18. Korrika. Hasierako ekitaldia

Euskalgintzaren koloreak

Eguraldirik onena egin ez arren, giro onak, euskarak eta Korrikaren hasierak arlo askotako hamaika euskaltzale elkartu zituen atzo Martin Ugalde kultur parkean.

Jendetza handia bildu zen atzo arratsean, Martin Ugalde kultur parkearen atarian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Andoain
2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herri gehientsuenean bezala, kolore grisa zuen atzo zeruak Andoainen (Gipuzkoa). Eguraldia dela eta, bertan behera utzi behar izan zuten goizeko Korrika Txikia. Arratsaldeko lauetarako atertuko ote zuen esperantzan, gora begira zebiltzan asko, Martin Ugalde kultur parkea euskaltzalez betetzen zen bitartean. Gora begira baina oinak lurrean, arlo eta esparru ugaritako eragile eta herritarrek eman zieten kolorea 18. Korrikaren lehen urratsei. Kulturgintzako jendea, sindikatuetakoa,politika mundukoa, gizarte eragileetakoa, hedabideetakoa, instituzioetakoa... Eta, nola ez, herritarrak, euskal hiztunak nahiz, eguneroko ahaleginean, horretarako bidean direnak. Atzo, guztiek eman zioten kolorea Korrikari, euskalgintzaren ortzadarrari.

Gogotsu zebilen, esaterako,Kontseiluko lehendakari Paul Bilbao. Ez da gutxiagorako, abiatzear baitzen, haren hitzetan, «euskaraz bizitzeko nahia erakusteko plazarik politena» dena. Herriz herri, hamar egunetan, milaka herritarren «bizi gogoa» biltzen duen ekinbide ibiltaria. «Gainera, korrika egiten dugu hori guztia, ahalik eta lasterren behar dugulako euskaraz bizitzea ahalbidetuko digun esparrua».

Bitartean, ordea, Korrika ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Nafarroako AEK-ko arduradunetakoa den Helios Del Santok. «Korrika jaio zeneko helburuak bizi- bizirik daude». Izan ere, helduen euskalduntzean, hiru «hanka» direla garrantzitsuak azaldu zuen Del Santok: sustapena, plangintza eta inbertsioak. Elkar argitaletxeko Jose Mari Sorsek gogorarazi zuenez, inbertsio horretarako baliagarria da Korrika, «beste leku batzuetatik ere laguntzak beharko liratekeen arren». Eusko Jaurlaritza, aipatu zuen «beste leku» horien artean, Hamaika Telebistako Naroa Iturrik: «Ikusi ahal izan dugun bezala, euskarak ez du laguntza gehiegirik jasotzen».

Esparru adina eragin gune

Oraindik bide luzea du egiteko euskarak, Iturriren hitzetan. Bide horretan, AEKren lanak duen garrantzia nabarmendu zuten batek baino gehiagok. Ondo azaldu zuen hori Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak: «Abuela eta abuelo kantatu duten bertsolariak dauden momentutik, nabaria da AEK-k euskalgintzan egin duen lana». Lan hori omentzeko helburua ere badu Korrikak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanoren esanetan: «Horretara ere ateratzen gara kalera, AEKren alde egitera».

Dena den, helduak euskalduntzen aritu arren, Del Santok ez ditu ahazteko belaunaldi berriak ere. «Gure ustez, lehen urratsa da eskolak belaunaldi berriak euskalduntzea. Eta gaur, hemezortzi urte beteta, milaka gazte ateratzen dira euskararekin harremanik gabe». Bide horretan, legea aldatzea beharrezkotzat du Nafarroako AEK-ko kideak, eskola aski ez dela iritzita. Eskolaren esparrutik kanpo, aurten lehenengoz egingo den Bertso Korrika ekimena aipatu zuenMuruak, euskaldun berriei bertsoaren berri emateko helburua duena: «Hizkuntzaren erabilerari alde ludikotik, ondo pasatzetik, begiratu nahi diogu, hainbeste Nor-Nori-Nork eta subjuntibo gabe». Azkenik, lan munduan ere badago zer egina, LABeko euskara arduradun Edurne Larrañagaren iritziz: «Lan mundua euskalduntzen gabiltzan neurrian, horretarako ere erreferente izan behar du Korrikak, lan zentroetan euskararen gaia astintzeko».

Eman euskara elkarri dio aurtengo edizioko leloak, Martin Ugalde parkean ikus zitezkeen furgoneta, elastiko, itsasgarri eta abarrek argi erakusten zuten moduan. Lelo hori nabarmendu zuen, lasterketaren hasiera ikusita, lantokira bidean erdi korrika zihoan Bilgune Feministako Miren Arangurenek: «Asko gustatu zaigu, askotan ezkutuan gorde diren keinu batzuk egiten baititu». Keinu batekin alderatu zuen euskara Pirritx pailazoak, Porrotx laguna atzean kantari zuen bitartean: «Gure ezpainetan dagoen altxorra da euskara, muxua bezala, elkarrekin partekatzekoa. Eman, jaso, eta banatzeko. Eta Korrika eta antzeko ekinbideek hori ahalbidetzen dute».

Azkenean abiatu zuen bere bidea 18. Korrikak, 16:30ak pasatxoan. Ordurako, inork ez zion begiratu ere egiten zeru grisari. Ohartzerako, furgonetaren atzeko ortzadarrean bildu ziren handik eta hemendik etorritako euskaltzaleak. Atzoko ekitaldia aurkeztu zuen Euskadi Irratiko kazetari Dani Arizalaren hitzek balio dute guztiei animoak emateko: «Euskara arnasa da. Beraz, aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.