Euskalgintzaren Kontseiluak ontzat jo du Euskotreneko euskara eskakizunak onetsi dituen epaia

Euskotreneko hizkuntza eskakizunak lan hitzarmenean jasota daude. Kontseiluak kezka adierazi du lan hitzarmen batek hizkuntza eskubideen berme handiagoa eskaintzen duelako «administrazioaren zoru legalak» baino.

Euskotreneko hizkuntza eskakizunen aldeko protesta, Bilbon, irailean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskotreneko hizkuntza eskakizunen aldeko protesta, Bilbon, irailean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 7a
12:19
Entzun

Joan den astean iritsi zen albistea: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen Euskotreneko hautaprobetarako ezarritako euskara eskakizuna. Gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak epai horren inguruko balorazioa egin du, ohar batean: positiboa iruditu zaie epaitegiaren ebazpena.

Euskalgintzaren Kontseiluak azaldu duenez, Euskotreneko lanpostuen egonkortze prozesuan UGTk salaketa aurkeztu zuen; baliorik gabe utzi nahi zuen lanpostu guztietarako euskarazko B2 maila eskatzea. Alabaina, EAEko Justizia Auzitegiak euskara maila hori eskatzea onetsi du. Kontseiluaren irudiko, «berri ona» da, «urrats garrantzitsua» delako Euskotreneko erabiltzaileek zerbitzua euskaraz jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatzeko. Era berean, nabarmendu dute epai horrek agerian uzten duela azkenaldian bolo-bolo dabilen lan eskubideen eta hizkuntza eskubideen arteko «dikotomia faltsua»: «Langileek negoziazio kolektiboaren bidez erdietsitako lan hitzarmena izan da hizkuntza eskubideen berme kasu honetan».

Izan ere, oraingoan, lan hitzarmenean jaso izanak babestu ditu euskara eskakizunak. Hain zuzen, adierazi dutenez, UGT 2015eko lan hitzarmenean sinatu eta euskara planean onetsi zutena inpugnatzen saiatu da, «agerian utziz euskarafobia, azkenaldian oldarraldi judizialean epaitegietatik ez ezik beste hainbat sektoretatik ere gordinduz joan dena». Horrekin lotuta, Kontseiluak kezka adierazi du azken sententzia horren eta «oldarraldi judizialaren bidez ezarritako doktrina berrian» lan hitzarmen batek euskararen normalizazioaren aldeko neurriak garatzeko segurtasun juridiko handiagoa ematen duelako «horretarako betebeharra eta arkitektura juridiko oso bat duen administrazioaren zoru legalak» baino. Horregatik, nabarmendu dute beharrezkoa dela hizkuntza politiketan saltoa emateko «urrats ausartak» egitea eta segurtasun juridikoa emateko lege oinarri berri bat garatzea. «Larrialdi linguistiko betean gaude, eta errezeta berriak behar dira».

Babesa aldekoei

Kontseiluak babesa adierazi die euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden eragile sozialei, sindikalei eta politikoei, eremu sozioekonomikoan euskara planen eta lan hitzarmenen bidez euskararen aldeko neurriak txertatzen jarrai dezaten. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaie bide hori urratzen jarraitzea: «Euskararen normalizazioan aurrera egitea hizkuntza eskubideak bermatzeko urratsak egitea da, justizia soziala eta gizarte kohesioa sendotzea, bizikidetza indartzea eta askatasunean eta demokrazian sakontzea. Gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.