Zigor Etxeburua. Gipuzkoako Euskara zuzendaria

«Euskalgintzak egurra eman behar digu»

Euskara plana onartu du aldundiak. Euskarak lehentasuna izango du, ekintza zehatzen bidez.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Euskararekin lotutako kartelak ditu bulegoan, eta Korrikako pina paparrean. Euskalgintzari estuki lotuta jarraitzen du Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Euskara zuzendariak (Donostia, 1970). Egungo egoeraz gogoeta patxadatsua egin du, ordubete pasako solasaldian.

Euskarari agintaldi honetan bultzada emateko asmoa agertu zenuten. Ari zarete betetzen?

Gauza gehienak martxan ditugu, eta oso aurreratuta daude. Orain, euskararen normalizazioa bete-betean lortuko dugu aurten? Ez.

Gizarte politikan hutsunea dago.

Kanpoan dauzkagu zerbitzu asko, eta aldatzea prozesu bat izango da. Alde horretatik, dena ez da lortuko. Baina jarri ditugu oso oinarri sendoak. Publifikatze prozesu bat proposatu du gobernuak; euskara erdian sartu dugu hor.

Euskara lan hizkuntza izango da. Asko aldatuko dira ohiturak?

Hori da intentzioa. Hirugarren eta laugarren hizkuntz eskakizuna dutenei eskatuko zaie euskaraz lan egitea nagusiki, aldundiko gehienei; ez du esan nahi erdaraz ez dutela lanik egingo. Dokumentuak euskaraz egin beharko dituzte; ez gaztelaniaz egin eta gero itzuli. Langileak euskaraz lan egiten ari dira; besteak beste, arduradun politikoak euskaldunak direlako, eta euskaraz eskatu dizkietelako harremanak. Hori oso gako inportantea da. Jaurlaritzako planaren ebaluazioak dio langile askok galdu egin dutela gaitasuna, euskara ez dutelako erabili.

Nolakoa da harremana? Langileak euskaraz aritzen dira orain?

Denetik dago. Ez da egon legealdi honetan gisako bultzadarik. Langile askok erdaraz lan egin dute; beste askok, euskaraz, beren kabuz; eta batzuek euskaraz egin nahi izan dute, eta ezin. Gehiengoa dira hizkuntz eskakizuna lortua dutenak; dagokiena baino gehiago ere lortu dute askok. Aldundian badago borondatea langileen aldetik euskaraz bizitzeko.

Hizkuntz irizpideen gaiak zeresana jarri du. Ondo saldu duzue?

Litekeena da ezetz. Baina ez dugu ezer ezkutatu, eta ez gara ibili eufemismoetan. Euskararen normalizazioan ezin da ibili gauzei beste izen bat jartzen. Normalizazioak behar du desoreka eta injustizia zuzentzea. Agian gauzak gordin esan ditugu? Kontua da badela garaia egoera zuzentzeko. Esan genuenean prentsaurrekoak euskaraz emango genituela eta interpreteak jarriko, abertzale izeneko batzuk eskandalizatu egin ziren; inposizio hitza erabili zuten. Gure hautua praktikara eramatea da, eta enpatiaz pentsatzea euskaraz moldatzen ez direnekin. Herritarra eduki dugu buruan. Hitz egin dugu gauzak diren bezala esanez. Normalizazioari ez dio mesederik egiten eufemismoan edo guayismo-an aritzeak.

Gordin aritzeak hauspotu dezake euskararen kontrako jarrera?

Gipuzkoan behintzat ez.

Carlos Urkijorekin egon zara?

Ez. Aztertu genuen bilera eskatzea, baina azkenean ez genuen egin.

Salaketa jarriko dio planari...

Prentsako berri bat da, eta ez daukagu zehaztasun handirik. Lasaitasuna eta konfiantza transmititu nahi dut. Aldundiak ongi egin du: ofizialtasuna hitzez hitz garatu dugu. Iraingarria da Urkijok esan duena. Horma bat jarri behar zaio.

Plana erabat legezkoa da?

Epaileak eta salatariak haiek dira, euskararen aurka daudenak. Ezin da esan bete-betean, haien iritzia egongo delako tartean. Legelarien onespenarekin egin dugu aurrera.

Udalen auzibideak nola daude?

Geldituta, kontratazioei dagokienez. Taktikoki erabaki genuen ez zitzaigula komeni epaitegietan ibiltzea. Jarraituko dugu hizkuntz irizpideak ezartzen. Fronteak irekitzen segitu du Urkijok. EH Bilduren aurka egitea baliatzen du euskararen normalizazioaren eta ofizialtasunaren kontra egiteko. Intentzioa da euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzea. Agerian geratzen ari da bere argudioetan.

Jaurlaritzari babesa eskatu zenioten. Behar bezala jokatu du?

Ez du lidergorik hartu. Euskararen ofizialtasuna ari da zalantzan jartzen Urkijo. Euskarak balio duen edo ez. Jaurlaritzak esaten badu ofizialtasuna erreala dela, defenda dezala. Laguntza eskatu diogu, eta erasoak bezala sentitu dira. Lidergo instituzionala eskatu dugu, eta adieraztea euskal instituzioek ez diogula utziko estatuari hor atzerapausorik egiten.

Aldunditik laguntzak jasotzen dituztenek tokia egin beharko diote euskarari. Arazorik izango da?

