Eskola, familia, eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea. Nagusiki hiru modu daude euskara ikasi ahal izateko. Sarri haurrei eta gazteei erreparatu izan zaie hizkuntzaren orainaldiaz eta etorkizunaz aritzerakoan: behar bezala irakasten ote zaien, zer egin behar ote den erabilera sustatzeko... Baina badago euskalduntzeari bultzada emateko beste gako bat ere: euskaltegiak eta haien jarduna. Balio dute helduei euskara hel dakien, balio dute euskara helduaroan ikasi nahi duten horien helduleku gisa.
«Helduen euskalduntzeak berebiziko garrantzia du hiztun kopurua handitzeko, baita kultur transmisiorako eta identitate sentimendua zabaltzeko ere». Arkaitz Zarraga UEU Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika Saileko sailburua eta Glotodidaktika Saileko kidea argi mintzo da euskaltegiek duten garrantziaz. Halatsu pentsatzen du Mertxe Mugikak, AEKren koordinatzaile izandakoak: «Ez dakit kontziente garen helduen euskalduntze eta alfabetatzeak euskararen biziberritzean izan duen garrantziaz. Zenbat ikasle euskaldundu diren euskaltegietan...». Egungo egoerara euskaltegiei esker iritsi direlakoan dago: «Ezin da ulertu Euskal Herrian euskarak bizi izan duen loratzea eta egun ditugun datuak helduen euskalduntzerik gabe. Nahiz eta bidegurutze batean gauden eta hainbat gauza ilun ikusten ditugun etorkizunari begiratuta, atzera egiten badugu, egin dena izugarria da. Hizkuntza bat hilzorian zegoen, eta, gaur egun, ez dago horrela».
Hain zuzen ere, egungo egoera ulertzeko, urteak atzera egin beharra dago: 70eko eta 80ko hamarkadetan izan zen euskaltegien sorkuntzaren loraldia. Ordukoak dira, besteak beste, AEK eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea. Garai hartakoa «intuizio handiz» egindako prozesua iruditzen zaio Zarragari. Behar bat ikusi, eta ekin. Bi norabidetan. Umeei begira: «Argi zegoen umeen euskalduntzea beharrezkoa zela, etorkizuneko belaunaldiek hizkuntza jakin eta erabil zezaten. Hala, ikastolak sortu ziren». Eta helduei begira: «Gero, ikusi zen ezin zela umeen bizkar gainean utzi euskalduntzea, eta, gainera, jende pila bat zegoen sentitzen zuena hizkuntza lapurtu ziotela. Eta horiek ere bazuten ikasteko eskubidea». Ekinak fruituak eman zituen: «Izugarria izan zen: jende asko euskaldundu zen, eta euskaltegietan euskaldundutako jende pila bat izan da gerora poeta, abokatua, kazetaria, irakaslea... Euskal komunitatean pisu handia eduki duen jende askok ikasi zuen euskaltegian».
Ordutik, baina, aldatu egin da gizartea, eta, horrenbestez, egokitu egin dira euskaltegiak. Hizkuntza eskakizunen sistema ezarri izanak «aldaketa handia» eragin duela uste du Zarragak, batez ere ikasleen motibazioan: «Euskaltegietara etortzen den jendeak motibazio identitarioa edo integratzailea baino gehiago du motibazio instrumentala». Mugikak ere korronte hori sumatu du, ikastegietara paper baten bila doazenena: «Egia da batez ere EAEn egiaztagintzak sekulako pisua hartu duela. Egiaztagintza bihurtu dugu helburu, eta bitartekoa izan behar luke».
«Euskaltegiak betetzen jarraitu behar dugu; badago haien beharra. Euskal Herriko biztanleen erdiek ere ez dakite euskaraz».
MERTXE MUGIKAAEKren koordinatzaile ohia
Bitartekoa izan behar zuena da helburu. Eta horrek baditu ondorioak. Txanponaren bi aldeak jarri ditu agerian Zarragak. Aurkia: «Argi dago euskaltegietara joango ez liratekeen ikasle asko joan direla euskaltegietara». Ifrentzua: «Euskalduntze horrek ez du loturarik geroko erabilerarekin». Gainera, eskolak ere horretara bideratu dituzte zenbaitetan. «Metodologian, adibidez, HABEren curriculumak oso-oso puntakoak dira, eta ikuspegi komunikatibora bideratuta daude, ahozkora, eta ikaslearen beharrizanak erdigunean daudela dio», dio Zarragak. Hori «teoria», baina praktika bestelakoa da: «Idatzizkoa da garrantzitsuena, batez ere azterketek markatzen dituztelako euskaltegi gehien-gehienen —ez dut esaten denen— zereginak». Zergatik: «Batetik, ikasleek hori eskatzen dutelako. Bestetik, irakasleentzat ere erraza delako horrela irakastea».
Halere, bi elkarrizketatuek nabarmendu dute garrantzitsua dela hizkuntza eskakizunak izatea. Mugika: «Lanpostu batera heltzeko titulu bat behar izatea berez lorpen bat da, ze euskaldunon eskubideak betetzen dira. Horrelako ikasle asko daude. Horiei ere arreta eman behar diegu, eta oso gustura gaude; gero, gure esku dago euskara beste modu batera ikustera bultzatzea, euskaraz bizitzeko tresnak ematea».
Euskaltegitik titulu bat besapean dutela ateratzea dute helburu zenbait ikaslek, beraz. Baina Mugikak ikusi du euskaltegietara iristen dela beste ikasle korronte bat ere: erretiroa hartu dutenak. «Asko etortzen dira euskaltegira, eta horien helburua ez da tituluak ateratzea». Beste arrazoi batzuk dituzte: «Bere garaian, euskararen aldeko apustua egin zuten seme-alabak D eredura bidalita; orain, euskaltegira etortzen dira euskara ikastera, euskaraz bizitzeko».
