Europarlamentariak Euskalerria irratiari buruzko galdera sinatzera deitu ditu Aleksei Kozhemiakov Europako Kontseiluko Bazterketaren Aurkako eta Gutxiengo Nazionalen Aldeko Saileko buruak —Hizkuntz Gutxituen Gutunaren idazkaritzako burua ere bada—. Iruñerriko euskarazko irratiko ordezkaritza batek Europako Parlamentuko Gutxiengo Tradizional, Komunitate Nazional eta Hizkuntzetarako Taldearen lan saio batean parte hartu zuen atzo, EAJko eurodiputatu Izaskun Bilbaok hala eskatuta. Eta Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendariaren agerraldiaren ostean egin zuen deia Kozhemiakovek. Astebete barru jakingo da zenbat europarlamentarik sinatuko duten galdera.
PPko eurodiputatu nafar Pablo Zalba ere Bujandaren azalpenak entzuten izan zen. Zalbak esan zuen Nafarroako Gobernuaren azken lizentzia banaketak euskararen erabilpena sustatu duela: «Euskalerria irratia bosgarren geratu da, beste erkidego bateko irrati publiko baten seinalea zabaldu nahi izateagatik». Lantaldeko presidente François Alfonsi korsikarrak (ALE Berdeen Aliantza) Zalbari erantzun zion Nafarroako Gobernuaren euskarazko hedabideekiko jarrera «guztiz hipokrita» dela.
Bujandak irratiaren ibilbidearen eta Nafarroako Gobernuaren erabakien berri eman zien taldeko kideei, azkeneko lizentzia banaketan gertatutakoa azaltzearekin batera. «Beste behin ere, lehiaketan lehenak ginen, irregulartasunak egin dituzten arte». Europako irizpideak eta zuzentarauak urratzen ari direla salatu zuen Euskalerria irratiko zuzendariak. «Nafarroako Gobernuak gure irratia babesik gabe uzten du, ikaragarri zamatzen du».
Azkeneko irrati lizentzien banaketan, Euskalerria irratia hobekien puntuaturiko irratia zen, epaimahaikideek haren kanpo programazioa ez puntuatzea erabaki zuten arte. Epaimahaikideen arabera, programazio propioa emititzen ez duenean ezin du Euskalerria irratiak Euskadi Irratiarena zabaldu, «beste erkidego bateko irrati publikoa» delako. Baina, Europako legediaren arabera, hizkuntza gutxituetan aritzen diren komunikabideek beren hizkuntzaren lurralde osora zabaltzeko eskubidea dute.
Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak honako hau gogorarazi zuen Europako Parlamentuko lan saioan: «Epaileek behin baino gehiagotan ebatzi dute Euskalerria irratiarekin irregulartasunak egin direla. Gainera, Europako Kontseiluak ere eskatu dio Nafarroako Gobernuari konpon dezala irratiaren egoera».
Saioaren amaieran, Andrula Vassilu Europako Hezkuntza, Kultura eta Eleaniztasun komisarioari Euskalerria irratiaren egoeraz galdetzea erabaki zuten irratiko kideek, Nafarroako Gobernuaren jarrerak hainbat zuzentarau «urratzen» dituela iritzita.
Helegitea Estrasburgon
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira ere jo du Euskalerria irratiak, helegite baten bitartez. Horretan, salatu du Nafarroako Gobernuak Europako legedia urratu egiten duela emititzeko baimena ukatuz, «adierazpen askatasunaren kontra» eginez.
Europako Kontseiluaren adituen taldeak Hizkuntza Gutxituen Gutunari buruzko hiru txostenetan aipatu du Euskalerria irratiaren afera. Azkenekoan, honako eskaera hau egin zion Nafarroako Gobernuari: «Berriz azter dezala Euskalerria irratia ez legeztatzeko erabakia».
Euskalerria irratiaren alde egiteko eskatu dute Europako Parlamentuan
EAJk eskatuta, irratiko ordezkariek Gutxiengo eta Hizkuntza taldearen lan saio batean parte hartu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu