Euskalgintzaren ordezkaritza zabalagoa izango du Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika aztertzeko batzordeak. Euskararen Nafar Kontseiluaren egitura berria onartu zuen atzo Nafarroako Gobernuak. 35 kide edukiko ditu aurrerantzean, orain arte baino hamahiru gehiago. Euskalgintzako eragile gehiago izango dira batzordean; tartean daude Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Topagunea, AEK eta IKA. Eragile gisa kontseiluko partaide dira, gainera, Euskaltzaindia eta Nafarroako Ikastolen Elkartea. Gobernuak hamar lagun izendatu ditu, haien «prestigioagatik» —zazpi izendatzen zituen orain arte—. Nafarroako Parlamentuak bost kide jartzeko aukera du orain. Kontseiluaren beraren funtzionamendua ere egokituko dute: zeregin berrien artean izango du Euskararen Plan Estrategikoaren jarraipena egitea.
Gobernuak hizkuntza politikaren arlorako duen kontsulta organoa da Euskararen Nafar Kontseilua. Egitura zabaltzeko asmoa zuela jakinarazi zuen gobernuak joan den ekainean: euskalgintzako kide gehiago egotea nahi zuela, eta parlamentuko taldeek ere izendapenak egitea. Hain justu, 2015eko abenduan gisa horretako eskari bat egin zion Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak gobernuari: euskalgintza eta erakundeak bilduko lituzkeen foro bat osatzea, eta Euskararen Nafar Kontseilua baliatzea horretarako.
Gazteriaren Kontseilua
Hain zuzen ere, gobernuak izendatutako «prestigiodun» adituen artean dago Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia. Hauek ere bai: Xabier Erize, Nerea Fillat, Xabier Zabaltza, Orreaga Ibarra, Reyes Ilintxeta, Mikel Ziordia, Mikel Belasko, Julio Soto eta Aingeru Epaltza. Lehen aldiz, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat ere egongo da.
Parlamentuak bost kide izendatzeko aukera du, baina oraingoz lau izendatu ditu: Cristina Lainez, Dabid Anaut eta Itziar Diez de Ultzurrun —Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak proposatuta—, eta Juan Carlos Pikabea —UPNk proposatuta—.
Euskalgintzako partaide gehiago Euskararen Nafar Kontseiluan
Euskara alorreko kontsulta organoa da, eta kide gehiago izatea erabaki du gobernuak. Euskararen Plan Estrategikoaren jarraipena egingo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu