Euskalgintza «berriaren» oinarriak proposatu ditu Eusko Ikaskuntzak

'Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen' agiria aurkeztu du. Euskararen hiztun komunitatearen aktiboak indartzeko proposamenak egin ditu. Akordiorako akuilu izan nahi du

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko atzoko saioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Ikaskuntzak XVIII. Kongresuaren bigarren saioa egin zuen atzo Gasteizen. e5 Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen egitasmoaz jardun zuten, eta, bukaeran, izen bereko adierazpena aurkeztu zuten. Parte hartu zuten guztiek babestu zuten. «Euskararen eta euskalgintzaren biziberritzerako oinarri komuna da», azaldu du Mikel Irizarrek. Kongresuaren arduradunetako bat da, eta agiriaren osaketan parte hartu du.

Mendeurrenaren harira, Eusko Ikaskuntzak bost ikerketa proiektu ipini ditu martxan, etorkizuneko Euskal Herrira begira. Horietako bat da euskarari dagokiona. «Hizkuntza komunitatean ipini dugu fokua, modu prospektiboan ulertuta: euskaraz bizi, garatu eta munduratu nahi duen komunitatea. Komunitate horrek zer indar, zer kapital dituen aztertu dugu, gerora begira garatzeko eta munduratzeko. 2040an non nahi lukeen egon galdetu diogu. Eta gaurtik nahi duen egoera horretara iristeko zer tresna beharko dituen aztertu dugu». Bi urte luze igaro dituzte hori guztia lantzen. Emaitza azaroaren 23an Oñatin (Gipuzkoa) egingo duten azken saioan aurkeztuko dute. Atzoko adierazpena «sintesia» izan dela zehaztu du Irizarrek, «akuilu bat, aurrera begira akordio sozial eta politiko indartsu bat erdiesteko».

Eusko Ikaskuntzaren adierazpenean mota askotako proposamenak daude. Besteak beste, euskararen ulermen unibertsala eskatzen da, hizkuntza eskubideak gainontzekoen pare jartzea, euskalgintza biziberritzea, euskarazko sorkuntza sustatzea eta laguntzea, euskarazko komunikabideen sistema sortzea eta euskara enpresetan lan hizkuntza bihurtzea. Hiztun komunitateak dituen sei aktibo nagusiak identifikatu dira, eta horiek handitzeko neurriak proposatu dira. Euskalgintzari eta, haren bitartez, gizarteari zuzenduta dago.

Euskalgintza barruko «konfrontazio garaia gaindituta», euskalgintza berria sortzen ari dela uste du. 20. Korrikan euskalgintzak elkarrekin egindako kilometroa, Euskaraldia eta atzoko agiria ipini ditu adibide. «Kolore bakarreko baina tonalitate askoko hizkuntza politika eta estrategia sortu behar dugu, eta ikusten ari gara hori posible dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.