Euskalerria irratia: «UPN aitzakiak jartzen ari da»

Mikel Bujanda zuzendaria ez da ados agertu gobernuarekin, eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia betetzea «erraza» dela dioIrratiko langileek nabarmendu dute kolaboratzaileen eta entzuleen babesa dutela

Pello Argiñarena, estudioan, gonbidatu batekin; eta Igor Eskudero kontrolean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
«UPN aitzakiak jartzen ari da». Hori uste du Euskalerria irratiak, gobernuak egindako azken adierazpenei buruz. «Luzea izan daiteke Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia betetzeko bidea, baina ez, ordea, zaila; alderantziz, erraza da, eta zehatza». Euskalerria irratiko zuzendari Mikel Bujandak erran ditu hitzok, Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari eta bozeramaileak, herenegun, Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiaren harira. 1998ko lizentzien banaketaren bigarren fasea bertan behera utzi duen epaiaz aritu zen kontseilaria.

Bigarren fase hori errepikatzeko agindu dute epaileek. Agindu hori betetzeko «zailtasunak» nabarmendu zituen Sanchez de Muniainek, herenegun, parlamentuan: legea «errotik» aldatu delako, eta 1998. urteko lehiaketan parte hartu zuten enpresen «bideragarritasuna egiaztatu» beharko dutelako, bertzeak bertze. Aurretik, gobernuak Auzitegi Gorenaren sententzia irmoa dela dioen jakinarazpena jaso behar duela erantsi zuen kontseilariak, eta jakinarazpen hori jasota, 1998ko lizentzien banaketa baliogabetuko duen foru agindua onartu beharko dutela.

Sanchez de Muniainen hitzen atzean, «erabakia gerorako uzteko tentazioa» bertzerik ez du ikusten Mikel Bujandak. «Lehiaketaren oinarriak ordukoak dira, 1998koak, eta behin erabakita irabazleak, kontzesio, emakida eta lizentzia homologatzea besterik ez dago. Egin nahi izatea da kontua, borondatea», azaldu zuen atzo, Irrintzi dorreko bere bulegoan.

Epaileek lehiaketaren lehen fasea ontzat jo dutela gogoratu zuen Bujandak, eta horretan Euskalerria irratia dela sailkapenaren buru. Prozesua burutzea bertzerik ez da falta, eta horixe egitea da epaileek, hirugarrenez, Nafarroako Gobernuari agindu diotena.

Baimenak baldintzatuta

Nafarroako Gobernuaren hurrengo urratsen zain dira irratian. Eta urrats horien berri jasotzeko eskaera egin diote, gainera, administrazioari. Erantzunak jaso bitartean, eguneroko lanarekin aurrera jarraitzen dute Euskalerria irratiko kideek. Ordenagailuaren aurrean, Sanchez de Muniain kontseilariaren hitzen inguruko bere gogoeta idazten eman zuen Bujandak denbora tarte bat, atzo. Gobernuari erantzuten, alegia. 1998. urtetik, hain zuzen ere, behin eta berriz errepikatu den zerbait bilakatu da gobernuari erantzun behar hori Euskalerria irratiko kideentzat: eguneroko lanak tarte batez bazter utzi, eta Nafarroako Gobernuak jarritako trabei aurre egiteko moduak bilatzera eta zehaztera bideratu behar izan dituzte haien indarrak. Lizentzia lortzeko prozesua, neurri batean, behintzat, zama bilakatu da haientzat guztientzat.

1998. urtetik, epaileek hirutan erran dute Nafarroako Gobernuak gaizki jokatu duela Iruñerriko irrati lizentziak banatzerakoan. Irregulartasunak egin dituela. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak erran zuen hori, lehendabizi, bitan; azkenekoz Espainiako Auzitegi Gorena mintzatu da Iruñerriko irrati lizentzien auziaz.

Hala ere, gobernuak oraindik ez du hutsak zuzentzeko urratsik egin. Hartara, hamabost urtez, lizentziarik ez edukitzearen ondorioak jasan behar izan ditu Euskalerria irratiak. «1988. urtean hasi ginen probak egiten, eta 2014. urtean, probak egiten jarraitzen dugu, lizentziarik gabe, oraindik ere», azaldu zuen Mikel Bujanda zuzendariak.

«Baimenik ez izateak eragin digu; gobernuak jarri dizkigun oztopoek, hala ere, herritarren gure aldeko erantzuna piztea ere lortu dute». Juan Kruz Lakasta esatari eta irratiko koordinatzailearenak dira hitzak. 1999. urtean ailegatu zen Lakasta Euskalerria irratira, Euskaldunon Egunkaria-tik, eta han jarraitzen du, lan hori prentsa idatzian eta telebistan egiten dituen kolaborazioekin uztartuz.

