Mikel Irizar

Euskalgintza sozialetik, instituzionalera

Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria izango da Mikel Irizar. Euskara Zuzendaritzaren ordezko atala izango da. Bide luzea egin du euskalgintzan Irizarrek; besteak beste, Topaguneko buru izana da.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Urteetako bidea izan du euskalgintza sozialean, eragile, eta instituzioetatik jarraituko du bide horretan Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954): Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari izango da Gipuzkoako Diputazioan. Euskara Zuzendaritzaren ordezkoa izango da. Aldaketa da, Irizarrek azken urteotan defenditu duen ildokoa: hizkuntza bizikidetza indartu behar dela ezinbestekotzat jo du. «Jauzi handi bat» egiteko garaia ere badela esan du azken denboretan, horretarako abagunea badagoela. Diputazioak gaur izendatuko du zuzendari.

Atzera jo beharra dago Irizarrek euskalgintzan izan duen ibilbidea azaltzeko. Arrasate Press astekaria 1988an jarri zuten martxan, AED Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartearen altzoan. «Euskalgintzaren autobus berritzailera» orduan igo zen Irizar. Ogibidea bankuen alorrean izan du —Kutxan aritua da, besteak beste Hizkuntza Plangintzako arduradun; 2011n hartu zuen erretiroa—.

Euskalgintzan, tokiko hedabideen esparrutik aritu da. Goiena komunikazio taldearen lehen zuzendaria izan zen, 2000tik aurrera. Debagoieneko euskarazko tokiko komunikabideak bildu zituzten eskualderako proiektuan; bultzatzaileetakoa izan zen Irizar.

Tokiko hedabideen arloan beti, Euskaltzaleen Topaguneko presidente izan zen 2012tik iaz arte. Hausnarketa prozesuan zegoen federazioa, eta Irizar gidari zen garaian eman zituzten pausoak; besteren artean, tokiko hedabideen Tokikom enpresa sortu zuten.

Euskal hedabideetan ohiko kolaboratzailea da Irizar; zutabegile aritzen da euskarazko komunikabide zenbaitetan, eta irratiko tertulietan ere ohiko solaskide da.

Bizikidetzaren diskurtsoa

Diskurtso berriak landu beharrari garrantzi handia eman dio Irizarrek azken denboretan: uste du hizkuntzen arteko bizikidetzari eman behar zaiola pisua. BERRIAri orain bi urte emandako elkarrizketa batean hizkuntz ekologia eta feminismoa hartu zituen hizpide: «Ekologiaren eta berdintasunaren alorra ere landu behar da. Asko begiratu behar diogu feminismoari, adibidez. Jabekuntzatik hainbat egoera iraultzea lortu dute». Hain zuzen ere, Euskara Zuzendaritzaren ordez, Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza izango du Irizarrek agintepean.

Legealdirako erronka asko ditu mahai gainean Irizarrek; besteak beste, aurten bertan onartutako euskara plana garatzea —aurreko gobernuarena da—; besteak beste, euskara lehenestea erabaki zuten, euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka «berdintzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.