Memoria historikoa. Asturiasko frontean hildako gudariak

Euskaldunen Zelaiko itzalak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fronteak geldirik zeudela, ehunka gudari Asturiasera (Espainia) joan ziren, Errepublikako armadak eskatuta, Oviedo frankisten eskuetatik berreskuratzen laguntzeko.

Kandido Saseta, erdian, betaurrekoekin. EAE-ANVko eta EAJko batailoietako kideekin dago argazkian, Trubian, Asturiasen. BERRIA.
Jon Rejado.
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Asturiasen (Espainia), Oviedotik kilometro gutxira, dozenaka gudariren gorpuzkiak daude. Zer bataila gertatu zen bertan? Zer helburu zuen? Eta zer egiten zuten han gudari haiek? Nahita joan ziren bertara? Edo aginduta egin zuten borroka? Gaur egunera heldutako lekukotzek galdera horietako batzuen erantzuna jaso dute. Beste hainbat, ordea, nekez argituko dira. Pradon de los Vascos (Euskaldunen Zelaia) izenez ezagutzen den zelaian lurperatuta geratuko dira, Areces herritik gertu.

1937. urteko otsailean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fronteak geldirik zeuden. Egoera horretan, Asturiastik laguntza oihu bat jaso zuten. Francisco Llano de la Encomienda Espainiako Errepublikako iparraldeko gudarosteko buruak euskal armadaren parte hartzea galdegin zuen Asturias eta Galizia arteko bidea ixten laguntzeko, Josu Chueca historialariak emandako azalpenen arabera.

Asturias gehiena Fronte Popularraren kontrolpean zegoen, Oviedo izan ezik. Frankistek Oviedo kontrolatzen zuten, eta kontrol hori Galiziarekin zuten loturari esker mantentzen zuten, neurri handi batean. Chuecak «bizirik irauteko zilbor hestetzat» jo zuen Oviedo eta Galizia arteko pasalekua. Elikagaiez eta armez gain, Afrikatik heldutako legionarioak eta erregular multzo handi bat heldu zen bertatik.

Llano de la Encomiendaren eskariak eztabaida sutsuak piztu zituen orduko Eusko Jaurlaritzan. Batzuen ustez, galdutako euskal eremuak berreskuratzea zen lehentasuna. Ordea, azkenean euskal armadako batailoi batzuk bidali zituzten, Jose Antonio Agirre lehendakariak horren alde sutsuki egin ostean. Historialari batzuen esanetan, baldintza bat jarri zuen Agirrek: Asturiasera joango ziren gudariek beren borondatez joan behar zuten. Ildo horretan, Eduardo Renobales historialariak gogora ekarri izan du Kandido Saseta Euzko Gudarosteko buruak Agirre lehendakariari esan zion esaldi bat: «Zure aginduetara naukazu; agindu nora, eta hara joango naiz». Ordea, Renobalesen arabera, boluntario horiek zenbaiten «apetaz» aukeratuak izan ziren. Hau da, batailoiak Asturiasera behartuta joan zirela uste du.

Ibaiak baldintzatuta

Ricardo Alvarez Errepublikako armadako tenienteak Asturiasko frontean gertatutakoa gogorarazi zuen BERRIAn, duela bost urte. 1937.eko otsailaren 23an Oviedoren kontrako erasoari ekin zioten. Euzko Indarra, Amaiur eta Prieto batailoiek osatzen zuten Saseta brigada, eta Galizia eta Oviedo arteko errepidea ixteko agindua zuten. Bestalde, Pando mendia eskuratu behar zuen Perezagua, Isaac Puente eta Rusia batailoiek osatutako brigadak.

Aginte postutik bizi izan zuen Alvarezek erasoa, artilleriaren sua bideratzeko telefono lotura bermatzen. Bertatik ikusi zuen nola Nalon ibaiaren beste aldea bonbardatzen hasi ziren, eremua prestatzeko hiru batailoien lana errazteko. Ordea, ibaiak ez zuen zubirik. Batailoiek gabarrak eta sirgak erabili behar izan zituzten aurrera egiteko, eta horrek erabat baldintzatu zuen erasoa.

Bonbardaketaren ostean, Euzko Indarrak ezkerretik zeharkatu zuen ibaia. Amaiurrek, erditik. Arazorik gabe erdietsi zuten helburua biek. Ez, ordea, Prieto batailoiak. Ibaiaren eskuinaldea zeharkatzeko lanak izan zituen. Alvarezek gogorarazi zuen nola Prieto batailoiari zubia bitan erori zitzaion. Bitan. Atzeratu egin ziren, eta atzerapen horren ondorioz ez zuten beste bi batailoiek osaturiko lerroa itxi. Frankisten mugimenduak erraztu zituen atzerapen horrek. «Prietok utzitako tartea baliatu zuten, eta gure indarren gibelean hasi ziren kokatzen, zepoa itxiz».

Kandido Saseta komandanteak mugimenduak sumatu zituen, Alvarezen esanetan. Egoeraz ohartarazteko deiak egin zituen, baina ez zituzten Sasetaren oharrak aintzat hartu. Bere gizonak inguraturik zeudela ikusita, esku-granadak hartu eta gudu zelaira abiatu zen. Erokeriarik ez egitea galdegin zioten. Eztabaida gutxi izan ziren, ordea. Ezkerreko eskuan zuen granadari eraztuna kendu, eta paretik kentzeko agindu zien traban jarri zitzaizkionei.

«Nire tokitik ez nuen dena ikusten, baina uste dut etsaiak ezker hegaletik saihestu zituela, ustekabean han agertu baitzen, bere gudarien erdian». Komandantea ikustean gudariak bere inguruan pilatu ziren, Sasetak barreiatzeko eskatzen zien arren. Jendea pilatuta ikustean, kargudunen bat egongo zelakoan, soldadu frankistek bertara bildu zuten metrailadoreen sua.

Kandido Saseta komandantea izan zen lehenetakoa hiltzen. Alvarezen arabera, minutu gutxian 300 gudari inguruk galdu zuten bizia. Aginte postutik ezer egiteko aukerarik ez zegoela esan zen, hasieran; muniziorik ere ez zutela esan zuten. Gerora, munizioak egon bazeudela zurrumurrua zabaldu zen, baina ez ziotela euskal batailoiei eman nahi.

Kritika horien funtsa nekez argituko da. Ordea, bistakoa da dozenaka gorpu geratu zirela Areces inguruan, Kandido Sasetarena barne. Hiltzear zegoela, honela esan omen zion laguntzaileari: «Ez gaituk istilu makaletan sartu asturiarrei laguntzearren». Euzko Gudarosteko burua duela lau urte itzuli zen etxera, eta gainontzeko gudariek aurki egingo dute bidaia hori, Euskaldunen Zelaiari izena bakarrik utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.