25 urteren ostean, bete gabe. Iragan martxoan, 25 urte bete ziren Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna indarrean sartu zenetik. Akordio hori sinatu zuten estatuek —Espainiak 2001. urtean bat egin zuen, eta Frantziak ez du sinatu— konpromisoa hartu zuten hizkuntza gutxituak «era aktiboan sustatzeko», eta hortaz, zenbait betebehar bere gain hartu zituzten hezkuntzaren, justiziaren, administrazioaren, komunikabideen, kulturaren eta ekonomiaren esparruetan. Europak aldizkako ebaluazioak egiten ditu, ebazteko ituna betetzen ari den ala ez, eta, hain zuzen, seigarren ebaluazioaren karira, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin dute Iruñean. «Okerrak eta hutsuneak» antzeman dituzte administrazioen jardunean —Espainiako Gobernuaren menpekoetan, baina baita Nafarroako Gobernuan eta Eusko Jaurlaritzan ere—, eta gogorarazi dute erakundeen jarrerak «talka» egiten duela «beren betebeharrekin».
Euroitunaren seigarren ebaluazioaren barruan, Espainiako Gobernuak txosten bat helarazi zien Europako adituei, eta, hartan, 2017tik 2021erako aldian hizkuntza gutxituen alde eginiko urratsak eta hartutako neurriak azaldu. Hor jasotako datu eta adierazpenetako asko zalantzan jarri dituzte Kontseiluak eta Behatokiak. Espainiak emaniko bertsioari aurre egiteko xedez, txosten propioa ondu dute euskalgintzako erakundeek, eta Europako Kontseiluari helaraziko diote aurki.
Justizian, etxeko lanak egin gabe
Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek esan du Espainiak oraindik ez diela men egin Europak proposatutako «gomendioei eta berehalako neurriei». «Europako adituen batzordearen eta Europako Ministroen Batzordearen gomendio batzuk onartzeak ondorio gisa ekarri beharko luke Espainiako Estatuko legedia aldatzea». Aldaketarik garrantzitsuena justiziaren esparruan eman beharrekoa dela uste du Eskisabelek: «Europak hainbatetan ohartarazi duen bezala, Espainiako botere judizialaren lege organikoak talka egiten du Euroitunaren 9. artikuluarekin». Artikulu horren arabera, prozedura penal eta zibil oro euskaraz egin ahal izatea bermatu beharko litzateke, aldeetako batek hala eskatuz gero. «Ez da inondik inora bermatzen prozedura hauek berme guztiekin eta berdintasunean euskaraz egin ahal izatea, eta horrek babesgabetasuna dakar», esan du Kontseiluko buruak. «Behatokiak eta Kontseiluak adituen batzordeari ohartaraziko diogu, beste behin, Espainiako araudian ezarritakoak eragina duela herritarrek tokiko hizkuntza erabiltzeko duten eskubidean; eta, bestalde, epaile eta magistratuek euskaraz ez jakiteak herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duela».
Administrazioan, ezin arreta bermatu
Justizian ez ezik, administrazioaren esparruan ere aurrerabide eskasa antzeman dute Kontseiluak eta Behatokiak. Agurne Gaubekak azpimarratu du Espainiaren txostenean ez dela azaltzen «zenbat gomendio ez ziren bete aurreko urteetan», eta orain arte ezarritako neurriak ere «partzialak eta oso azalekoak» izan direla: «Espainiako Estatuko administrazioari dagokionez, aipatzen da hizkuntza politikak neurtzeko lanak martxan jarri dituztela, baina egiazki, ia ez dago herritarrei zerbitzua emateko lanposturik, ez Nafarroan ez Euskal Autonomia Erkidegoan». Datuei erreparatuta, agerian geratzen da errealitate gordina: Espainiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen ordezkaritzetan, «euskararen nolabaiteko ezagutza» dute langileen %11 inguruk; Nafarroan, ehuneko hori %1ekoa da. «Herritarrei zerbitzuak euskaraz bermatu ahal izateko ezintasuna nabarmena da», laburbildu du Gaubekak.
Administrazio elektronikoari dagokionez, Espainiak bere txostenean dio Espainiako administrazioetako agiri, txantiloi, seinale, iragarki eta bestelako euskarrien %100 «ele biz» daudela idatziak. Hori ere gezurtatu du Behatokiko zuzendariak: «Urte hauetan guztietan ehunka kexa jaso ditugu, herritarrek helaraziak, gaztelania hutsezko euskarriengatik eta hainbat eginbide telematiko edo webguneetako informazioa oraindik orain euskarara behar bezala itzuli gabe daudelako».
Nafarroan, oztopoak hezkuntzan
Nafarroako Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioak baldintzatu egiten du Euroitunaren betetzea. Espainiako Gobernuaren txostenean bertan ageri da irakasleen lanpostuak kenduta Nafarroako administrazioko postuen %3 soilik direla elebidunak, eta departamentu batzuetan ez dagoela lanpostu elebidun bakar bat ere. «Euskara ofiziala den eremuan ere, oztopo nabarmena da hau itunak ezarritakoa bete ahal izateko», gaineratu du Gaubekak.
Itunaren urratzerik agerikoenak, baina, euskara ofizial ez den eremuetan antzeman dituzte: «Ez dira betetzen Euroitunaren III. atalari dagozkion konpromisoak», salatu du Behatokiko buruak. «Itunean jasota dago eremu horietan euskararen erabilera eta irakaskuntza sustatzeko neurriak hartzeko konpromisoa, baina D ereduko lerroen irekiera oztopatzen da, eta unibertsitatean euskaraz ikasteko eskubidea ez dago bermatua». Hori dela eta, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko beharra azpimarratu du Gaubekak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerari dagokionez, Behatokiko zuzendariak esan du lurralde horietan jasotako kexa ugariek «talka» egiten dutela Espainiak txostenean emaniko irudiarekin. «Adibidez, urtero azaleratzen dira hutsune nabarmenak osasungintzaren eta segurtasunaren alorretan arta euskaraz jasotzeko garaian, eta, herritarrek adierazi arren harremana euskaraz nahi dutela, hainbatetan ez zaie bermatzen». Hezkuntzan ere, euskara «bigarren mailakoa» dela nabarmendu du Behatokiak, «Lanbide Heziketan eta unibertsitateetan».
Botere judiziala, euskararen kontra
Hego Euskal Herri osoari eragiten dioten neurrien artean, Kontseiluak eta Behatokiak aipamen berezia egin diote azken urteetan euskararen normalizazioaren aurka argitaratu diren epaiei. «Espainiako Estatuko botere judizialak epai sorta eman du hizkuntza politika publikoen aurka, eta horrek Euroitunaren espirituaren kontra egiten du bete-betean», azaldu du Eskisabelek. Kontseiluak horren berri emanen die Europako adituei, eta horren gaineko ohartarazpena eskatu. «Euroitunaren 7.2 artikuluan zehaztutako printzipio garrantzitsu baten kontrakoak dira erabaki judizial horiek; izan ere, itunak berak argi adierazten du euskararen alde hartzen diren neurriak ez direla gaztelaniazko hiztunen kontrako diskriminazio neurritzat hartuko».
Hori aldarrikatzeko xedez, Euskal Herriko herritarrei dei egin diete «azaroaren 4an euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiari erantzun sendoa ematera Bilboko kaleetan, arratsaldeko 17:00etan Euskalduna jauregitik abiatuko den manifestazioan».