Euskalgintza, aitzina segitu ezinik

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileek beren egoera salatu dute beste behin. Diru eskasiak lan baldintzak okertu dizkie, eta zalantzan jartzen du bakoitzaren proiektuaren garapena.

Euskal Konfederazioaren protesta EEPren biltzar nagusian. GUILLAUME FAUVEAU
Euskal Konfederazioaren protesta EEPren biltzar nagusian. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Apiril hasieran hartu zuen erabakia EEP Euskararen Erakunde Publikoak: 2024rako ez du bere aurrekontua emendatuko; ez dute diru gehiago ezarriko euskararen aldeko hizkuntza politikarentzat. Aurrekontua bikoiztea eskatu du azken urteetan euskalgintzak, baina, beste behin, entzungor egin diote. EEPren erabakia salatu zuen euskalgintzak, eta hizkuntza politika ausart bat egiteko «sinesgarritasuna» galdu duela erran. Behin baino gehiagotan salatu dute baliabide falta, eta prekario dabiltzala ere erran izan dute; Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikaren pisu guzia haien bizkar utzia den heinean, aitzina segitzeko zailtasunak dituztela erran dute eragile nagusiek. 

Udaleku, «brikolatzen»

Dirua da Udalekuk gaur egun duen arazo nagusia. «Zerbitzu bat eskaintzen dugu, eta ez du kasik nehork ordaindu nahi», esplikatu du Maddi Bordagarai koordinatzaileak. «Alta, herriko etxeek eskaintzen dute aisialdi zerbitzua, badakite zer kostu duen», deitoratu du. «Herriko etxeek gero eta diru gutxiago dituzte, eta eskumen gehiago kudeatu behar dituzte. Hautuak egin behar dituzte; nik leporatzen diet zer hautu egiten dituzten. Gu borrokan ari gara euro bateko emendatzea lortzeko, eta errugbi profesionaleko talde baten estadiorako lortzen dute milioiak ateratzea». 

Urte osoko bost aisialdi gune ditu Udalekuk, eta hamabi egonaldi antolatzen ditu urtean; hamasei langile finko ditu, eta 2023. urtean 140 animatzaile laguntzaile aritu dira harekin lanean. Horrez gain, prestakuntza zerbitzua ere eskaintzen dute, animatzaileak trebatzeko, eta baita aisialdi zentroak euskarazko jarduera garatzen laguntzeko ere. 1.150 haur ingururekin aritzen dira urtean, eta 846 familiarekin. «Euskararen egoerari begira, ez dugu zalantzarik gure beharra badela, baina tokiko arduradun politikoek ez dute ikusi nahi». 

Egoera duela lau urte iritsi zen muturrera: «Konkretuki, gure lansariek ez zuten legea errespetatzen». EEPko biltzar nagusian aipatu zuten, eta suprefeturaraino iritsi zen: 140.000 euro eskas zitzaizkien lansariak legezko heinera igotzeko. EEPko eta elkargoko teknikariekin aritu ziren lanean, eta kasik kostaldeko herriko etxe guzietan aipatu zuten gaia, baina emaitza gutxi ekarri zituen. «Mingarria da: diru pixka bat gehiago lortzen dugun aldi oro, iduri du eskerrak eman behar ditugula, eskean ariko bagina bezala. Eskertu behar ditut zor didatena ordaintzen didatelako?», haserretu da Bordagarai. Egindako lanari esker, partaide zenbaiten bidez galera 50.000 eurora apaltzea lortu zuten; iaz, EEPk behin-behineko diru laguntza bat eman zien eskas zena estaltzeko. «Baldintza zen ondoko urterako guk aurkitu beharko genituela. Hiru urtez aritu gara elkarrekin lanean: aurkitu dituzte? Ez. Eta guk bakarrik aurkitu behar ditugu? Ganibet bat duzularik lepo azpian, zer egiten duzu? Zer gelditzen da?», erran du, haserre. 

Orduan adierazi zuen proposatzen zioten bakarra «hanka bat moztea» zela; hau da, aisialdi gune bat ixtea. Ordutik, egoera ez da aldatu; «brikolatzen» ari direla erran du Maddi Bordagaraik, baina ez dutela geroari begirako ikuspegi argirik. «Hori da gure zailtasuna: gure elkartearen proiektuari muga bat ikusten diogu, eta horrek kezkatzen gaitu, zinez». Nabari zaio nekea: «Entzun bai, baina ez digute sinesten». Kalkuluak eginak ditu: 50.000 euro bi lanpostu gutxiago dira. «Urtez urte lanpostuak gutxitzen ari gara, eta gure jarduera emendatzen dugu. Hor ere, zer gertatuko da momentu baten buruan: langileak itoko dira. Manera batez edo bestez kontuak orekatuko ditugu; ari naiz. Baina 50.000 euro horiek lansariak ordaintzeko bakarrik dira. Horregatik erraten dut kakan garela. Udalekuren arazoa ez dira bakarrik lansariak, bada proiektuaren garapena ere, eta hori ez du inork aipatzen. Erraten digute: "are euskaldundu haurrak", baina gaur egun ez dut egituraren geroa segurtatzen ahal».

AEK, «itoa»

Pareko egoeran da Ipar Euskal Herriko AEK. Orain dela bi urte «alarma gorria» piztu zuen, eta langileen «prekaritatea» salatu zuten. Hitzarmen kolektiboak behartzen duenaren azpitik ordainduak zirela jakinarazi zuten haiek ere. Instituzioei dei egin zieten egoerari buru egiteko, eta, EEPko teknikarien bidez, ezohiko diru laguntza bat landu zuten. «Frogatu genuen zer eskuratu behar genuen, egiten dugun lanaren eta dugun langile kopuruaren arabera», esplikatu du Ihintz Oliden AEK-ko koordinatzaileak. Jasotako diru guzia lansarietara bideratu zuten osoki. «Hori zen baldintza, eta bete genuen. Gaur egun, sariak emendatu dira, hobekuntza bat izan da, baina, inflazioa dela eta, laster zaharkitua izanen da». EEPk aurrekontua ez emendatzea erabaki badu ere, aurten ere espero dute ezohiko laguntza hori. Baina ez du etorkizuna argitzen.

Olidenek ere erran du lansari duinak eskuratzea ez zaiola aski: «Gure aurrekontuaren %80 soldatetara bideratua da; ez dugu baliabiderik proiektu berriak aitzina ateratzeko. Langileek sekulako lan zama dute, eta oso zaila egiten zaigu aitzina egitea; itoak gara ditugun lan guziekin». Urteetan anitz garatu da Ipar Euskal Herriko AEK, eta instituzioek ere gero eta gehiago eskatzen diote: «Ez da gauza bera gaur egun gau eskola batean lan egitea, edo duela hamabost urte. Qualiopi kalitate zertifikazioa pasatu behar izan dugu diru laguntzak eskuratzen segitzeko, eta horrek egituraketa eta datu bilketa askoz ere handiagoa eskatzen digu». 

Adibide bat baino gehiago eman ditu Olidenek, horien artean Lehuntze eta Bardozeko (Lapurdi) kasuak. Laguntzaileen bidez bermatzen dute helduen euskalduntzea eremu horretan. «Badakigu potentzial handia dugula, bada jende andana euskara ikasi nahi duena, inbertsioa egin behar genuke; baina ez dugu baliabiderik eskualdea dinamizatuko lukeen langile bat ordaindu ahal izateko». 

Erabilera sustatzeko Praktikatu programa ere aipatu du Olidenek. Iaz abiatu zuten Donibane Lohizunen, Ziburun eta Urruñan (Lapurdin), eta biziki emaitza onak eman ditu; mintzatalde andana sortu dira. «Badakigu erabilera biziki garrantzitsua dela. Aukera eskaini behar zaie euskara ikasi dutenei eta ikasten ari direnei. Praktikatu programak ez du bakarrik euskalduntze prozesua laguntzen, herrietan giro bat sortzen du, aukera ematen die klaseak hartzen ez dituztenei ere euskara praktikatzeko». Hego Lapurdin AEK-k egin duen inbertsioari esker abiatu dute; gainerako eremuetara ere zabaldu nahiko lukete, baina, EEPk baliabideak eman ezean, ez dute aukerarik izanen. «Ezin diegu langileei eskatu ditugun lanaldietan denbora gehiago hartzea, ez da posible». Argi adierazi du Olidenek: «AEKn ideiak ez ditugu falta; proiektuak garatu ditzakegu. Baina, gaur egun, ez dugu baliabiderik ohiko jarduera baino gehiago egiteko». Egunerokoak harrapatuak bizi direla erran du, helduen euskalduntzea bermatzeko justu, eta funtzio soziala betetzeko ezinean: «Zenbat aldiz ez dugu entzuten 'ez dut denborarik hori egiteko'? Ez da ez garela eraginkorrak, edo berregituraketa bat behar dugula; arazoa da mugetara helduak garela eta ezin dugula gehiago eman». 

Euskalgintzaren haserrea gero eta nabariagoa dela azpimarratu du AEKko koordinatzaileak. «Uste dut hautetsiengana jo behar dugula zertan garen adieraztera, eta pixka bat bazterrak inarrostera». Iruditzen zaio gero eta kontzientzia handiagoa dagoela euskara erdigunera ekarri behar dela. «Euskararen etorkizuna ezin da utzi euskalgintzan ari diren erakundeen bizkar. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak hor ditugu; 2050erako Ipar Euskal Herrikoen %30ek euskaraz jakiteko helburua ere hor da. Orain hizkuntza politika publiko sendo bat garatu behar da, beharretan oinarrituz, eta, horretarako, ausartak izan behar gara denak. Ezin da hizkuntza politika dugun aurrekontura mugatu».

Seaska, hitzarmenik gabe

Hezkuntza arloan ere hutsuneak ditu hizkuntza politikak: badu zazpi urte EEPk ez duela emendatu Seaskari ematen dion diru laguntza, eta sare publikoan eta pribatu katolikoan euskara hutsean diharduten ikasgelak irekitzeko plana ere ez da betetzen ari. Horrez gain, Frantziako Estatuarekin lotzen duen hitzarmena orain dela bi urte iraungi zela ohartarazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Deigarriak dira azken urteetako datuak: Ipar Euskal Herriko sortze tasa apaltzen ari da: urtez urte gero eta haur gutxiago eskolatzen dira. Alta, Seaskako ikastoletako haurren kopurua goraka doa. «Etengabeko hazkundea izan dugu azken urteetan, eta hala espero dugu ondoko ikasturterako ere». Seaska da Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan diren hizkuntza gutxituetan haur gehien eskolatzen duen egitura, eta proportzioan instituzioetatik diru gutxien jasotzen duena ere bai; esaterako, Diwan eskolek Bretainiako instituzioetatik jasotzen duten baino sei aldiz gutxiago dute. «Garai batean, instituzio bakoitzarengana joaten ginen diru eskean; orain, erraten digute EEP dela bulego bakarra».

Beharrak badituzte, alta. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez ditu bermatzen Seaskak behar dituen irakasle postu guziak; behar bereziak dituzten ikasleekin aritzeko laguntzaileak ere behar dituzte, baita psikologoak eta arlo anitzetako langileak ere; ikastetxeen eraikuntzak eta horien mantentze lana segurtatu behar dira; horiek guziak Seaskak ordaindu behar izaten ditu. «Ikusi besterik ez da ikastolek astero zenbat gauza antolatzen duten bizirauteko», erran du Gorostiagak. 

Sare publikoan eta pribatu katolikoan euskarazko irakaskuntza garatzearen alde mobilizatu da euskalgintza azken urteetan; Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskolan euskara hutseko ikasgela irekitzeko mobilizazioa oroitarazi du Gorostiagak. «Baina EEP ez da betetzen ari ikasgela berriak irekitzeko plana». Gainera, erakundeek «murgiltze» gisa aurkezten dituzten horietan ikasgela barnera mugatzen da euskararen presentzia; lehen mailatik aitzina, oren parekotasunean oinarritzen den sail elebidunera pasatzen dira, Hego Euskal Herriko B ereduaren antzera. «Horrez gain, kolegioan euskara desagertzen ari da, eta lizeoetako erreformak ere kalte handia eragin du. Ondorioz, jendea guregana heldu da euskaraz ikasteko, baina guk ez dugu baliabiderik».

