Euskaltegietako ikasleen %10 atzerrietatik heldutako migratzaileak direla jakinarazi du HABEk

Agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean HABEko zuzendari Jokin Azkuek eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok; ikasleak euskaltegietara erakartzen jarraitze aldera, doakotasunaren bidean urratsak egiten jarraitzeko asmoa azaldu dute.

Jokin Azkue eta Aitor Aldasoro, gaur, agerraldian. BERRIA
Jokin Azkue eta Aitor Aldasoro, gaur, agerraldian. BERRIA
arantxa iraola
2025eko apirilaren 9a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen datuen arabera, euskaltegietako ikasleen %10 inguru atzerrietatik heldutako migratzaileak dira. HABEko zuzendari Jokin Azkue eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro Eusko Legebiltzarrean izan dira, Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean, eta han eman dute datu hori. Gehitu dute euskara ikasleen %12 inguru «beste autonomia erkidegoetan» jaioak direla. EH Bilduk propio eskatuta egin dute agerraldia. Euskalduntzearen eta alfabetatzearen inguruan egindako bi ikerketaren emaitzak aurkeztera joan dira propio.

2022. urtean HABEk Atzerritik etorritako kolektibo zaurgarriei euskalduntzea eragozten dieten oztopoendiagnostikoa ikerketa egin zuen, eta horixe da aurkeztu dituzten azterlanetako bat. Migratzaileek egun gizartean duten lekua kontuan hartuta, gaia aski garrantzitsua dela nabarmendu dute biek: «Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da kanpotik datozenak euskarara hurbiltzeko zubiak eraikitzea, erronka demografikoaren aurrean etorkinek berebiziko garrantzia izango dutelako gure herriko etorkizunean eta haren ongizatean».

Ikerlanaren arabera, euskalduntzeko zailtasun nagusiak bi izaten dira migratzaileentzat. Baga: lana eta familia euskaltegiko martxarekin uztartzea. Biga: dirua aurreratu behar izatea. Euskalduntzeko arrazoi nagusiak, berriz, etxean dituzte: seme-alabak laguntzeko ona dela uste dute. Herrian hobeto integratzeko ere lagungarria dela iruditzen zaie. Aldasorok azpimarratu du migratzaileak euskarara hurbiltzeko erraztasunen bila segituko duela administrazioak: «Gure helburua da doakotasunaren bidetik jarraitzea eta euskararen ezagutza ahalik eta gehien zabaltzea».

Hasia dute bidea, gainera. Ikasturte honetan, zehazki, A1 maila doan egiteko bidean aurrerako urrats bat egin dute: diru kopuru apalagoa aurreratu behar izaten da orain, eta horri esker ikasle kopurua %20 igo dela nabarmendu dute. «Gainera, ohikoa den baino ikastaro trinkoagoan matrikulatu dira, ordu gehiagoko ikastaroetan. Zalantzarik gabe, berri oso ona da», nabarmendu du Azkuek. A2, B1 eta B2 mailetakoek orain arteko martxan jarraitu dute ikasturte honetan: ikasleek ohiko matrikula eta ikastaroa ordaindu dituzte ikasturte hasieran, baina ordaindutakoa itzuli egingo diete amaieran, baldin eta egiaztatzen badute lortu dutela maila gainditzea.

Gaurko agerraldian hizpide izan dituzte Aisa ikastaroak ere. Harrera ikastaroak dira, oinarrizko euskara ikasteko era ematen dutenak. 2023-2024ko ikasturtean 3.407 migratzaile aritu ziren euskara ikasten helduak euskalduntzeko sisteman, eta, horietatik, 686 matrikulatu ziren antolatutako 73 Aisa taldeetan. 2024-2025 ikasturte berri honetan, berriz, ikasle kopurua %10 handitu da.

2023. urtean Siadecok egindako Azken bost urteetan euskaltegietan matrikulatu ez diren EAEko herritar helduen arrazoiak aztertzeko ikerketaazterlan mardula ere hizpide izan dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Hortik ere ikasbideak ateratzen ari direla esan du Aldasorok: «Zera hausnartu nahi dugu: zeintzuk dira jendea euskarara ez hurbiltzeko arrazoiak? Zer beharko lukete euskara ikasteko edo euskaltegira joateko? Datuak behar ditugu erabaki onenak hartu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.