Lehenago esaten zen euskarari presentzia eman behar zaiola. Hori izan daiteke ekitaldi batean esatea: «Kaixo. Hola, buenos días». Duintasunaren ikuspegitik eskatzen dugu euskararen ofizialtasuna bermatzea. Malguak izan nahi dugu. Baina adierazi nahi dugu ez dela gauza testimoniala, xelebrekeria. Zailtasunak? Eduki ditzake. Zailtasunak ditu euskaldunak ez zaionean euskaraz egiten. Ematen du horretaz ez dela inor gogoratzen.

Zer eskatuko diezue?

Ekitaldi publikoetan, euskarrietan edo publizitateetan oreka linguistikoa zaintzea, gutxienez.

Ahuldade batzuk agertu dira herri euskaldunenetan...

Agerikoa da atzerapausoa. Badirudi batzuek garrantzia kendu nahi diotela: garrantzitsuagoa dela herri erdaldunak euskalduntzea, eta pagatu beharreko bidesari bat ote den. Euskaraz bizi diren herriak dira arnasguneak. Herri horietan jendea euskaraz bizi da natural. Hizkuntza normalizatu guztiek dute naturaltasuna. Horregatik da garrantzitsua zaintzea. Ez dugu planteatzen ghettoak egitea, edo museoak, edo parke naturalak. Bai zaintzea. Ezin da edozein gauza egin herri horiei eragiten diena. Prebentzioa sartu dugu arauan: eragin linguistikoaren ebaluazioa.

Hirigintzari ere eragingo dio?

Udalen eskumena da. Lurralde antolaketako zatikako planen zehaztapena da gurea. Borondatea da lurralde antolaketan eta aldundiaren eskumen guztietan egitea.

Hizkuntza politikan berrikuntza eskatu duzu. Zehazki, zertan?

Bi elementu ez dira nahikoa garatu. Bat: herritarra zentroan jartzea. Ez da onargarria hizkuntza politikak planteatzea euskaldunek jarraitu behar dutela egoera hau pairatzen. Ez da legezkoa ere. Bi: euskaraz lan egitea administrazioak. Euskararen lehentasunaren ikuspegia hartu behar du hizkuntza politika ofizialak. Ekilinguismoa jartzen du muga gisa. Sekulako akatsa. Berdina ematea bi hizkuntzei. Desorekak segituko du orduan. Babes tarte bat behar da: euskarak behar ditu gune elebakarrak. Babes neurri gisa.

Alor politikoari dagokionez, bigarren mailan dago euskara?

Nik nahiko nukeena baino bigarren mailagoan.

EH Bildun ere bai?

Nahiko nuke guk argiago hitz egitea. Koalizioak ez digu inoiz trabarik jarri edo aurrerago ez joateko esan. Baina badut kezka, gure kideen artean ez ote den kezka sortzen ari euskararekin aurreregi joateak atxikimenduan kalte egingo digun. Alderantzizkoa da: azaltzen iaioak izan behar dugu euskarak kohesionatzen gaituela. Euskara zentrala da. Esaten ari gara Espainiatik alde egin behar dugula, besteak beste ekonomiari kalte egiten diolako. Ados. Baina baita ere gure kultura ezin delako garatu. Hori enpatizatzeko gai izan behar dugu, ez bigarren mailan utzi edo ezkutatzeko. Gipuzkoan demostratu dugu. Herritarrak ez dira euskararen kontra jarri. Ez gara hori azaltzeko gai izango Araban, Bizkaian eta Nafarroan? Baietz uste dut.

Euskalgintza nola ikusten duzu?

Nahiko nukeena baino motelxeago. Faltan sumatzen dut 1990eko hamarkada amaierako euskalgintza indartsu eta erreferente hura. Abertzaleak gehiengo garela, delegatu egin da pixka bat, pentsatuz gure kideak boterean daudela eta egingo dutela. Zilegi da pentsatzea, baina guri egurra eman behar zaigu. Gure gainean egon; esan non ari garen ondo eta non gaizki.

Egur gutxiegi eman dizu?

Eman digute. Batzuetan babes falta ere sentitu dut. Biak. Euskalgintzak zilegitasuna du esateko zer egin dugun ondo, zer gaizki, zertan lagunduko gaituen... Hori lortu behar du: edozein alderdi edo joera politikoren gainetik egotea, bat datorrela edo ez datorrela esateko. Zilegitasunez. Haserretu gabe, baina esan. Estimatzen dut hor ari den jendea; aritu egin behar da, dituzten lan baldintzetan eta eguneroko kezketan. Konbentzituta nago berreskuratuko dela kemen hori. Orain apalduxeegi dago.

Jaurlaritzako euskara arduradunekin nolako harremana duzu?

Tenkatu egin da. Azpian dagoena da hizkuntza politika desberdinen alderaketa. Ispilu horretan deseroso sentitu dira, eta ez dute gurekin bat egin nahi izan. Jaurlaritzak PSOErekin zehaztu du hizkuntza politika. Gurekin ez du nahi. Ezin da ikuspegi elektoralekin aritu euskararen normalizazioan. Gu zintzo ari gara. Lankidetza bilatu dugu. Isilik egoteko eskatzen digute, eta hori ez da bidezkoa.

Itun berri bat posible da?

Euskarak egon behar du politikakeriatik kanpo. Baina euskara oso elementu politiko inportantea da. Zail ikusten dut ituna orain, batez ere EAJ ikusten dudalako hegemonia elektoralaren argipenaren premian: nahi du jakin benetan nor den buru. Hori argitu artean, ez dut ikusten mugituko denik. Herri euskaldunak behartu behar du adostasuna. Euskararen unibertsoa, Bai euskarari... Herriak behartu zituen alderdi politikoak mugitzera. Bi urtean behin hauteskundeak daude. Gurpil zoroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.