Horrez gain, bada bi urte Seaska Frantziako Estatuarekin lotzen duen hitzarmena iraungi zela, eta parean «ez dute indarrik egiten» berritzeko baldintzak izan daitezen. Azterketen gaia da desadostasun iturrietako bat. Azken urteetan, gibel egiteak ere izan dira, eta indar handiko borrokak egin behar izan dituzte. «Jadanik aski lan dugunean, beste lan bat ematen digute kolpe bat atzera eginez, horretan denbora gal dezagun eta gure hizkuntzaren garapenean lan egin ez dezagun». Hezkuntza Ministerioaren jarrera arbuiatu du Gorostiagak, eta gaitzetsi du EEP ez duela indarrik haren aitzinean. «Haurren euskalduntzearen pisu guzia gure bizkar emana da, baina ez digute horretarako baliabiderik ematen». 

Gorostiagak «bidegurutzean» ikusten du Euskararen Erakunde Publikoa. «Duela hogei urte, EEP sortu zenean, apustua egin zen Frantziako Estatua mahaiaren inguruan jarrita negoziazioak erraztuko zirela. Horrek funtzionatu du hainbat urtetan, baina azken hamarkadan ikusi dugu blokeo batera iritsiak garela. Frantziako Estatuak ez badu kontzertaziorik nahi, eta bere aldetik hartzen baditu euskararen eta beste hizkuntzen kontrako erabakiak, beharbada zalantzan jarri beharko litzateke EEPren izaera bera». Iradoki du ea ez ote litzatekeen egin behar beste egitura bat estatua kanpo utzita, eta «estatuaren parean» jarrita. «Estatua EEPtik kanpo balitz, beharbada argiago geldituko litzateke gainerako instituzioen rola ere zein den, eta nork zer egiten duen gure hizkuntzaren alde edo kontra». 

Konkolotx, sosik gabe

Euskalgintzako eragileen artean, Konkolotx da egoera zailenetakoan: «Ez dugu gehiago dirurik». esplikatu du Elorri Arinek. Irailean hasi zen haurtzaindegien eta haurtzain etxeen sarearen koordinatzaile gisa, lanaldi erdian; haren apirileko lansaria bermatu dezakete, baina hortik aitzina ez dakite nola eginen duten. Udazkenean EEPk landu zuen txostenean, 36.000 euroko laguntza aipatu zieten. «Gaur egun, ez da argi ea EEPk ala Euskal Elkargoak lagunduko gaituen». Instituzioek beren artean erabakitzen duten bitartean, ezer gabe dira. 

Berrogei langileko sarea biltzen du Konkolotxek, eta hori dinamizatzea da Arinen funtzioa. «Herriko etxe guziei bidali diegu gutuna haurtzaindegi edo haurtzain etxe euskaldunen proiektuak garatu ditzaten; horietako batekin baino gehiagorekin bildu gara jadanik». Irulegin eta Aiherran (Nafarroa Beherea) bi proiektu sortzeko mentura dutela erran du, eta Maulekoa ere handi behar lukete. Gaur-gaurkoz, norbanakoen laguntzak baizik ez dituzte jaso: 10.000 euro eskuratzeko kanpaina abiatu zuten irailean, baina ez dute osoki konplitu. Orain, kutxak hustuak dituzte. 

EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREN AURREKONTUA

Ipar Euskal Herria gobernatzen duten lau erakundeek osatzen dute EEP: Frantziako Estatuak, Akitania Berria eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Euskal Hirigune Elkargoak; bakoitzak %25 ematen du. Aitzineko urteetako soberakinak kontuan hartuta, 4.901.455 eurokoa da 2024. urterako; 2017tik ez dute emendatu. Udazkenean, %50eko emendatzea proposatzen zuen txostena landu zuen EEPk, Antton Kurutxarri orduko lehendakariaren gidaritzapean. Gerora jakin denez, bere parte hartzea %75 emendatzeko prest zen elkargoa, baina gainerako erakundeekin ados jartzea lortu ez dutenez, bere horretan geldituko da. EEPren biltzar nagusiaren ondotik, «porrota» izan zela onartu zuen Kurutxarrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.