«Euskaltegietara etortzen den jendeak motibazio identitarioa edo integratzailea baino gehiago du motibazio instrumentala».
ARKAITZ ZARRAGAUEUren Soziolinguistika Saileko sailburua
Ikasleen motibazio eta euskalduntzeko arrazoietan ez ezik, urteetako bidean aldaketak egon dira beste zenbait arlotan ere. Mugikak ikasle kopurua aipatu du, esaterako: «Ni irakasle hasi nintzenean, ikasle kopuruak izugarriak ziren gaur egungoekin konparatuta». Halere, egungo kopuruak goretsi ditu: «Datu horiek izugarriak dira. Gainera, leku askotan ez dago premiarik euskara ikasteko, beren borondatez ikasten dute. Egun, HABEren, AEKren eta IKAren datuen arabera, 35.000 ikasle baino gehiago daude euskaltegietan, lurraldetik lurraldera aldea badago ere: %46 Bizkaian ari dira; %29, Gipuzkoan; %12, Araban, %10, Nafarroan; eta %3, Ipar Euskal Herrian.
Ikasle kopurua. Eta horiei irakasteko modua: «Egun dauzkagun baliabideak eta orain hogei urte genituenak alderatuta, aldaketa izugarria bizi izan dugu». Adibide bat jarri du Mugikak: «Gaur egun, online ikasle pila bat ditugu AEKn». Euskarari eskainitako denbora, berriz, murriztu egin dela azaldu du: «Orain, oro har denbora gutxiago eskaintzen zaio euskara ikasteari». Euskaltegiek egokitu egin behar izan dute horretara ere: «Eragin nabarmena dauka euskaltegien funtzionamenduan; ekarri digu baliabideetan eta irakasteko moduetan-eta aldaketa batzuk egitea».
Aurrera begira jarrita
Eta, orain, zer? Euskaltegiek moldatzen jarraitu beharko dute, aldatzen eta aldarazten. Aurrera begira jarrita, badituzte zenbait erronka. Zarragak zerrendatu ditu batzuk. Baga: ahozkotasunean zentratuta aritzea. Biga: ebaluazio sistema aldatzea. «Ez digu balio gaur egun dagoen azterketa sistema honek. Euskararen kontrako diskurtsoak sortzen ditu, eta, gainera, guretzat ez da eraginkorra, ez dituelako bermatzen ezagutza eta gaitasun komunikatiboa». Higa: irakasleen erretiroei erantzutea. «Langileak bilatu behar ditugu ez bakarrik filologian; behar ditugu kirolean adituak direnak, ingeniariak...». Laga: finantzaketa. «HABEk ikastaroak profilei lotuta finantzatzen ditu, eta hori ez da posible. Ikasleek diru laguntza lortzen dute, baldin eta gainditzen badute». Boga: alfabetatzea eta euskalduntzea plangintzetan txertatzea. «Adibidez, eskola bateko plangintzan euskaltegiak bertan egongo balira, zuzen-zuzenean bertatik bertara lan egingo lukete, adibidez, gurasoekin, umeei eskolako lanekin laguntzen irakasten; kirol entrenatzaileekin, euren dinamikak euskaraz nola egin irakasten eta trebatzen...». Eta sega, zai, zoi, bele... Hamaika erronka. Beti aurrera begira.
Izan ere, euskaltegiak Euskal Herria erabat euskaldundu ostean hiltzeko bokazioz jaio baziren ere, euskara biziberritzen jarraitu beharra daukate oraindik. Horretarako, zabaltzeko beharra dagoela uste du Mugikak, egungo ikasleei eutsi eta berriak irabazteko: «Erronka handi bat da guregana datozen guztiei euskaltegietarako bidea erakustea. Harrera herri garen heinean, erakarri egin behar ditugu, hizkuntza integratzeko tresna izugarria baita». Baina, horretarako, muga ekonomikoa gainditu behar dela azaldu du: «Doakotasunerako bidean aurrerapausoak eman dira, ez daukat zalantzarik, baina laguntzak ikastaroak egin eta gero ematen dira. Muga ekonomikoa dago, adibidez, etorri berri direnentzat. Izena ematen dutenean lagundu behar zaie».
Ikasle gehiago eta gehiago. Azkenean, argi du zein den Euskal Herriaren beharra, zein euskaltegien misioa: «Euskaltegiak betetzen jarraitu behar dugu; badago haien beharra. Euskal Herriko biztanleen erdiek ere ez dakite euskaraz, ikasi egin behar dute; gaitasunean eragiteko sekulako lana dago oraindik».
23. Korrika Irundik abiatuko da, datorren ostegunean
Lau egun baino ez dira falta 23. Korrika abiatzeko: ostegunean hasiko da euskararen aldeko ekimen erraldoia, Irunen (Gipuzkoa), San Juan plazan. Bihar aurkeztuko dute lehen egun horretarako prestatu duten egitaraua.
Aurtengo edizioan, Harro Herri lelopean zeharkatuko dute Euskal Herria, eta 2.700 kilometroko ibilbidea burutuko dute milaka eta milaka herritarrek. Betiko legez, 23. edizioak ere izango du omendu bat: Azterketak Euskaraz kolektiboa.
AEK-k antolatuta, Irundik abiatuko da Korrika, beraz, eta handik hamar egunera, martxoaren 24an Baionan amaituko da. Orduan jakingo da lekuko barruko mezu sekretua nork idatzi duen.