Aurten ezin izan da Korrika egin, baina euskararen aldeko aldarriz bete ziren herenegun kaleak, ekinbidea amaituko litzatekeen egun berean. Asier Amondo koordinatzaileak (Laudio, Araba, 1969) adierazi du herrietan egindako ekitaldiak «txukunak» izan direla, eta AEK-ko euskaltegien oihua entzun dela. Etorkizunera begira ere badaude, 22. Korrika noiz egingo den iragarri baitute: 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 22ra.
Korrika ez, baina ekitaldiak egin dira. Zein da balorazioa?
Ona. 80 herritan egon ginen, gutxi gorabehera, eta, segurtasun neurriengatik jendetza batuko ez zela jakin arren, euskaltegien oihua entzun zen. Beharrak mahaigaineratu ditugu; bultzadatxo bat behar da helduen euskalduntzean eta alfabetatzean. Baina baita beste eremu batzuetan ere, hala nola formakuntza proiektuetan. Euskara lau pareten artean sartuta eduki dugu urtebetez, eta kalea galdu dugu. Hala ere, «euskara jalgi hadi» plazara esan genuen karrikak berreskuratzeko, eta lortu genuen.
Ez da ohiko ikasturtea izan.
Arraroa izan da; berezia. Baina eskolek funtzionatu dute, eta ikasturtea amaitzera goaz. Ez nuke eskua sutan jarriko esanaz ikasturtea normaltasun minimo batzuekin egingo genuenik, baina ikasleei dagokienez, esaterako, pentsatzen genuen matrikulazioa jaitsiko zela, baina ez da horrenbesterako izan. Ikasle batzuk galdu ditugu, hainbat pertsona mesfidati daudelako, baina ea datorren ikasturtean horiek lortzea berreskuratzen dugun.
Zergatik dira euskaltegiak beharrezkoak?
Euskal herritarren %55 erdalduna da, eta, beraz, oraindik lana dago egiteko. Hori dela eta, euskaltegien etorkizuna ziurtatu beharko genuke, baina horretarako hitz egin beharko litzateke gure hizkuntzaren irakaskuntzaren doakotasunaz eta euskaltegien egoera normalizatu beharraz, lanaren aitortza bat ere egin behar baita. Hainbat gauza aztertu eta konpondu behar dira.
Agintari politikoak mugiarazi beharra ere aipatu duzue.
Inplikatu egin behar dira, instituzio guztietatik, baina haien eran, baita eragileak eta norbanakoak ere. Konpromisoak hartu behar dira. Hau denon lana da, eta guztion inplikazioa behar da euskararen alorrean aurrera egin nahi bada.
AEKn zer eragin izan du Korrika ez egiteak?
Ezin izango ditugu aurrerapauso batzuk eman. Korrikatik ateratako dirua batez ere Euskal Herriko irakasleok baldintza berdintsuetan lan egiteko baliatzen genuen, baina aurten ezingo dugu horrelakorik egin. Hala ere, espero dezagun 2022an Korrika normaltasunez egitea, eta aurten inbertitu ezin izan duguna datorren urtean inbertitzea.
Kanpaina bat ere abiatu da, euskaltegiak bultzatzeko.
Kanpaina xumea izan da. Izurrite honek hainbat bihurtu gaitu zaurgarri, eta inguruko jendea ez dago gu baino askoz ere hobeto. Euskal gizarteari dei egin genion elkartasunerako, egoera ekonomikoa pixka bat konpontzeko, eta erantzuna heltzen ari da. Kredituak ere eskatu behar izan genituen ikasturte honetarako. Beraz, ea pixka bat normaltasunera bueltatzen garen, eta eskolak berme batzuekin eman ahal ditugu. Ea Korrika ere egin genezakeen.
Zer ekarpen egiten du Korrikak?
Korrikak egiten duen sustapen lana itzela da. Herri oso bat jartzen du martxan euskararen alde. Egia da hark duen epikotasuna aurten galdu egin dela neurri batean, plazak eta errepideak ere ez ditugula izan, baina beharrezkoa da. Egoera ona balitz ere egin beharko genukeen ekimen bat da, Euskal Herriak merezi duen saria; hainbatentzat oso garrantzitsua da. Egun ez dut uste 40-50 urte artean dituen pertsona batek Korrika gabeko Euskal Herri bat imajinatu dezakeenik. Beraz, espero dugu datorren urtean Euskal Herriko txoko gehienak zapaldu ahal izatea, eta euskararen aldarria errepideetara eramatea.
Asier Amondo. Korrikaren koordinatzailea
«Euskaltegien beharrak mahaigaineratu ditugu; bultzadatxoa behar da»
Urtebete atzeratu da 22. Korrika, eta Amondok esan du horren ondorioz AEK-k ezin izan dituela aurrerapauso batzuk eman. Guztien inplikazioa azpimarratu du, eta euskaltegiak beharrezkoak direla nabarmendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu