Euskalgintza Galdakaon elkartu da euskararen aurkako epaiak salatzeko

Lehengo astean Galdakaoko Udalak ezarritako hizkuntza eskakizun baten kontra emandako sententziaren harira, olatu «atzerakoi eta euskarafoboa» salatu dute. Herriko eragile askok egin dute bat Kontseiluaren eta Bagabiz euskara elkartearen deiarekin.

Protesta, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Protesta, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
arantxa iraola
2024ko ekainaren 20a
20:44
Entzun

Galdakaon batu da euskalgintza, euskararen garapena eragotzi nahi duten epaiak salatzeko, Bizkaian. Hilabete asko daramatza Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazioa sustatzeko neurrien kontrako «oldarraldi judiziala» salatzen, eta joan den ostiralean berritu zuen mezua. Bilboko epaitegi batek emandako sententzia baten berri eman zuen, eta jakinarazi zuen baliogabetu egin zela horren bidez Galdakaoko Udalean laneratze eta gizarteratze arloan teknikari jarduteko lanpostu bat egonkortzeko deialdian euskara ezagutza egiaztatzeko ezarritako hizkuntza eskakizuna. Propio halakoak salatzeko protokolo bat martxan du euskalgintzak, eta abiarazi egin zuen. Horri atxikita egin dute gaur protesta. Bagabiz Galdakaoko euskara elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak elkarlanean egin dute deia, eta herriko eragile askok egin dute bat. 19:30ean izan da, Ardanza parkean.

Sententzia hau euskararen kontrako erabakien kate luzeko katebegi bat gehiago dela gogoratu dute: «Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete, eta mugak jarri behar dizkizuegu». Botere judizialaren «esku hartzea» salatzearekin bat, «euskararen ekosistema berri bat» aldarrikatu dute. «Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko». Kalera irtenda mezu euskaltzaleak ozentzeak duen garrantzia ere agerian utzi dute: «Argi utzi nahi dugu euskaraz bizi nahi dugula eta ez dugula eskubide murrizketarik onartuko!».

Beste hainbatetan egin duen eran, epai honen interpretazio kritikoa egin du euskalgintzak. Kontseiluaren arabera, epaileak «gehiegizkotzat» jo du lanpostuari ezarritako euskara eskakizuna, eta horretarako «oinarri juridiko erabat eztabaidagarria» duen salbuespena aplikatu du, eta Galdakaoko euskararen ezagutzan oinarritutako derrigortasun indizearen «interpretazio murriztailea» ere egin du.

Atzo ere atera ziren euskaltzaleak kalera epaia salatzera. Galdakaoko Udaleko langileek egin zuten protesta, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Protestaren harira, ebazpena «oldarraldi judizialaren enegarren adibidea» dela adierazi zuen LABek. ELAk, berriz, aurrera egite aldera zer oinarri behar diren nabarmendu nahi izan zuen: «euskararen lege berri bat» jarri nahi luke lehen lerroan, eta «administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politikak» ere eskatu zituen. Kontseiluak halakoetan zabaltzen duen aldarria ozendu zuten langileek ere elkarretaratzean: «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.