Euskalgintzaren Kontseiluak «euskara mespretxatzea» leporatu dio Nafarroako Kontseiluari

Nafarroako Kontseiluak «legez kontrakotzat» jo du euskara jakitea meritua izatea eremu mistoko osasun arretan. Erakundeak berak 2020an emandako irizpenaren kontrakoa da, Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Behatokiaren hitzetan.

Nafarroako Euskararen Legearen 37. urteurrenaren harira egindako agerraldia. AITOR KARASATORRE / FOKU
Nafarroako Euskararen Legearen 37. urteurrenaren harira egindako agerraldia. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko otsailaren 29a
12:13
Entzun

Nafarroako Gobernuak iazko abenduan onartu zuen merezimenduen dekretuari buruzko ebazpenean, Nafarroako Kontseiluak «legez kontrakotzat» jo du eremu mistoko osasun arretan euskara jakitea meritu bat izatea. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute irizpen horrek «euskara eta hizkuntza eskubideak mespretxatzen» dituela. «Osasun sisteman zerbitzuak eskaintzeko, garrantzi gutxiago ematen diete Nafarroako berezko hizkuntza den euskarari eta lurralde osoko hiztunen eskubideei, nazioarteko hizkuntzen ezagutzari baino».

Izan ere, bi eragileek nabarmendu dute Nafarroako Kontseilua eremu mistoko Osasunbideko zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertzen dela, baina, aldi berean, funtsezkoa iruditzen zaiola ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, Europako Batasuneko hizkuntzak direlako. «Ebazpenean islatzen den euskararen mespretxua eta herritarren gutxiespena onartezina da», adierazi dute.

Horrez gain, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak azpimarratu dute Nafarroako Kontseiluak 2020an adierazitakoaren kontrakoa dela orain erabaki duena. Orduan adierazi zuen ez zegoela oztoporik euskararen ezagutza Nafarroa osoko lanpostuetan meritu gisa baloratua izan zedin. Beste kontraerran bat ere erakutsi dute: Foruzaingoaren kasuan, irizpenak ontzat ematen du euskara modu orokortuan baloratzea. 

Kontseiluak eta Behatokiak kezka adierazi zuten, Nafarroako Gobernuaren dekretu proiektua aurreko araudiek jasotzen zutena baino «atzerakoiagoa» zelako, eta Nafarroako Kontseiluak «are murritzagoa» egin behar dela gomendatu izana deitoratu dute. «Gaur-gaurkoz, irakaskuntzako lanpostuetatik harago, Nafarroako Gobernuko lanpostu guztien %3 ere ez dira elebidunak. Gainerako lanpostuetan euskara merezimendu gisa baloratzea hizkuntza eskubideen alde aurrerapausoak emateko eta euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko modua izango litzateke».

Dekretu berri bat

Kontseiluak eta Behatokiak Nafarroako Gobernuari eskatu diote ez dezala onartu araudiak «edukiz husten» jarraitzea, dekretua berrikusi dezala, eta lehenbailehen garatu dezala hizkuntza eskubideak Nafarroa osorako bermatuko dituen araudia, eta, azkenik, hizkuntza politika egiteko dituen eskumenak defendatu eta euskararen alde egiteko erabil ditzala.  

2022an, Kontseiluak eta Behatokiak 1.700 herritarren eskaerak aurkeztu zituzten Nafarroako Gobernuko erregistroan. Urte bereko maiatzean, milaka nafarrek Iruñeko kaleak bete zituzten, «dekretu atzerakoia» salatzeko eta euskararen aldeko neurriak eskatzeko. «Gobernuak entzungor egin die herritarren eskaera eta aldarri guztiei», gaitzetsi dute bi eragileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.