, mendeurrena prestatzen ere leku eta jende askorengana iristeko asmoa du... Ari da gerturatzen nolabait, edo beste irudi bat ematen.

Aurten dira 50 urte euskara batua sortzeko biltzarra egin zutela. Zer moduzkoa da euskara batuaren osasuna?

Ona dela uste dut. Gaur egun, euskaraz bizi gaitezke normal asko: ikasketa guztiak euskaraz egin ditut, unibertsitatean euskaraz ikasi ahal izan dut... Hori dena euskara batuari esker izan da. Telebista daukagu, BERRIA, testuliburuak... Normaltasun batera iritsi gara, euskalkien kontua tarteka ateratzen bada ere. Gainera, batak ez du bestea kentzen. Normalizazio baterako, euskara batuaren osasuna nahiko ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.