Geroa Baiko Manu Aierdi eta Ezkerrako Joseba Ezeolazarekin bat egin zuen Lakastak, atzo, irratiko estudioan, goizeko bere saioko tertulian. Saioa amaitu ostean, eta mikrofonoa itzalita, irratia martxan jarri zenetik herritarren babesak ehundu duen «sarea» nabarmendu zuen esatariak Euskalerria irratiak lortutakoen artean.

Euskalerria irratiaren oraingo 26. denboraldian, 11 pertsonak osatzen dute lan taldea; haiekin aritzen dira 200 kolaboratzaile inguru, eta 1.000 bazkide ditu irratiaren atzean dagoen elkarteak, gainera. Iruñerriko euskaltzaleen artean, berriz, milaka eta milaka entzulek ematen diote babesa, egunero, eskualdeko euskarazko irrati bakarrari. «Euskaltzaleentzat topagune eta plaza bilakatu gara, eta hori ez da gutxi», erran zuen Lakastak.

Goizeko magazinean Pello Argiñarenarekin aritzen da Lakasta. Argiñarena ere irratiko aspaldiko kidea da. «1995. urtean hasi nintzen; Mikel Bujandari hainbat proposamen egin nizkion, eta horrela hasi nintzen, astean bitan, saioak egiten», gogoratu zuen atzo. Ordenagailuaren aurrean egiten ari zen lana bazter utzi, eta 1995. urtetik irratiak bizi izan duen bilakaera ekarri zuen gogora. «Gauzak asko aldatu dira ni hasi nintzenetik».

Irratiak bere inguruan osatu duen sarea nabarmendu zuen Argiñarenak, Lakastak bezala. Garaian garaiko baliabideak baliatu, eta eskura izan duenari ahalik eta etekinik handiena ateratzea izan du Euskalerria irratiak beti helburu. Eta lortu duela uste du Argiñarenak, eta sumatu dela hori irratiko kideek egunero egiten duten lanaren emaitzan.

«Garai bateko zinta magnetofonikoen tokia hartu dute egungo gailu digitalek», erran zuen, atzo, esatariak. Dena, hala ere, ez da aldatu. Horixe nabarmendu zuen Argiñarenak: «Erritmoa hasierako bera da». Eta Irrintzi dorretik egiten duten lanaren muina, ere bai: «Pertsona eta mikrofonoa. Hori ez da aldatu».

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere ez da gehiegi aldatu Euskalerria Irratia martxan denetik. Horixe erantsi zuen Argiñarenak. Administraziotik lizentzia lortzeko jarri dizkieten oztopoek irratiko kide guztiengan izan dute eraginik, haren hitzetan. «Auzi hori beti egon da hor, eta ez digu utzi gure eguneroko lanean erabat murgiltzen. Bat-batekotasunaren ondorioak jasan ditugu, neurri batean».

Argiñarena Euskalerria irratian hasi zenean, Olivetti idazmakinak baziren Irrintzi dorreko egoitzako mahaien gainean. Irratiko irudi hori ez da Oihane Arangoak ezagutu duena. 2006. urtean hasi zen Euskalerria irratian. Reyes Ilintxeta esataria ordezkatzen aritu zen, lehendabizi, arratsaldeko saioan; urtebetez aritu zen zeregin horretan, eta gero albistegietara egin zuen jauzia. Eguneroko berriak biltzen eta zabaltzen aritzen da, gaur egun ere.

«Esan Erran irratitik etorri nintzen Iruñera; aldaketa handia izan zen». Hasieran izan zituen zalantzak gogoratu zituen esatariak atzo, baina hartutako erabakiarekin kontent dela argi utzi zuen izandako solasaldian. «Zailtasunak ditugu, eta ditugun bitartekoak ere direnak dira; hala ere, uste dut lortu dugula Iruñerriko euskal komunitateari hurbileko zerbitzu bat ematea; beste hainbat mediotan tokirik ez duten eragileei ere toki bat egiten saiatzen gara», azaldu zuen Arangoak.

