DONOSTIA. Xarles Bidegain eta Andoni Sagarna euskaltzain emeritu bilakatu izanak utzitako hutsunea bete dute Itxaro Borda idazleak eta Andres Alberdi hizkuntzalariak. Donostiako udaletxean egindako osoko bilkuran hartu dute erabakia euskaltzain osoek.
Euskaltzaindiak urriaren 28an Gasteizko ordezkaritzan egindako bilkuran proposatu zituen Borda eta Alberdi karguak hartzeko hautagai. Orain, karguak hartuta, zortzi hilabeteko epea izango dute sarrera hitzaldiak prestatzeko.
Getarian sortua da Alberdi (Gipuzkoa), 1950ean. Filosofiako lizentziaduna da, eta irakaskuntzan 38 urtean aritua. Euskara eta Literaturako katedraduna da, eta Elgoibarko Institutuan aritua, 2011. urtean erretiroa hartu zuen arte. Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da.
Itxaro Borda Baionan sortua da, 1959an. Historiako goi mailako ikasketak egin zituen, eta, gaur egun, postari ogibidetik erretiratua da. Idazlea da, poeta, artikulugilea, eta abesti askoren hitzak idatzi ditu Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. Oso gaztea zelarik hasi zen izkiriatzen Herria astekarian. Denera hamalau eleberri idatzi ditu. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021ean.
Euskaltzain oso izendatu dituzte Borda eta Alberdi
Xarles Bidegainek eta Andoni Sagarnak utzitako lekuak hartuko dituzte. Borda idazlea da; Alberdi, hizkuntzalaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu