Euskalgintzak «anbizioa» erantsi nahi dio gobernuaren bide orriari

Nafarroako Gobernuak ondutako euskara planari 67 zuzenketa egin dizkiote Kontseiluak eta Behatokiak. «Konpromiso argiagoak» eskatu dituzte, eskubideak bermatze aldera

Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria, eta Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Anbizio handiagoa nahi dute, eta hizkuntza politika ausartago bat. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hainbat zuzenketa proposatu dizkiote Nafarroako Gobernuari, onartzeko bidean den Euskararen II. Plan Estrategikoan «konpromiso argiagoak» ezar ditzan. Euskarabidea institutuak duela hilabete aurkeztu zuen planaren zirriborroa, eta euskalgintzako erakundeek aukera izan dute ekarpenak egiteko. Atzo, plangintzari eginiko zuzenketak eta proposamenak erregistratu zituzten Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariek, Nafarroako Gobernuaren egoitzan.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, nabarmendu zuen plan berriak «adorea» falta duela. Uste du arazoaren oinarria, baina, arau eta legeetan dagoela: «Tamalez, Nafarroan araugintzaren bidean ez da aldaketarik planteatu asteotan, eta horrek eskubideen urraketen betikotzea dakar. Euskaldunon eskubideak lurraldearen arabera aitortzen dituen legea oinarri, kezkaz bizi ditugu indarrean dagoen araudiak sortzen dituen bidegabekeriak. Eta legealdi honetan ez dugu inongo aurrerapausorik ikusi; are gehiago, atzerapausoak ere izan dira, araugintzaren esparruan».

Hori dela eta, Euskararen II. Plan Estrategikoak «bidegabekeria horiek zuzentzeko» bidea eman beharko lukeela esan zuen atzo Kontseiluko buruak: «Horretan saiatu gara, gaur aurkeztu ditugun ekarpen hauen bidez, eta, horregatik, neurriotako askok izaera politikoa dute». Bilbaok erantsi zuen hizkuntz eskubideak ezin direla «unean uneko adostasunen arabera» definitu: «Eskubideak direnak dira; ezin dira mugatu balizko kontsentsu baten aitzakian».

Planari eginiko 67 zuzenketen berri eman zuen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. «Testuan erabilitako aditzak aldatu beharra» ikusi dute nagusiki, planean jasotako neurriak eraginkorrago bihurtze aldera: «Zazpi urteko plan batez ari gara, eta neurriek zehaztasuna behar dute: bermatu, egin, burutu, ezarri… Ezin dira une oro aditz zehaztugabeak erabili: aztertuko dugu, lagunduko dugu eta halakoek ez dute balio», adierazi zuen.

Horrez gain, faltan sumatu dituzte «neurri estrategikoak eta proposamen zehatzak, eskubideak bermatzeko». Planaren testuari, adibidez, puntu hau gehitzea eskatu zuten: «Departamentuz departamentu eta erakunde autonomoz erakunde autonomo, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren lanpostu elebidunen proposamena Nafarroako Gobernuari helarazi, lan deialdiak horren arabera egin ditzan».

Aurreko planean jasota egon arren, bete gabe dauden neurri batzuk ere berreskuratu nahi izandituzte Kontseiluak eta Behatokiak, Euskararen II. Plan Estrategikoari eransteko; bereziki, kontratazioen edo diru laguntzen irizpideetan hizkuntza klausulak txertatzeari buruzkoak. «Zalantzarik gabe, gobernuari badagokio sustapen lana egitea, baina araugintza ere erabili behar da. Ez dugu ulertzen zergatik desagertu ziren neurri horiek, eta berreskuratu nahi ditugu», azaldu zuen Gaubekak.

Baliabide gehiago

Oro har, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako planari «anbizioa» erantsi nahi diotela nabarmendu zuten Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariek atzoko agerraldian. «Anbizioz jokatu behar da, eta hizkuntza politiketan jauzi bat eman», adierazi zuen Behatokiko zuzendariak: «Baliabide ekonomiko egokiak beharko dira. Hor ere anbizioz jokatu beharko da, eta jauzia eman beharko da aurrekontuetan baldin eta planaren neurriak egoki beteko badira».

Izan ere, Euskararen II. Plan Estrategikoa, Euskarabidearena ez ezik, «Nafarroako Gobernu osoarena» ere badela adierazi zuten Bilbaok eta Gaubekak: «Beraz, departamentu guztiek hartu beharko dituzte neurriak hura betetzeko eta hari jarraipena emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.