Mikrofonoaz bertzaldean

Mikrofonoa da Euskalerria irratian aritzen diren langileen arteko muga ezartzen duena. Haren aurrean aritzen dira haietako hainbat; eta mikrofonoetatik urrun, berriz, bertze zenbait. Irratiko kudeatzaile Sarah Ripodasek eta publizitate arduradun Oscar Brakok ez dute mikrofonoa lanerako tresna. Esatarien lanarekin alderatuta, «oso bestelakoa» da haiena. «Antolatzeko modua ere erabat ezberdina da», azaldu zuen Brakok, atzo, Ripodasekin partekatzen duen bulegoan. Erredakzio gelatik eta estudioetatik urrun da haien bulegoa, atearen bertze aldean. Eskertzen dute bertze espazio bat betetzea, kazetarien erritmo azkarretik urrun.

Brakok 16 urte egin ditu Euskalerria irratian jada. Beti publizitatearen arloa lantzen. «Hutsetik hasi ginen, eta orain denboraldi osoko bezeroak baditugu. Horrek asko laguntzen du. Bermea ematen du, oinarria».

Administrazioaren arloa da Sarah Ripodasena. 2005. urtean ailegatu zen Euskalerria irratira. Bere esparruan ere sumatu ditu lizentziarik ez izatearen ondorioak. «Lan gehiago egin behar dugu; abokatuak ari dira, batez ere, epaitegietako lana egiten, baina gu ere bai. Auzi serioa da, eta epe luzerakoa. Eta lan horri bideratu behar dizkiogu gure indarrak», onartu du irratiko kudeatzaileak.

Lizentziarik ez izateak, gainera, «ziurgabetasuna» eragiten die Euskalerria irratiko kideei. Horixe nabarmendu zuen atzo Ripodasek. «Gure lana egiten dugu, baina baimenik gabe». Publizitatearen arloan, karrikan bezeroekin bilerak egiten dituenean irratia ordezkatzen duela azaldu zuen Brakok, eta lizentziarik ez izateak ere eragiten diola argitu zuen atzo: «Bezeroek ezagutzen dute irratia, eta askotan aipatzen didate gaia». Babesa agertzeko izaten da. «Egoera ez da, noski, egokiena. Ezinegona sortzen digu denoi, bai eta amorrua ere».

Tarteka, bai eta poza ere. Horixe erran zuen Brakok atzo. Espainiako Auzitegi Gorenaren azken sententziaren berri izan zutenean, adibidez, poza izan zen irratiko kideen sentimendu nagusia. Juan Kruz Lakastak nabarmendu zuen epai horri duen garrantzia eman behar zaiola: «Ez da behin betiko garaipena, baina garaipen handia da, eta nabarmentzeko modukoa».

Gorenaren sententziak egin beharreko urratsak ongi zehazten dituela argi dute Euskalerria irratiko kide guztiek: «Epaia oso argia da, eta zirrikitu gutxi uzten du ez betetzeko, legeari so eginez gero, behintzat», azaldu zuen Lakastak. Erantsi zuen, hala ere, legea behin baino gehiagotan bazter utzi duela Nafarroako Gobernuak, irrati lizentzien banaketari dagokionean. UPNko agintariekin ez dira fidatzen Euskalerria irratiko kideak.

Gobernuaren irregulartasunek ondorio nabarmen bat izan dute: «Ukazio luze baten istorioa da hau», erran zuen Mikel Bujandak atzo, irrati baimenen auziari buruz. Eta egindako hutsak, behingoz, konpontzeko garaia dela gaineratu zuen. «Guk baimena lortzea izanen litzateke gure eskubideak aitortzea. Hori, oraindik ere, ez dugu lortu. Eta aitorpen hori behar dugu, gure hurrengo erronkei beste modu batean eusteko», azaldu zuen Euskalerria irratiko zuzendariak.

Lakastak estudioan hutsik utzitako tokia Pello Argiñarenak hartu zuen atzo goizean, mikrofonoaren aurrean. Kontrol gelan Igor Eskudero izan zuen lagun. Ikastolan zenean ezagutu zuen Eskuderok irratia, haurrentzako lehiaketan parte hartu baitzuen. Irratiko kide da orain, mahaiaren bertze aldean. Argiñarenak aipatutako zinta magnetofonikoak jartzeko gailuari egin zien so atzo, irratian egindako lehen urratsak gogoratu zituen bitartean. «Apiriletik ari naiz orain; eta aurretik, urtebete eta erdiz ere aritu nintzen».

Zintarik ez da Eskuderoren eguneroko zereginetan. Euskalerria irratiko kontrol gelan ere gailu digitalen garaia hasi zen, aspaldi. «Programa aldatu berri dugu», azaldu du irratiko kideak. Eguneroko lanak ez baitu etenik Irrintzi dorrean. Lizentziarik gabe, baina herritarren eta entzuleen baimenarekin ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.