Euskalerria Irratiari lizentzia ematen dion foru agindua argitaratu dute

Arduradunek udaberrian hasi nahi dituzte emanaldiak frekuentzia berrian: FMko 98.3an.Adjudikazioko bigarren lizentzia ez dute eman oraindik

Euskalerria Irratiak lizentzia ospatzeko irailean egindako festa. J. MANTEROLA / ARP.
Iruñea
2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Azken-aurreko geltokira heldu da Euskalerria Irratia eta emititzeko lizentziaren auzia. Atzo publikatu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialak Iruñerriko irrati euskaldunari emititzeko lizentzia ematen dion foru agindua. Orain, lizentzia administrazioko dokumentu batean formalizatzea baino ez da geldituko. Bukatzear dago 1997. urtean hasitako bidaia gorabeheratsua.

«Guretzat zein gure entzuleentzat oso etsigarria izan da, bidegabekeria luze honen ondorioz, urte hauetan guztietan gure seinalea etxeetara behar bezalako indarrarekin ez iristea. Aurrerapauso handia izanen da», adierazi du Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak. Lizentziarekin batera, frekuentzia aldatuko du irratiak: FMko 98.3ra mugituko da. Gainera, Iruñerri osora behar bezala heltzeko aldaketa teknikoak egiten hasi dira. «Azpiegitura teknikoa prestatzen ari gara, baita hori lortzeko beharrezkoa zaigun finantzaketa ere, eta udaberrirako gure seinalea Iruñerri osora kalitatez eta legez zabaldu ahal izatea espero dugu».

Egun Iruñeko Irrintzi dorrean dute antena. Behin emititzeko baimena jasota, Erreniega mendira eraman ahal izango dute berriz. Orain sei urte, Espainiako Industria Ministerioak antena kentzera behartu eta 30.000 euroko isuna ezarri zion irratiari. Lizentziarik gabe emititzea eta inguruan pasatzen ziren hegazkinetan interferentziak sortzea leporatu zion irratiari.

Aldaketaren gobernuarekin batera ailegatu zen baimenaren albistea, baina adjudikazioa ez zen Uxue Barkosen taldearena izan. UPNren gobernuak osatu zuen lizentziak banatzeko kontratazio mahaia, eta azken horrek uztailean —oraindik gauzatu gabe zegoen gobernu aldaketa— hartu zuen erabakia. Hala ere, emititzeko baimena ukatu zion gobernua Euskalerria Irratiari lizentziarik eman gabe joan zen, eta inolako ardurarik hartu gabe.

Bigarren lizentzia airean

Irrati lizentziak Medios de Comunicacion 21 SL eta Euskalerria Irratiari ematea erabaki zuen kontratazio mahaiak. Lehiaketan lehenak 71,40 puntu lortu zituen, eta bigarrenak 70,98. Baina atzoko foru aginduan ez zituzten bi lizentziak banatu. Medios de Comunicacion 21 SL-k puntu gehien lortu zituen proiektua izan arren, ez duelako egiaztatu NafarroakoOgasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela.

Hori dela eta, oraingoz, FMko 106.6ko lizentzia banatu gabe utziko dute. Era berean, gaur egun, horretarako baimenik ez badu ere, Nafarroako Unibertsitateak emititzen du 98.3 frekuentzian, epaitegiek atzera botatako adjudikazioetan eurei egokitu zietelako frekuentzia hori.

Iruñerriko euskaldunen irratiak lizentzia lortu du ofizialki. Duela 31 urte eskatu zuen lehenengoz, eta 1997tik darama epaitegietan borrokan. Udaberrian hasiko dira legearen barruan emititzen, baina zailtasunak ez dira bukatuko. Irratia egunero martxan jartzeko jende askoren lan boluntarioa beharrezkoa dutelako. Halere, zama handia kenduta abiatuko dute bide berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.