«Oldarraldiak ez du etenik». Hitz horiekin hasi dute gaur, Donostian, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta egin duten elkarretaratzeko adierazpena. Alderdi Ederren elkartu dira, Donostiako udaletxe parean. Eta, hain justu ere, erakunde horrek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontra asteon plazaratutako ebazpena kritikatu nahi izan dute protesta eginez; izan ere, epai horren bidez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du 2022ko lan deialdi batean Donostiako Udalak ezarritako gutxieneko euskara eskakizuna udaltzain jardun ahal izateko. Aurrez ere tankera horretako epai ugari egon direla gogoratuta, gaur protestan batu direnek salatu dute «azken hitza» epaitegiek dutela gaur egun hizkuntza politikan, eta larritzat jo dute hori.
«Epairik epai, doktrina bat eratzen ari dira», salatu dute elkarretaratzean. «Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna». Donostian salatu duten epai hori aurreko baten berrespena da. Donostiako Administrazioekiko Auzien 3. Aretoak esana zuen ez dela egokia euskara eskakizun bat egiaztatzeko eskatzea han udaltzain aritzeko, eta orain horixe berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Deialdian, zehazki, ezarri zuten euskarazko B2 maila izan behar dela udaltzain izateko.
Elkarretaratzean euskalgintzako ordezkariekin batera izan dira ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak eta udaleko hainbat ordezkari, EH Bildu eta EAJ alderdietakoak.
Agerian utzi nahi izan dute sententzia ez dela egokia. «Udaltzain bakar batek euskaraz ez jakiteak arriskuan jar ditzake zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea. Enplegu publikoaren helburua da zerbitzu publiko egokia ematea, herritarrek behar duten arreta diskriminaziorik gabe eskaintzea». Eta oinarri hori aintzakotzat hartuta egin dute galdera: «Nola egingo du hori euskararik ez dakien udaltzain batek parean herritar euskaldun bat egokitzean?».
Halakorik gerta ez dadin euskarari «dagokion zentralitatea» eman behar zaiola gogoratu dute, eta, horrekin lotuta, dei egin diete hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden eragile sozial eta politiko guztiei. «Euskararen gaia lehen lerrora ekarri behar da». Esan dute aldaketa atzeratu ezinezkoa dela. «Ezinbestekoa da urrats ausartak egitea hizkuntza politiketan behar dugun jauzia egin ahal izateko».
Helegitearen alde
Elkarretaratzearen bitartez, Donostiako Udalari «sostengua eta babesa» adierazi diote, epai «injustu» horren aurka bidea egin eta kontrako helegitea aurkez dezan. Bide batez, eskatu diote «azken bururaino» eramateko euskararen normalizazioaren aldeko prozesua.