Bi elkarretaratze egiteko deia zabaldu du Euskalgintzaren Kontseiluak heldu den ostiral honetarako. Bilbon izango da bat, foru jauregiaren parean. Hilaren hasieran jakin zen Bizkaiko Foru Aldundiak asmoa duela etorkizuneko lan deialdietan hizkuntza eskakizunak apaltzeko; jakin denez, hizkuntza eskakizunen kontra ebatzi diren sententziek ekarri duten segurtasun faltari erantzute aldera hartuko du neurria foru erakundeak. Euskalgintzaren Kontseiluak hori ez egiteko eskatuko dio, ordea; ELArekin eta LABekin batera egingo du horretarako protesta. 12:00etan izango da kontzentrazioa. Administrazioaren euskalduntzean, atzerapausorik ez! izango da leloa.
Kontseiluaren beste protesta Donostian izango da, bi sindikatu abertzaleekin batera antolatuta hori ere, Gipuzkoako Diputazioaren aurrean. Kontseiluak gogora ekarri du lehengo astean bi epairen berri izan zela, administrazio publikoan euskararen normalizazioan «atzera egitea» helburu dutenak: bat ehundik gora administrari teknikari lanpostu egonkortzeko Gipuzkoako Diputazioak abiarazia zuen lan deialdiaren kontrakoa izan zen, eta bestea idazkari eta kontu hartzaile izateko Jaurlaritzaren lan poltsa batean ezarritako irizpideen aurkakoa. Bi ebazpenen kontra egite aldera, kalera irtetera deitu du Kontseiluak. 12:00etan izango da protesta hau ere. Administrazioaren euskalduntzean, atzerapausorik ez! izango da protesta horretan ere leloa, eta antzeko epaiak salatzeko aurrez erabili izan dutena ere berrituko dute: Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat.
LAB sindikatuak martxoaren hasieran jakinarazi zuenez, negoziazio mahaia izan zuten otsailaren 20an, eta han adierazi zieten Bizkaiko Diputazioko buruzagiek asmoa: «Proposatu dute lan eskaintza publikoetan eskaintzen diren lekuen erdiei bakarrik ezartzea derrigortasun data». Horren kontrako jarrera berehala azaldu zuen sindikatuak. Kontseiluak ere bai: «Orain arte, botere judizialak egin du administrazio publikoak euskararen alde bultzatutako neurrien aurka. Oraingo honetan, baina, administrazioak berak hartu du atzera egiteko erabakia. Bereziki larria da hori». Berriro ozenduko dute mezu hori ostiraleko protestan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza eskakizunen harira jaso duen azken sententzia 2023ko abenduan argitaratu zen deialdi baten kontrakoa da. Norbanako batek abiarazi zuen kontrako auzibidea, hizkuntza eskubideak egokiak ez zirela argudiatuta. Deialdian jasota dauden lanpostu ugarien ondorioz, jende askorengan izan du eragina sententzia horrek; izan ere, ehun administrari teknikari baino gehiago egonkortzeko prozesua da.
Joan den astean eman zuten beste ebazpen judizial baten berri, zeinetan idazkarien eta kontu hartzaileen Jaurlaritzaren lan poltsa bateko prozesuaren baliogabetzea berretsi duten, 3. eta 4. hizkuntza eskakizunen «beharra», epaiaren arabera, ez dagoelako justifikatuta. Idazkarien eta kontu hartzaileen Bizkaiko Elkargoak helegitea aurkeztu zuen: hori izan zen auzibidearen abiaburua. Ondoren, Gasteizko epaitegi batek arrazoia eman zion. Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztu zuen, baina Espainiako Auzitegi Gorenak prozesuaren baliogabetzea berretsi du orain.