Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak agerraldia egin dute Baionan, eta lege eta diru baliabideak eskatu dituzte larrialdi linguistikoari buru egiteko. «Egoera iraultzeko ez da berantegi, baldin eta borondate politikoa bada baliabideak ezarri eta gaur egungo traba batzuk kentzeko», adierazi du Sebastien Castet Konfederazioko kideak.
Europako hizkuntza gutxituen gizarte eragileen sare ELENek Bilbon egindako bilkuraren harira, adierazpena plazaratu zuten joan den larunbatean. Euskara «larrialdian» dagoela ohartarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta nabarmendu zuten hizkuntzaren «atzeraldia» etorriko dela neurri egokiak epe laburrean hartu ezean.
Ikusi gehiago
Euskararen kontrako oldarraldia goraka doala berretsi du gaur Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. «Hego Euskal Herrian judizialki ikusten da bereziki, eta oldarraldi politikoa eta diskurtsiboa ere badaude». Horrez gain, azken urteetan euskararen susperraldia «moteltzen» ari dela erran du. Bi noranzko aipatu ditu egoera horren inguruan: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoen sorkuntza. Horrez gain, eragileei eta erakundeei dei egin die «arduraz eta elkarlanean» ekiteko.
VII. inkesta soziolinguistikoaren datuak oroitarazi ditu Castetek: 2021ean, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %20,1 bakarrik zen euskalduna, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak egindako prospekzioen arabera, kopuru hori %17ra apaldu liteke 2050erako. Horrez gain, euskararen erabilera apaltzen ari dela ere azpimarratu du, «besteak beste, hiztunek duten euskara mailagatik». Keinu baikorrak ere badaudela erran du Castetek: «Ipar Euskal Herriko jendartea orokorki prest da euskara ikasi, erabili eta transmititzeko». Baina deitoratu du botere publikoek eramaten dituzten hizkuntza politikek ez bat egitea herritarren nahikunde horrekin.
Instituzio maila guzietan «ardurak» hartzeko garaia dela erran du Castetek, eta neurriak eskatu ditu «euskal hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen». Oroitarazi du, Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean, hiztun kopurua 2050erako %30era iristeko helburua finkatzea eskatua duela Euskal Konfederazioak.
Konstituzioa eta EEP
Euskalgintzaren aspaldiko aldarrikapena da euskarak Ipar Euskal Herrian izaera ofiziala izatea. Hori gabe ezin da eraman «hizkuntza baten aldeko biziberritze politika eraginkorrik», Casteten arabera. Bide horretan, Frantziako Konstituzioaren aldaketa beharrezkoa dela erran du, bereziki 2. artikulua. Hori baita oztopo nagusia Frantziako Estatuaren meneko hizkuntza gutxituen aldeko urratsak egiteko tenorean. Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak horren aldeko kanpaina abiatua du, eta, Bretainiako kideen bultzadaz, eskaera hori egiten duen ebazpena onartu zuten ELENen biltzarrean.
Diru baliabideak ere behar ditu hizkuntza politika batek, eta hori dago jokoan gaur egun Ipar Euskal Herrian, EEPren aurrekontuari begira abiatutako eztabaidaren harira. «Inbertitzen den dirua ez da nahikoa, izan egunerokoan hiztunak sortzeko eta euskararen erabilera bultzatzen duten euskalgintzako eragileen beharrak asetzeko, izan EEPk eramaten dituen proiektuak garatzen laguntzeko, izan lurralde kolektibitate ezberdinek Ipar Euskal Herrian dituzten zerbitzuak euskaraz eskaini ahal izateko», osatu du Castetek.
Ikusi gehiago
Hizkuntza eskubideen errespetuari dagokionez ere «gibelapena» ikusten ari direla esplikatu du Euskal Konfederazioko eledunak. Banan-banan zerrendatu ditu ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea, erakundeetako bilkura eta asanbladetan hautetsiei euskaraz mintzatzeko parada ematea, eta auzitegian auzipetuei beren burua euskaraz defendatzeko aukera ematea. «Horien aplikatzeko ez da baitezpadakoa lege edo diru baliabide gehigarririk».
Frantziako Estatuan minorizatuak diren hizkuntzei buruzko erabakiak Parisen hartzen badira ere, Ipar Euskal Herriak eskumen zabalagoko lurralde kolektibitate propioa lagungarri litzateke egoera batzuk desblokeatzeko, Casteten erranetan. «Egoera kezkagarria izanik ere, fatalitaterik ez da, eta garaia da euskararen egiazko biziberritze prozesuari ekiteko, larrialdi linguistikotik susperraldi linguistikora pasatzeko».