Euskalgintza eta gobernua batera aritzeko foro bat sortzeko eskatu dute Nafarroan

Kontseiluak Euskararen Legea aldatzea jarri du helburu, eta bidea hasi nahi du.Uste du euskalgintza eta gobernua elkarrekin aritzea egoki dela, Euskararen Kontseiluaren bidez

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Urteurrena zuen atzo Nafarroako Euskararen Legeak. Orain 29 urte onartu zuten. Besteak beste, arau horretan ezarri zuten hizkuntza eremuen banaketa, herritarren hizkuntza eskubideak hein berean zatitzen dituena. Etenik gabea izan da legea aldatzeko eskea, eta horretarako aukera legealdi honetan badagoela irizten dio Kontseiluak. «Uste osoa» dauka. Horretan hasteko, elkarlana eskaini dio gobernuari: erabakigune partekatu bat sortzea eskatu dio, euskalgintzako eta administrazioko ordezkariak bilduko dituena. Euskararen Nafar Kontseiluak bete dezake funtzio hori, bertan euskalgintzako kideak sartuta. Horixe proposatu du Kontseiluak.

Gobernu berriarekin abagunea zabaldu dela uste du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. «Horma» izan dira gobernua eta legea orain arte, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren esanetan. Asko izan dira horren kontrako ekinbideak —besteak beste, 50.000 sinadura bildu zituzten legea aldatzeko—, eta orain aukera iritsi dela uste dute. Ohartarazi dute aldaketan «erabakigarri» izan direla euskaltzaleen botoak.

Lehen ehun egunak pasatuak ditu gobernu berriak. Euskalgintza orain arte isilik egon dela azaldu dute. «Jakitun gara gobernu berri bat sustraitzeak eta lantalde berriak osatzeak dituen zailtasunak zein diren». Denbora horretan aurrerapauso batzuk sumatu dituzte —Euskarabidearen osaketa eta D eredua hedatzea, esaterako—, baina kezka ere badute legea aldatzeko adostasunik ezarekin.

Egoera hori ikusita, pauso gehiago emateko hiru proposamen egin zituen atzo Kontseiluak Iruñean. Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuten Kontseiluko bazkideen ordezkariek.

EUSKARAREN LEGEA

Aldaketa «pausoz paso» abiatu behar dela uste du Kontseiluak. Legealdi honetan urratsak egiteko «uste osoa» du. Aintzat hartu behar da gobernuaren akordio programatikoa egin zuten lau alderdiak ez zirela ados jarri Euskararen Legea aldatzeari buruz. Gizartean legea aldatzearen aldeko ikuspegia zabaltzea jarri du erronkatzat Kontseiluak: «Euskalgintzaren erronka ere bada erakustea gizartearen gehiengoa euskararen alde dagoela, eta inondik ere ez dela zilegi nahastea nafar guztiek izan behar dituzten hizkuntza eskubideak balizko inposizioekin». Eskubide urraketak agerian jartzea ere nahi dute, aldaketa beharra bistan ipintzeko.

Datorren urtean 30 urte beteko ditu legeak. «Kanpaina eraginkor eta erabakigarri bat» egitea proposatu dute, «legearen aldaketa arintzeko eta Nafarroako Gobernuak egin beharreko lana ziurtasun osoz garatzen hasteko».

ELKARLANA

«Komenigarria» da ibilbide horretan euskalgintzak eta gobernuak elkarlanean jardutea, Kontseiluaren ustez: «Orain da unea euskalgintza eta gobernua erabakitzeko ahalmena duen mahai baten inguruan elkarren ondoan eserita egoteko». Erregelamenduak lantzea litzateke lehen pausoa, gero legea aldatzeko bidean.

Foro horretarako aukera Euskararen Nafar Kontseilua litzatekeela uste dute. Batzorde horretan, gobernuko eta erakunde batzuetako kideak daude; haiekin batera, euskalgintzako bi lagun, eta euskararen arloan ospea duten zazpi. Euskalgintzako «kolektibo guztiei» parte hartzeko aukera emateko eskatu dute, izan osoko bilkuran, izan lantaldeetan. Kontseiluak euskarari buruz egindako proposamenak aztertzeko taldeak abiatzea nahi dute.

BALIABIDEAK

Datorren urteko aurrekontuetan euskararako baliabide gutxi jarri dituela gobernuak, hori kritikatu du Kontseiluak aurreko egunetan. Aurrera egiteko kopuru zehatzak eskatu ditu: gobernu osoaren aurrekontuaren %2 erabili beharko litzatekeela hizkuntza politikarako. Aurreko urteetan gobernuak euskalgintzarekiko izandako «mespretxua» alde batera utzi dela aitortu du Kontseiluak, baina beste pauso bat eskatu du: «aurrekontu duina» jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.