Mugarria eta historikoa. Bi hitz horiek erabili dituzte Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, eta Isabel Isazelaia eta Laida Beristain herri ekimeneko euskaltegietako ordezkariek. Akordioa sinatu dute alde biek euskaltegietako irakasleen lan baldintzak hobetzeko. «Euskaltegien aspaldiko aldarrikapena bete dugu», esan du Zupiriak, eta Beristainek bide beretik: «40 urtean egindako aldarrikapena betetzea lortu dugu». Lau ikasturtean soldatak %36 igoko zaizkie euskaltegietako irakasleei, eta eskola orduak %26,5 murriztu.
Horretarako, Jaurlaritzak herri ekimeneko euskaltegiei ematen dien diru laguntza handituko du datozen lau ikasturteetan: ikasturte honetan 22,4 milioi euro bideratu dira euskaltegietara, eta 2024-2025ean 32 milioi euro izango dira. Hau da, 10 milioi euro emendatuko da Jaurlaritzaren inbertsioa. Gaur egun bezala, Habek bideratuko ditu diru laguntza horiek, eta euskaltegien finantzaketa publikoa, %63koa izan ordez, %70ekoa izango da.
Herri ekimeneko euskaltegietako irakasleen lan baldintzak udal euskaltegietakoenekin alderatuz gero, ezberdintasuna agerikoa da: bi sareetako irakasleen arteko soldata aldea %40koa da, eta lehen sarean 1.000 eskola ordu ematen dituzte, eta bigarrenean 735 —%26ko aldea—. Arrazoi horiek tarteko, herri ekimeneko irakasleen profila asko zahartu da, eta irakasle gazteek ez dute lekukoa hartzen. Gaur goizean agerraldian eman duten datuaren arabera, azken ikasturtean 10 irakasletik batek utzi egin du eremu horretako irakaskuntza. «Euskaltegietan lanean hasten diren irakasleen asmoa ez da epe luzerakoa izaten, eta gehienek esperientzia hartzeko baliatu ondoren alde egiten dute», azaldu du Zupiriak.
Izan ere, euskaltegietan eskatzen den maila akademikoa irakaskuntzako beste sare batzuetan eskatzen denaren parekoa da, baina lan baldintzak, eskasagoak. Horregatik daukate herri ekimeneko euskaltegiek halako zailtasuna lantaldea berritzeko. Kontuan izan behar da gaur egungo langileen erdiek 50 urte baino gehiago dituztela, eta, beraz, hamar urtean langile kopuru handi bat berritu beharko dutela euskaltegiek. Hutsune horri aurre egin, eta euskaltegietako irakasleen baldintzak hobetzeko sinatu dute akordioa.
Eusko Jaurlaritza osatzeko gobernu akordioan bertan hitzartu zuten jeltzaleek eta sozialistek euskaltegietako irakasleen lan baldintzak hobetzeko konpromisoa. Lau urteko epean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleek jasotzen duten 25.000 euroko soldata 34.000 eurora igoko litzateke, eta 1.000 eskola ordutatik 809 ordura jaitsi.