Euskaraz ondo dakitenak eta hain trebeak ez direnak elkartzea, euskaraz hitz egiteko. Aldi berean hainbeste eta hain gutxi da Mintzalagun programa. Horrela, urteak daramatza milaka pertsonari euskalduntzeko bidean laguntzen. Doakoa da bertan parte hartzea, eta boluntarioa. Irailean zabalduko dute taldeetan izena emateko aukera.
Izaro Apraiz Euskaltzaleen Topaguneko Mintzalagun egitasmoko komunikazio arduradunak azaldu ditu egitasmoaren nondik norakoak. «Euskaraz trebatu nahi duten pertsonentzako programa bat da, erabileran zentratzen dena. Lau edo bost laguneko talde txikietan elkartzen ditu bidelagun bat —euskaraz trebea dena— eta bidelariak —euskara praktikatu eta hobetu nahi dutenak—». Parte hartzeko arrazoi asko daudela dio: azterketak prestatzea; «besterik gabe» euskara maila hobetzeko gogoa edukitzea; edo harremanak euskaraz sortu nahi izatea, «ez daukatelako horretarako aukerarik». Mintzapraktika taldeak zenbait eragilek bideratzen dituzte: «Topagunearen parte diren elkarteek antolatzen eta dinamizatzen dituzte, baita AEK-k, Jalgi hadi mundura-k eta Mintzanet-ek ere». Eta 8.000 bat lagunek parte hartzen dute. Euskal Herri osokoek: «Herri pila batean dago horretarako aukera; gaur egun, mintzapraktika egiteko aukera Euskal Herri osoan dago zabalik».
Ikusi gehiago
Ikusi gehiago
30 urte baino gehiago ditu egitasmoak, eta, denboraren poderioz, egon da berrikuntzarik. Badago «formatu klasiko» bat: «Mintzapraktika, hasieran, beti irudikatu izan da kafetegi batean edo horrelako ingurune batean jendea elkartzea eta ordubetean edo ordu eta erdian euskara praktikatzea». Baina, hainbat herritan egon diren ekinaldiekin, pixkana talde berezitu «pila bat» sortu dira: «Zaletasun baten inguruan elkartzen da, adibidez, jendea: mendia, kakorratza, bizikleta, mahai jolasak... Zaletasun hori aprobetxatzen dute euskaraz mintzatzeko eta euskara praktikatzeko». Horrela, ez dute bat edo bestea aukeratu beharrik: «Aisialdia antolatzeko orduan, pertsona askok eduki dezakete zalantza bat: ‘Euskara praktikatuko nuke, baina ez dut utzi nahi alde batera yoga, mendira joatea...’ Honek aukera ematen du bi gauza horiek uztartzeko».
«[Mintzalagunek] Euskararen biziberritzean ekarpen handia egiten du»
IZARO APRAIZEuskaltzaleen Topaguneko Mintzapraktika egitasmoko komunikazio arduraduna
Egitasmoak, halaber, hainbat aldaera ditu. Horietako bat da Gurasolaguna, Apraizek bereziki aipatu duena. Izan ere, baliagarria iruditzen zaio hizkuntzaren transmisioan eragiteko. Seme-alaba txikiak dituzten gurasoentzako jarduera da: «Haurrekin egoten diren helduak dira, eta talde horiek, normalean, parkeetan elkartzen dira, edo haurrak inguruan dabiltzan lekuetan». Gurasoak mintzalagun taldean dauden bitartean, umeen zaintza bermatuta egoten da, eta umeen eta gurasoen arteko ekintzak ere antolatzen dituzte.
Jariotasuna xede
Aldaera bat edo bestea izan, guztiek xede berberak dituztela nabarmendu du Apraizek: «Egitasmo honek helburu pila bat betetzen ditu». Alde batetik, Mintzalagun baleko ekimena iruditzen zaio euskaraz trebatzeko eta beldurrak uxatzeko: «Erabileran ekarpen handia egiten du, zeren badago jende asko euskaraz eremu publikoan aritzeko segurtasunik ez daukana, konplexu puntu bat daukana; horrelako talde txikietan eta testuinguru horretan aurkitzen dute segurtasuna, eta beldurrik gabe praktikatu dezakete hizkuntza, beren maila hobetuz». Beste aldetik, sare bat ehuntzeko ere balio du proiektuak: «Balio du harremanak euskaraz sortzeko eta harreman sare hori euskaraz mantentzeko ere». Finean, euskaldunak sortzeko eta euskara hauspotzeko: «Euskararen biziberritzean ekarpen handia egiten du».